Lotara joan ahal izatea, beldurrik izan gabe goizaldeko ordu txikietan telefonoak joko ote duen. Besteak beste, aldaketa hori ekarri dio 19. Korrikak Edurne Brouardi. Korrikaren arduradun nagusia izan da sei lasterketatan, 13. Korrikatik 18.enera, 2003tik 2013ra. Orain, ardura hori lagata, askoz lasaiago dagoela dio. Beste modu batez bizi du Korrikaren zurrunbilo eroa. Eta aspalditik egiten ez zituen zenbait kontu egiteko aukera ematen dio egoera berriak: esate baterako, bere herrian, Lekeition (Bizkaia), euskararen aldeko lasterketan parte hartu ahal izatea.
3. Korrika Bilbon amaitu zen, 1983an. Garai hartan, Edurne Brouard zen Bilboko AEKren arduraduna, eta, hortaz, buru-belarri aritu behar izan zuen azken festa antolatzen. Geroztik, 2013ra arte, beti egon da euskararen aldeko lasterketari lotua: lehen lerroan nazio ardura egokitu zaionean, bigarrenean bestela. Baina lehen mailako ardurarik izan ez duenetan ere, AEKn beti jakin dute Korrikarekin zerikusia duen zalantzaren bat izatekotan Brouardi iritzia galdetzea dela onena, gutxik ezagutzen baitituzte hark bezain ongi ekitaldi erraldoiaren barrunbeak.
Aspalditik, Korrikaren hasieraren bezperetan, lankide ohi batek lore sorta bat bidali ohi dio Edurne Brouardi. Normalean, loreak Korrikaren hasiera ekitaldira eramaten ditu Brouardek, haiekin sorta bi egin, eta ematen dizkie lasterketa osoan Korrika jagoten egoten diren bi taldeei, furgonetetan paratzeko. Han egoten dira Korrika amaitu arte. Aurten, taldeetako batek erabaki du Brouardi omenaldi txiki bat egitea Lekeitiotik pasatzean, eta loreen bidez adieraztea esker ona Korrikako arduradun izandakoari, 30 urteotako lanagatik.
Jendetzaren erdian bila
Astelehen buruzuria eta gauerdia izanagatik ere, jende andana bildu da Lekeitioko kaleetan Korrikari ongietorri egiteko. Horien artean zegoen Brouard, Klara Astondoa Korrikako bigarren arduradunarekin eta AEK-ko beste zenbait kiderekin batera.
Suziek lagunduta sartu da Korrika Lekeitiora, 01:07an, eta atoan egin dute harekin bat espaloietan zain zeuden dozenaka lagunek. Furgonetatik, ezker-eskuin begiratu dute Korrika taldekoek, urduri, jendetzaren erdian Brouard topatu nahian. Eta, azkenean, ikusi egin dute.
Furgonetako bozgorailuetatik bertso baten doinua entzun da: «Arduraduna zintugun Korrikan azken alditan, irakasle hasi zinen pentsatu gabe birritan». Orduantxe jakin du Brouardek taldekoek omenaldia prestatua ziotela. Eta emozioak gainezka egin dio.
Banan-banan, furgonetatik jaitsi dira taldekideak, lore bana eskuan. «Haziak erneaz doaz AEKn baratz berritan, loreak zabaltzen gabiltz euskal herri eta hiritan; zuk emandako pausotan jarraitzen dugu Korrikan». Besarkadak, musuak, negarra. Zirrara.
Korrika pasatutakoan, jende asko hurbildu da Brouardengana, zorionak ematera. Eta Brouardek jasotako loreak banatu dizkie, ohi bezain eskuzabal.
19. Korrika
Lorea lore truk, lanaren esker onez
Lekeitiotik pasatzean, Korrikako furgonetan jagole aritzen den taldeko kideek omenaldia egin diote Edurne Brouard Korrikako arduradun izandakoari. Loreen bidez adierazi diote esker ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu