Beste lau urterako hautatu dute euskaltzainburu Andres Urrutia (Bilbo, 1954). 2004tik dago kargu horretan, Jean Haritxelar zenaren lekukoa hartuta. Osoko bilkura egin zuten atzo Euskaltzaindian, eta han berretsi zuten zuzendaritza taldea. Ez dago berritasunik. Hauexek izango ditu lagun Urrutiak: Xarles Bidegain (buruorde), Xabier Kintana (idazkari), Sagrario Aleman (diruzain), Adolfo Arejita (Iker sailburu) eta Jean Baptiste Coyos (Jagon sailburu).
Zer moduz joan da batzarra?
Normaltasun osoz. Lau urtean behin hauteskundeak egiten ditugu, eta emaitzak hor daude. Zuzendaritzakideok planteatu dugu hurrengo lau urteetarako proiektua ere badugula, eta nahiko genukeela jarraitu. Euskaltzainei eskatu diegu ea konfiantza ematen diguten, eta baietz esan digute.
Aurkako iritzirik jaso duzue?
Botoak? Normalean ez ditugu botazioen emaitzak jartzen, gehiengo zabala izan delako. Iritziak desberdinak dira; seguru asko, batzuek batera pentsatuko dute, eta besteek bestera. Baina gehiengo zabala lortu da jarraitu ahal izateko programa jakin batekin.
Aurreko lau urteetako balantzea ere egin duzue. Zer ondorio?
Gauza batzuetan aurrerakada nabarmenak eman dira, eta proiektu batzuk atera dira; oraindik batzuk falta dira gizarteratzeko, eta urtea bukatu baino lehen gizarteratuko dira. Orain dela lau urte jarri genuen filosofia horri eutsiz lortu dugu batez ere gizartearekiko harreman horiek gehitzea, gizarteak planteatzen dituen premiei erantzutea neurri batean. Jakina, horrelakoak beti etengabekoak izaten dira, gizartea etengabe aldatzen baita. Gu horri erantzun bat eman nahian gabiltza, eta horretan jarraituko dugu. Balantzea baikorra da; egon dira, guztietan egoten diren bezalaxe, argi-ilunak eta on-gaitzak, baina aurrera joateko modukoak gara.
Gizarteratzea izango da datozen urteetako lehentasunetako bat?
Dudarik gabe. Ez bakarrik hori. Kudeaketaren ikuspegitik, nahi dugu pauso esanguratsu batzuk ematea: bigarren plan estrategikoa jarriko dugu martxan, osoko bilkuraren adostasunarekin. Bestalde, ehungarren urtea ere hor dago, eta garrantzia eman beharko diogu. Ez da egunero gertatzen horrelako erakunde batek, kulturaren eta euskararen inguruko erakunde batek ehun urte betetzea. Jarraitutasunez, une latzak eta gozoak tartean izanda. Uste dugu mezu bat luzatu behar diogula gizarteari, batez ere esateko orain dela ehun urte Euskaltzaindia sortu zenean zein zen euskararen egoera eta zein den gaurko egoera, eta premia berriei nola egokitu behar duen Euskaltzaindiak bere burua.
2019an izango da mendeurrena. Zer asmo daukazue ordurako?
Pentsatzen hasiak gara, eta hori ere zehazten joango da. Hemendik hilabete batzuetara izango duzue gure berri.
Euskara biziberritzea ere aztergai duzue; jardunaldi batzuk antolatu zenituzten, eta lantalde bat osatu ere bai. Lan ildo horrekin jarraitzekotan zarete?
Jakina. Jagon Saila hasiera-hasieratik dago Euskaltzaindiaren barnean; beraz, hortik jarraitzeko asmoa daukagu. Betiere, ondo ulertuta: Euskaltzaindiak, protagonismoa baino, euskalgintzan ari direnekin batera jokatzea nahi du. Ez du bere burua isolaturik ikusten. Horretan sartzen dira bai agintaritza publikoak, bai eguneroko euskalgintzan ari direnak. Guk gogoa daukagu lan egiteko, eta guztiekin batera egin ahal izateko, euskararen aurrerakada eta euskal kulturaren presentzia areagotzeko eta ikusgarritasun gehiago lortzeko gizartearen barruan.
Desadostasunak agerian geratu dira euskaltzainen artean aurreko urteotan. Dimisioak ere izan ziren. Gaindituak daude?
Euskaltzaindia borondatezko eta atxikimendu askeko erakundea da; datorrenak badaki datorrenean bere lana ekarri beharko duela, ekarpena egin beharko duela. Batzuek nahiko dute horrelako ekarpena egin, eta besteek, bestelakoa. Beste batzuek, esaterako, ez dute nahi ekarpenik egin. Guk ezin dugu inor behartu eta derrigortu ekarpenak egitera; bakoitzak aukeratzen du berak nahi duena. Hala eta guztiz ere, ondo ulertuko duzunez, 28 euskaltzain oso eta emeritu gaude, eta iritzi ezberdinak izatea arrunt normala da. Iritziak desberdinak izan daitezke, baina erakundearen funtzionamendua batera izan behar da. Horretarako, demokrazian jokatzen duen neurrian, demokrazia horretan oinarritu behar da. Normaltasun osoz ari gara lanean.
2020ra arte hautatu zaituzte euskaltzainburu. 2004tik zara presidente. Zer asmo daukazu? Hau izango da azken agintaldia?
Oraingoz behintzat lau urteko konpromisoa daukat. Gero gerokoak. Hurrengo lau urteetarako konpromisoa badut, hala dauka zuzendaritzak, eta horri eusten saiatuko gara.
Andres Urrutia. Euskaltzainburua
«Lortu dugu gizartearekiko harremanak gehitzea»
Euskaltzaindiaren buru jarraitzeko aukeratu dute berriro ere Urrutia. Orain arteko bidean jarraitzeko asmoa azaldu du; gizarteratzean sakondu nahi du bereziki hurrengo urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu