Hauteskundeak. Gipuzkoa

«Lotu gabeko kontu batzuk» geratzen dira EAJ-PSE akordioa ixteko

Anduezak eta Egibarrek uko egin diote PPrekin gobernu akordio bat egiteko aukerari. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos elkarrekin batzartu dira, «gehiengo aurrerakoi bat» osatzeko asmoarekin

Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Kanpainan elkarri esanak azkar ahaztu dituzte jeltzaleek eta sozialistek, eta aste honetan itxi dezakete udaletako eta aldundietako akordioen gaineko negoziazioa, «lotu gabeko kontu batzuei» erantzun bat topatuz gero. Horiek hala, azken urteetako bideari segida emango diote, instituzioetan «egonkortasuna» bermatzea izanik akordioaren muina, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren zein EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren hitzetan. Hori bermatzeko, baina, beharrezkoak dira gehiengoak, eta Gipuzkoan PPren babesa eskuratzea dute horretarako aukera bakarra. Izan ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere hasi dituzte elkarrizketak, Gipuzkoako Foru Aldundirako nahiz udaletarako itunak ixtea helburu. Bi blokeek 24na batzarkide dituzte, popularrenak izanik beste hirurak.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, ia erantzun guztietan txertatu du Anduezak egonkortasun hitza. Bezperan Ortuzarrek ere bide beretik jo zuen bi alderdien arteko akordioak defendatzeko. Haren hitzetan,EAJk eta PSE-EEk bat egiten dute udal eta foru mailan dituzten «helburu eta erronka programatikoetan», eta, beraz, logikoena da horietan «egonkortasuna» eta «bermeak» bilatzea. Hau da, azken legealdietan instituzio gehienetan izandako harremanari eustea.

Igandeko emaitzen ostean, bi alderdiek zenbait udal gobernu galduko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste zenbait udalerritan, berriz, elkarlana zabaltzera behartuta daude, orain arteko statu quo-a mantendu nahi badute. Besteak beste, Lasarte-Orian eta Eibarren (Gipuzkoa) zinegotzi bana galdu dute sozialistek, eta ondorioz, EAJ gobernura batzeko aukera mahai gainean egon daiteke orain. Era berean, Jose Antonio Santano sozialistak formula aldatu dezake Irunen (Gipuzkoa): Elkarrekin Podemosekin batera zuen gehiengo osoa galduta, EAJrengana jo dezake gehiengo bila. Legazpin (Gipuzkoa), berriz, EH Bilduk aurrea hartu zion igandean EAJri, baina PSEren botoei esker udal gobernuari eutsi diezaioke.

Beste afera bat dira Gipuzkoa, Gasteiz eta Durango. Horietan, jeltzaleek PPren babesa behar dute EH Bilduri aurrea hartu eta gobernuak osatzeko, eta kasik ziurtzat jo dituzte horiek. Anduezak ez du «zalantzan» jartzen Maider Etxebarria sozialista izango dela Gasteizko alkate, eta Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak argi adierazi du Eider Mendoza ahaldungaia inbestidurara aurkeztuko dela. Izatez, Mendoza bera ere mugitu da PPren botoak eskuratzeko aukera defendatuz. «Ez da zilegi joko demokratikoaren arauen barruan hartzen diren erabakiak deslegitimatzea, gustatzen ez zaizkigulako soilik», erantzun die EH Bilduren kritikei.

Hala jokatzearen aldeko argudioak badituzte: PPko buruzagiek azken egunetan esanak. Carlos Iturgaiz EAEko popularren burua «trukean ezer eskatu gabe» EH Bildu baztertzeko prest agertu da; eta gauza bera berretsi du Espainiako PPren presidente Alberto Nuñez Feijook ere: «Nire alderdiaren botoak jartzen ditut konstituzionalismoaren zerbitzura Bilduri edozein gobernu aukera kentzeko».

Azken egunetan, baina, bestelako nahi batzuk ere plazaratu dituzte zenbait alderdikidek. Arabako PPko presidente Iñaki Oiartzabalek azaldu du ez lukeela zentzurik PSE-EEri eta EAJri Gasteizko alkatetza emateak ,eta Bastida eta Guardia (Araba) popularrentzat ez izateak. Mikel Lezama Gipuzkoako ahaldungaiak, berriz, adierazi du foru aldundian egotea gustatuko litzaiokeela, eta «arduragabekeriatzat» jo du aukera hori hasieratik baztertzea.

EAJ-PSE-EE gobernuetan PPri leku bat egitea, baina, ez dago jeltzaleen eta sozialisten asmoen artean. Anduezak adierazi du «baztertu» daitekeela aukera hori, argudiatuta eurak «adituak» direla erakundeak gehiengo osorik gabe ere gobernatzen. Halere, sozialisten buruak ez dio uko egiten «akordio puntualetara» iristeari.

«Hitz egiteko» prest agertu da Egibar ere, baina EAJk ez omen du «gobernu akordiorik» egingo PPrekin: «Ez da egon, ezta egongo ere, akordio politikorik PPrekin. Aukeratu beharko dute: boto aktiboa edo abstentzioa». Halere, Gipuzkoako jeltzaleen buruak uko egin dio Arabako Errioxari buruz hitz egiteari, afera Arabako buruzagitzari dagokiola esanez.

Akordio «aurrerakoia»

EAJ eta PSE-EEren arteko baturak 24 ematen badu, emaitza bera da EH Bilduren 22 batzarkideen eta Elkarrekin Podemoseko bien artekoa. Horiek lehen bilera bat egin dute, eta, Iriarteren esanetan, «gehiengo aurrerakoi bat» lortzeko helburua erakutsi dute biek ere. Hala, EH Bilduko kideak adierazi du bi aukera daudela. «Herritarren gehiengoaren borondateari erantzungo dion akordio zabal eta aurrerakoi bat osatzea» edo «gehiengoaren borondateari bizkar emango dion EAJ-PSE-PP hirukoa».

Balizko akordio batek ez lioke Gipuzkoako Foru Aldundia eskuratzeko lehiari soilik eragingo, igandetik Elkarrekin Podemosek baitu zenbait alkatetza erabakitzeko ahalmena. Besteak beste, koalizio hark EH Bildu babestuko balu ekainaren 17an, alkatetzatik kenduko lukete EAJ Arrasaten, Azkoitian (Gipuzkoa) eta Urdulizen (Bizkaia), eta PSE-EE Pasaian eta Andoainen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.