Loren Arkotxa Meabebasterretxea (Ondarroa, Bizkaia, 1945 - 2025) Ondarroako alkate eta Udalbiltzako presidente izandakoa zendu da, 80 urterekin. Hain zuzen, Ondarroako Udala izan da albistearen berri eman duena: «Eskerrik asko herri egiteagatik».
Arkotxak Euskal Herritik kanpo egin zituen gaztaroko eta helduaroko zenbait urte; Australian eta Kanadan aritu zen basogintzan. «Eskolan mapamundia geneukan, eta han ikusten nuen Australia. Ahalik eta arinen joan nahi nuen. 17 urtegaz joan nintzen. Gurasoek ez zuten nahi. Familia bertan izateak beti laguntzen eta babesten du», azaldu zion duela pare bat urte Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri. Euskal Herrira itzulita, berriz, ezker abertzalean ekin zion militantzia politikoari. Hala, berak BERRIAri aitortu zion moduan, egoera zail batean erabaki zuen urrats bat egin eta Herri Batasuneko zerrendaburu gisa Ondarroako alkategai izatea. 1990eko hamarkadaren hasierako egoera «apartheid politiko» gisa definitu zuen: «Jende mordoxka bat eszenatoki politikotik baztertu nahian ari ziren eragile politiko batzuk».
Arkotxa hiru agintaldi egin zituen sorterriko alkate karguan. Lehen biak jarraian, 1987tik 1995era bitarte; bigarrena, 1999tik 2003ra arte. Hain zuzen, 1999an ekin zion bideari Udalbiltzak, eta hor buru-belarri aritu zen Arkotxa. Erakunde hark xede ditu, besteak beste, Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea, eta hartako lehen presidentea izan zen Ondarroako alkatea. Udalbiltzaren sorrera, gainera, Lizarra-Garaziko akordioaren ostean iritsi zen. Arkotxak berak azaldu zuenez, egoera «oso aberats eta potente» batean egin zen akordio hura, «sentsibilitate politiko ezberdinek» Euskal Herria aintzat hartuta «ate bat irekitzen» zela esan nahi zuelako.
⚫️Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohia zendu da.
— Ondarroako Udala (@UdalBarriak) April 7, 2025
Ondarroako Alkatea izan zen hiru agintalditan: 1987tik 1991ra, 1991tik 1995era eta 1999tik 2003ra.
Besarkada bat etxeko eta lagunei.
🌹𝙀𝙨𝙠𝙚𝙧𝙧𝙞𝙠 𝙖𝙨𝙠𝙤, 𝙝𝙚𝙧𝙧𝙞𝙖 𝙚𝙜𝙞𝙩𝙚𝙖𝙜𝙖𝙩𝙞𝙠.✨#Ondarroa#Ondarrupic.twitter.com/vAoa6le7YY
Era berean, baina, Udalbiltzak egindako lanaren ondorioak ere pairatu zituen Arkotxak, Auzitegi Nazionalak haren kontra egin baitzuen. Baltasar Garzon epailearen aginduz, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Harentzat, hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak, eta 23 urtekoa Dignidad y Justicia elkarteak, baina absolbitu egin zuten, Udalbiltzaren eta ETAren artean loturarik ez zegoela ebatzita. «Erabakia guretzat pozgarria da arlo pertsonalean, eta pozgarria da, uste dut, Euskal Herri osoarentzat. Udalbiltza burua tente duela atera da epaiketa honetatik», adierazi zion BERRIAri, ebazpenaren berri izan ostean. Halere, ordurako etena zegoen erakundearen jarduna. Eten hark ia hamar urte iraun zuen, eta 2013an egin zuten berrantolaketa batzarra.
Espainiako justiziaren erantzuna gorabehera, Arkotxak egindako lanaren defentsa egin zuen gerora ere. «Merezi izan du», adierazi zuen urte berean, Udalbiltzan aritzeagatik auzipetuak izan ziren kideen izenean. Hain zuzen, dei egin zien «Euskal Herriko hautetsi guzti-guztiei» ordura arte erakundeak egindako bideari heldu eta Udalbiltza berriz ere martxan jartzeko: «Indar handiagoarekin Euskal Herriaren eta herritarren zerbitzura». Hain zuzen, Udalbiltzak presidente gisa egindako lana eskertu dio Arkotxari, sare sozialetan zabaldutako mezu batean: «Ez dugu ahaztuko Udalbiltzako lehen Lehendakari gisa egindako ekarpena».
Agur eta ohore, Loren Arkotxa (1945-2025)
— Udalbiltza (@Udalbiltza) April 7, 2025
Ez dugu ahaztuko Udalbiltzako lehen Lehendakari gisa egindako ekarpena. pic.twitter.com/b3vRFHR1ic
Olaso Dorrea fundazioa izan da sare sozialetan Arkotxa omentzeko mezu bat idatzi duten lehen erakundeetako bat: «Loren Arkotxa abertzale zintzoak utzi gaitu. Agur eta Ohore!». Antzeko hitzak izan ditu Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiko zuzendari Urko Aiartzak ere. Hark «abertzale oso eta pieza bateko» gisa definitu du Arkotxa. Sortuk, berriz, «euskaltzale eta militante nekaezina» zela gogoratu du, eta eskerrak eman dizkio «herri egiteagatik».