2016. eta 2017. urteen balantzea egin du Foro Sozialak. Hauek jo ditu lorpentzat:
Elkarrizketarako esparruak. Alderdi eta sindikatuen artean elkarrizketarako esparruak ireki direla azpimarratu du. Baita Eusko Legebiltzarreko Bizikidetza lantaldea martxan jarri izana eta beste instituzio batzuetan antzeko foroak sortu izana ere.
ETAren armagabetzea. Azpimarratu du era ordenatuan eta gardenean egin dela, nazioarteak egiaztatuta eta Frantziako Gobernuaren laguntzarekin. Gizarte zibilaren parte hartzea «ezinbestekoa» izan dela nabarmendu du. Eredua «berritzailea» dela dio, eta nazioartean ikertua izaten ari dela.
Hiru erpinen eredua. Euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa), nazioarteko komunitatea eta gizarte zibilaren arteko elkarlana azpimarratu du. ETAren armagabetzea jarri du eredu.
Biktimak. Foro Sozialaren «ildo nagusia». Taldeak nahi du biolentzia mota guztietako biktima guztientzako egia, justizia eta aitortza, «anbiguotasunik eta ekidistantziarik gabe». Gogoratu ditu 2016ko azaroan eta 2017ko martxoan Nafarroako Parlamentuan eginiko ekitaldiak eta apirilean Gernikan hainbat herritako foroetako kideekin egindakoa.
Presoak. Azpimarratu ditu martxoko IV. Foro Sozialaren ondorioak eta EPPKren barne eztabaidarenak —uztailean jakinaraziak—. Horiek gizarte zibilaren eskaerekin «sintonian» daudela dio. «Hitzarmen zabal bat eraikitzen hasteko oinarriak» daudela uste du. Horren erakusle lirateke ekainean Eusko Legebiltzarrak onartutako adierazpena eta uztailean Bilbon sindikatu guztiek eginiko agerraldia.
Genero ikuspegia. Gatazka politikoarekin loturik, emakumeek jasandako indarkeria azaleraztea ezinbesteko jotzen du. Torturatutako emakumeei buruz martxoan Nafarroako Parlamentuan eginiko saioa eta hil honetan Bilbon eginiko ekitaldia azpimarratu ditu.
LORPENAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu