Alda mugimenduko bozeramailea da Xebax Christy (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1979). Bi urte bete ditu aurten mugimenduak, baina jadanik erreferentzialtasuna lortu du Ipar Euskal Herriko paisaian, Airbnb plataformaren kontra eramandako lanagatik, besteak beste. Orain, bizitegi sozialak kudeatzen dituzten bi egituretako—HSA eta Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoa— hauteskundeetara aurkeztuko da. Hemezortzi hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrirako.
Bi urte bete ditu Alda mugimenduak. Zein da egiten duzuen bilan orokorra?
Bilan biziki positiboa egiten dugu. Mugimenduaren garapena uste baino fiteago egiten ari da, eta eragin handia du. Gauza inportante batzuk irabazi ditugu, bereziki etxebizitzaren gaiari buruz, eta langile klaseko jendearen defentsan.
Auzoak saretzeko asmoarekin sortu zineten. Zertan zarete?
Ari gara. Gure helburua da indar kolektiboa berriz sortzea langile klasean eta auzo herrikoietan. Lehenik, diagnostiko bat egiten hasi ginen; bigarren tresna izan da egiten dugun kazeta —urtean hiru aldiz banatzen dugu— Ipar Euskal Herriko bizitegi sozial guzietan. Eta lan horren emaitza izan da aurten Baionako bi auzotan baditugula kolektiboak: Camp de Pratsen eta Habasen. Bietan lorpenak izan ditugu jadanik.
Zer lortu duzue?
Camp de Pratsen, adibidez, bada petankan aritzeko terreno bat, eta auzolanean berritu dute, kolektiboki. Orain, borrokan ari dira bizitegi sozialen egiturarekin hori zain dezaten, kirol ekipamendu batzuk ukan ditzaten, eta lokal bat ere ukaiteko denek erabiltzeko. Habasen, berriz, auzoko posta kutxa berriz ezarraraztea lortu dute. Auzoko kolektiboak Postari eta Baionako Herriko Etxeari galdetu zion berriz ezartzeko. Iduri du lorpen ttipiak direla, baina lorpen ttipiak behar dira frogatzeko batzuetan batailak irabazten ahal ditugula. Kolektiboki antolatuz, lortu dute jende batzuen bizia hobetzen. Auzoak ez dira bakarrik lo egiteko tokiak, gauzak elkarrekin egiteko lekuak ere badira.
Alokairu apaleko bizitokiak kudeatzen dituzten bi egituretako hauteskundeetara aurkeztuko da Alda. Zer asmorekin?
Jendearen laguntzeko xinaurri lan horretan, bizitegien parke sozialeko egoerei ere aurre egiten diegu: urteetan erantzunik gabe gelditzen diren eskaerak, sanotasun eskasia... Hauteskundeetara aurkezten gara eraginkorrago izateko eta tresna gehiago izateko alokatzaileen defentsarako. Hautetsiak lortzen baditugu HSAn eta Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoan, informazio iturri zuzenak izanen ditugu, eta erabakiguneetan ere ordezkatuak izanen gara.
Airbnb plataformaren gehiegikeriak salatzeko, ekintzak egin dituzue bi urtean. Nolaz?
Alda sortzean, etxebizitzaren gaia ez zen baitezpada lehentasunezko gaia. Praktikaren bidez, ohartu gara etxebizitzaren gaia kezka nagusia zela langile klasearentzat,; beraz, deliberatu genuen horri lotzea. Ekarpen bat egin nahi genuen arlo horretan langile klasearen ikuspegitik, ikuspegi sozialetik. Guregana etortzen zen jendearen kasuak aztertzean, ohartu ginen milaka etxebizitza galdu genituela azken urteetan plataforma horien ondorioz: ikerketen arabera, urte osoko 11.000 bizitoki galdu ditugu orotara.
Hortik etorri zen gero Euskal Hirigune Elkargoak konpentsazio legea aplikarazteko aldarria.
Ber denboran, ohartu ginen konpentsazioaren legearen tresna erabiltzen ahal zuela elkargoak. Batetik, larriagotzen ari zen arazoa ikusten genuen, eta, bestetik, horri zegokion eta tokiko hautetsien esku izan zitekeen aterabidea. Horregatik, kanpaina horretan sartu ginen. Airbnb kanpora leloarekin, kanpainabat hasi genuen, elkargoari eskatzeko konpentsazio legea aplika zezan. Hautetsiek neurri horren alde egin zuten. Epaitegietan zenbait gorabehera izan dira —eta ez da arras fini—, baina datorren martxotik goiti aplikatu beharko da legea.
Zer aldatuko du?
Biziki zaila izanen da jabeentzat —izan pertsona morala edo fisikoa— pisu bat ematea urte osoan turismorako bizitegi plataforma batean; konpentsaziorako urte osoko etxebizitza bat ere alokatzea zaila izanen baitzaie ber denboran. Halere, ez gara inozenteak, ez dugu uste jabe guziek urte osoan alokatuko dituztenik beren bizitegiak; batzuek saldu eginen dituzte. Adi egon beharko dugu ikusteko hemen bizi nahi duen jendeentzat eskuragarri diren. Saihestu behar dena da bigarren etxebizitza bilakatzea. Badakigu ez ditugula bizitegi guziak errekuperatuko, baina horrek ez du kentzen konpentsazio neurriak olatu hori mozten duela.
Iruzurrezko kontratuen kontra ere jardun duzue. Nola antolatzen duzue egunerokoan egoera horien azterketa?
Azken urtean, 357 dosier landu ditugu. Adibide desberdinak badira, baina usu alokatzaileak heldu zaizkigu kontratua bukatzen zaielako. Guk aztertzen dugu kontratu bukaera hori legezkoa ote den, eta, hala ez delarik, jabeei jakinarazten diegu. Kasu partikular anitzetarik, gero, lortzen dugu iruzur praktika masiboak ikusten. Indar harreman bat bada jabeen eta alokatzaileen artean, eta hori berriz orekatu behar da; jabe batzuek bestela uste dute zernahi egiten ahal dutela.
Herrian Bizi plataformarekin batean, manifestazioa egin zenuten iazko azaroan. Zer ondorio izan ditu mobilizazio horrek?
Hautetsiei begira, uste dut herriaren presioa sumatu dutela. Konpentsazio neurriaz gain, elkargoak alokatze prezioak mugatzeko egitasmo baterako hautagaitza ezarri du, eta prefetak elkargoaren hautagaitza sostengatu du.
Xebax Christy. Alda mugimenduko bozeramailea
«Lorpen ttipiak behar dira frogatzeko batailak irabazten ahal ditugula»
Sortu zenean, gai sozialak landu nahi zituen Alda mugimenduak. Beharraren poderioz, etxebizitzaren arloko batailak eraman ditu azken bi urteetan. Orain, bizitegi sozialetako hauteskundeetara aurkeztuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu