Rufi Etxeberria eta Pello Urizar. Sortuko eta EAko kideak

«Lortu Arte itunak balioko zuen konbentzimendu osoa geneukan»

Gaur hamar urte izenpetu zuten ezker abertzaleak eta EAk akordioa: euskal estatua, bide politiko-demokratikoak, indar metaketa... Rufi Etxeberriak eta Pello Urizarrek sinatu zuten.

Rufi Etxeberria eta Pello Urizar, joan den astelehenean, Lazkaon (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Lazkao
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Azkar pasatu dituk hamar urte». Hala esan diote elkarri Pello Urizar (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) EAko idazkari nagusi ohiak —orain urtebete utzi zuen— eta Rufi Etxeberria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1959) Sortuko zuzendaritzako kideak. 2010eko ekainaren 20an izenpetu zuten EAk eta ezker abertzaleak Lortu Arte akordio estrategikoa, gaur hamar urte, eta Urizar eta Etxeberria izan ziren izenpetzaileak, Bilbon, Euskaldunako ekitaldian. Ituna egiteraino nola iritsi ziren eta egitasmoaren garapena gogoratzeko batu ditu BERRIAk, Lazkaon (Gipuzkoa).

[YouTube]https://youtu.be/0enRuC183f4[/YouTube]

ELKARRIZKETAK

PELLO URIZAR: EAko idazkari nagusi jartzean [2009-06-21], banekien egon zirela harremanak ezker abertzalearekin, diskrezio handikoak. Adibidez, Arnaldo Otegirekin egon zela Unai Ziarreta. EAk berme bat eskatzen zuen: bideak politikoa eta indarkeriarik gabekoa izan behar duela. Su-eten baterako aukerarik ba ote zegoen aipatzen zen, baina ez zegoen. 2008ko abenduan, gainera, Inaxio Uriarena gertatu zen.

RUFI ETXEBERRIA: Ni espetxetik atera [2009-09-07] nintzenerako ezker abertzaleak erabakia zuen barne eztabaida batean sartzea, eta gauzatu egin nahi zuen estrategia aldaketa. Horretarako txostenak landuak zeuden. Kartzelan nintzela jakin nuen ezker abertzaleak EArekin hautagaitza bateratua egiteko asmoa zeukala EAEko 2009ko hauteskundeetarako. Bide berri bat egin zuen ezker abertzaleak, eta aliantzak ate bat ireki zezala nahi genuen.

URIZAR: EA bakarrik aurkeztu zen legebiltzarrerako martxoko hauteskundeetara, eta ezker abertzaleak ez zuen aukerarik izan aurkezteko, legez kanporatzeagatik. 75etik bost legebiltzarkide independentista baino ez ziren geratu [EAko bat eta Aralarreko lau], espainolistak Ajuriaenera heldu ziren, eta, horrela, lehen aldiz Iruñean eta Gasteizen gobernu espainolistak zeuden. Egoera hari buelta eman behar zitzaion.

ETXEBERRIA: Modu ofizial batean, 2009ko urrian ekin genion estrategiaren barne eztabaidari guk. Arazoaren 14an Altsasuko Adierazpena aurkeztu genuen, eta urte haren bukaeran hasi ginen EArekin berriro hizketan.

URIZAR:Bateragune auziko operazioa esanguratsua izan zen, ondorioa izan zelako ezker abertzalean bazela sakontasun handiko mugimendu bat eta estatuak hori moztu egin nahi zuela. Guk etxe barruan hausnarketa hori azaldu genuen. Gero egiaztatu zuten soilik bide politikoen eta baketsuen apustua egiten zutela. Altsasuko Adierazpenetik astebetera aurkeztu genuen guk indar subiranisten arteko akordioaren proposamena, Miramarren [Donostia], baina ezker abertzaleak eta EAk hurrenkera hori ez geneukan programatua. Rufik esan duen bezala, handik aurrera hasi ginen berriro hizketan.

ETXEBERRIA: Guk garbi genuen, euskal estatua helburu izanda, ezkerreko subiranisten eta independentisten aliantza zabala behar zela alternatiba bat irekitzeko, eta elkarlan estrategikoa lantzen hastea eskaini genion EAri. Ezker abertzalea estrategia aldatzera zihoan, baina aldaketak ez ziren gure eremuan soilik izan behar.

URIZAR: Guk galdetzen genien ea bazegoen bermerik bidea politikoki eta demokratikoki egiteko, eta guri egiten ziguten galdera zen ea guretzat ere egitasmoa epe luzekoa izango zen. Baiezkotan ginen bi parteok. 2010eko martxoan ETAk Frantziako polizia bat hil zuen, eta horrek lurrikara bat sortu zuen EAn: Nazio Batzar batean ezker abertzalearekiko elkarrizketak uzteko eskaerak izan genituen, baina gehiengoak argi ikusi zuen merezi zuela saiatzea.

ETXEBERRIA:Zutik Euskal Herria ebazpenak [2010eko otsailaren 16a] barne eztabaida itxi zuen, eta gorputza eman zion estrategia aldaketari. Nik uste dut EArentzat berme bat izan zela hori.

URIZAR: Arrazoi. Eragile batzuk saiatu ziren EA ez zedin aliatu ezker abertzalearekin. Behin, uste dut 2010eko otsailean zela, Rodolfo Aresek deitu ninduen, Jaurlaritzako orduko Herrizaingo sailburuak, eta bazkaltzera gonbidatu. Gasteizen bazkaldu genuen, Lakua hotelean, eta haren asmo bakarra zen ni konbentzitzea ezker abertzaleko zuzendaritzak ez zuela asmorik estrategia aldatzeko eta tranpa batean eroriko ginela. Handik aste batzuetara, Lehendakaritzako ekitaldi batean Ares gauza berarekin zebilen, orduan Carlos Garaikoetxea harrapatuta. Haiek ikusten zuten, ondo ikusi ere, aldaketa zetorrela, eta ez zitzaien interesatzen. Bai, pasa zitekeen zerbait, baina zerbait pasatuz gero konpromiso politikoa eskatzen genion ezker abertzaleari, eta bagenuen berme hori.

AKORDIOA

ETXEBERRIA: Hasieran, hiru astean behin-edo biltzen ginen.

URIZAR: Gero, sarriago. Telefonoz ere hitz egiten genuen, baina, maiz, modu kriptikoan, ezker abertzalea legez kanpo baitzen.

ETXEBERRIA: Bizkaian landu eta egin genuen Lortu Arte akordioa.

URIZAR: Bai, herri batean. Hango etxe batean elkartzen ginen gehienetan. EAkook auto batean joaten ginen, lau lagun. Ezker abertzalekoek neurri gehiago hartzen zituzten, poliziak atzetik izaten zituztelako. Behin, hara bidean, ezker abertzaleko kide bat autobus geltoki batean ikusi genuen, itxaroten, eta autoa atzeraka bota genuen, baina orduantxe Ertzaintzaren auto bat azaldu zen eta guk berehala alde egin genuen. Geltokian zegoen kide hark gero esan zigun estutasuna pasatu zuela mugimendu haiekin; ez zekien gu ginela auto batekoak.

ETXEBERRIA: Akordioa, zertarako? Hori zen gakoa. Helburuek eta izaera estrategikoak asetu egin zuten ezker abertzalea. Erraz osatu genuen dokumentua.

URIZAR: Txostena lantzen hastean ohartu nintzen idatziak egiteko modua ere desberdina geneukala. Diferentea ez zen bakoitzaren ibilbidea bakarrik. EAJrekin txostenak lantzea errazagoa egiten zitzaigun idazkera eta termino aldetik; idatzien egitura osoa zitzaigun samurragoa EAJrekin.

ETXEBERRIA: Guk gure aldetik asko limatu behar izan genuen, bi hizkuntza desberdin genituelako. Hamasei orrialde ditu txostenak, eta gure asmoa laburragoa izatea zen. Hauengatik luzatu zen. Atarikoa sartu nahi zuten, nahitaez.

URIZAR: Bakoitzak zer ibilbide izan zuen jarri nahi genuen. Baina, azken batean, indarkeriarena argitzeaz gain, klabe berean hitz egitea zen garrantzitsuena. Tempusa ere ondo kontrolatu genuen. 2011ko maiatzean ziren udal eta foru hauteskundeak, kontuan geneukan data hori, eta erabaki genuen ia urtebete lehenago aurkeztea Lortu Arte.

ETXEBERRIA: Hori aurkezterako, EAk eta ezker abertzaleak hurrengo pausoak zehaztuak genituen, eta interesatzen zitzaigun akordioaren berri ematea. Egun garrantzitsua izan zen. Etorkizunera begira balioko zuen konbentzimendu osoa geneukan.

URIZAR: Euskal Herriak behar zuen aldaketarako oinarriak zeuden. Ilusio handia sortu zuen bat egiteak. Nabari zen kalean. Niri Lortu Artek Sabin Intxaurraga zena ekartzen dit gogora. Urteetan jardun zuen ezkertiar abertzaleen batasunaren alde, eta akordio horren alde egin zuen EA barruan ere. Pozik zegoen, beraz. Baina Lortu Artetik urte erdi batera hil egin zen, minbiziarekin.

ETXEBERRIA: Berehala egin genituen akordioa zabaltzeko ahaleginak, eta proiektura batzeko eskatu genien Alternatibari eta Aralarri. 2011ko urtarrilean, Alternatiba batuta, Euskal Herria ezkerretik dokumentua aurkeztu genuen, eta hortik etorri zen Bildu koalizioa, azkar. Ezkerraren parametroak zabaldu behar ziren, hasi euskal sozialdemokraziatik, pasatu eremu sozialistatik, eta iritsi eremu komunistaraino. Aralarrekin hasieran ezin izan genuen lortu akordioa. Haren lehentasuna ezker abertzalearekin akordio estrategiko bat egitea zen, ezker abertzalea berreraikitzeko. Nik esango nuke Aralarrek orduan gehiago begiratzen ziela 2011ko udal eta foru hauteskundeei, akordioa gauzatzeari baino.

URIZAR: EAk ezaguna zuen koalizioaren formula, EAJrekin egon zelako, Nafarroa Bain ere bai..., baina planteamendua ez zen soilik hauteskundeetakoa. Harago zihoan.

ETXEBERRIA: Guk ere bagenuen koalizio esperientzia bat: HBrena, 1978tik aurrerakoa. Hala ere, gauza berria zen EArekin egindakoa. Ikusten genuen euskal estatua lortze bidean ez dela nahikoa ezker abertzalea bakarrik.

URIZAR: Kanpaina hura besteek baino hogei minutu geroago hasi genuen, Bildu legeztatzearen berri jaso genuenean. Rufi, hik esan hidan: «Kanpaina egina diagu».

ETXEBERRIA: Olatuaren gainean jartzea zen kontua. Bildu efektua sortu zen. Emaitza onak espero genituen, baina ez hain bikainak.

URIZAR: Jende asko erakarri zuen Bilduk, ez soilik botoa emateko orduan, baizik eta baita proiektuan parte hartzeko garaian ere.

ETXEBERRIA: Instituzio asko gureganatu genituen, baina ezker abertzalearentzat eta EArentzat ez zen berritasuna horiek kudeatzea, lehenago gestionatuta baikeunden, bakoitza bere aldetik eta bere erara. Kontua da halako gobernu bat hartzea espero ez zenean, eta batez ere Gipuzkoako aldundia, zailtasun batzuk sortu zirela, epe motzean guztia eratu behar baitzen. Horrez gain, ezker abertzalea ia hamar urteko ilegalizazio egoera batetik zetorren.

URIZAR: Gainera, Bilduk orduan ez zeukan egiturarik.



Pello Urizar eta Rufi Etxeberria, EAk eta ezker abertzaleak Lortu Arte ituna sinatu zutenean, bostekoa emanez, 2010eko ekainaren 20an, Bilbon, Euskalduna jauregian. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU

GARAPENA

ETXEBERRIA: Bildu-EH Bilduren sorrerak Hego Euskal Herrian aldatu egin du, zeharo, mapa politikoa eta hauteskunde mapa. Herri honetan agertoki berri bat ireki zen, eta EH Bildu da herri hau estatu izatera iristeko alternatiba bakarra.

URIZAR: Oraindik asko falta da egiteko, baina argazkia oso desberdina da: indar metaketan, gatazkaren ondorioetan, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako aldaketa instituzionaletan...

ETXEBERRIA: Nafarroan bigarrenez erregimena oposizioan jarri da, eta hori oso garrantzitsua da. Ez da EH Bildu hori lortu duen eragile bakarra, baina giltzarri izan da, eta ez soilik instituzioetan: ezker independentista aurretik kalean ere giltzarri izan zen.

URIZAR: Nafarroan lortu da beste indar politiko batzuekin aliantzak egitea. Alternatiba UPN izateak lagundu izan du hori. EAEko egoera desberdina da, eta batzuek ez dute mugitzeko borondate handirik. Poliki-poliki bidea egitea dagokigu guri, eta espazioak zabaltzea. Horixe ari da gertatzen herri askotan.

ETXEBERRIA: Espazio berriak irekitzen segitzen duen indar bat da EH Bildu. Askotan, gero, horrek bozetan ez du isla bera. Soziologia aldetik onarpen handiagoa dauka EH Bilduk, bere eskaintza eremu zabaletara heltzen delako. Akaso, hurrengo urteei begira hiriguneetan sakoneko lan bat egin beharko du, asmatzeko bere eskaintza politikoa eta eredu sozioekonomiko eraldatzailea gizarteratzen, gero espazioak irabazteko bozen eremuan ere.

URIZAR: Donostian iritsi ginen alkatetzara, Iruñean ere bai, egoerak eta baldintzak desberdinak izan ziren arren, eta erakutsi dugu gauzak ondo egiten dakigula. Gure esku egondako instituzio denak diruz saneatuta utzi ditugu, eta, hori, 2011n krisi ekonomikoaren bete-betean hartu genituela. Esperientzia haren ondorioz, EH Bilduk gaur egun sendoagoa da. Eta begira, 2011ko emaitza bikainak aipatu ditugu, baina iazko udal hauteskundeetan 2011ko boto kopurua gainditu egin genuen, eta lurraldeka orekatuago gaude. Batzuek oraindik segitzen dute iraganaren mamua astintzen, baina jokabide horrek gero eta pisu txikiagoa dauka. Ikusi PSNren eta PSOEren aldaketa. EAEra ere iritsiko da hori.

ETXEBERRIA: Seguru izango direla horrelako akordio gehiago, eta egoera berriak sortuko dira.

URIZAR: EAJ, aldiz... EAJk mehatxu gisa ikusten du EH Bildu. Harentzat, gu gara bere alternatiba bakarra; besteak eros ditzake.

ETXEBERRIA: EH Bilduk EAJri egin izan dizkio elkarlanerako eskaintzak. Autogobernu lantaldean akordioa lortu genuen, baina EAJk ez du garatu. Atea itxi dio lankidetza proposamenari. EAJk barne eztabaida sakon bat egin beharko luke, 40 urteotan Espainiako ordenamendu konstituzionalak eskaintzen duen parametro instituzionalean eroso bizitzetik burujabetza osorako estrategiara pasatzeko. Ezker abertzaleak egin zuen bere eztabaida, EH Bilduk ere bai, baina EAJk ez du egin. Hori gabe oso zaila da burujabetzaren aldeko estrategia batean elkarlana garatu ahal izatea.

URIZAR: EAJren denbora politikoa agortzen ari da, eta imajinazio politiko falta ere nabari zaio. Herri honek buelta bat eman behar du. EH Bildu da alternatiba. Badakigu gauzak proposatzen eta planteatzen, eta akordioetarako malgutasuna daukagu. Nahi badugu gaurko egoeratik irtetea eta bestelako gizarte eredu bat izatea, etorkizuneko hautua EH Bildu da. Lortuko dugu.

KRONOLOGIA

2008: EAk eta ezker abertzaleak elkarrizketak hasi zituzten.
2008-11-10: EAk publikoki esan zuen bakarrik aurkeztuko zela Eusko Legebiltzarrerako 2009ko bozetara.
2008-12-3: ETAk Inaxio Uria hil zuen. Ezker abertzalea-EA harremanak eten ziren.
2009-3-1: EAk legebiltzarkide bakarra atera zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
2009-3-1: Unai Ziarreta EAko presidenteak iragarri zuen kargua utziko zuela.
2009-6-21: Pello Urizar izendatu zuten EAko arduradun berri (idazkari nagusi).
2009-9-7: Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea aske geratu zen. Bi urte zeramatzan kartzelan, herriko tabernen aizian.
2009-10-13: Bateragune auziko operazioa. EAren kontaktu nagusi Arnaldo Otegi, espetxera; Rufi Etxeberriak hartu zion lekukoa.
2009-11-14: ezker abertzaleak Altsasuko Adierazpena aurkeztu zuen. Mitchell printzipioak zekartzan.
2009-11-21: EAk indar subiranisten arteko akordioaren aldeko dokumentua aurkeztu zuen.
2009 abendua: ezker abertzalea eta EA hizketan hasi ziren berriro.
2010-2-16:Zutik Euskal Herria ebazpenaren berri eman zuen ezker abertzaleak: estrategia aldaketa.
2010-2 bukaera:ETAk isilpeko erabakia hartu zuen eraso ekintza armatu gehiago ez egiteaz.
2010-3-16: ETAk Frantziako polizia bat hil zuen, «ustekabeko enfrentamenduan», eta ezker abertzaleak «prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak» eskatu zizkion.
2010-3-29: Bruselako Adierazpena argitaratu zuten nazioarteko komunitateko eragile ezagunek, ezker abertzalearen bidearen alde eginez.
2010-6-20:Lortu Arte akordioa sinatu zuten ezker abertzaleak eta EAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.