Lore eskaintza egin dute Gernikan, bonbardaketa gogoan

Kanpai eta sirena hotsen ekitaldia egin dute, duela 88 urteko sarraskian hildakoen omenez. Kanposantuan, biktimak oroitu dituzte.

Lore eskaintza egin dute Gernikako bonbardaketan hil zirenen alde. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lore eskaintza egin dute Gernikako bonbardaketan hil zirenen alde. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 26a
19:40
Entzun 00:00:0000:00:00

88 urte joan dira Alemaniako Kondor eta Italiako Aviazione legioen hegazkinek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik. Urteurrenaren harira, sirena hotsak, isiluneak eta lore eskaintzak izan dira protagonista gaur, orain 88 urte jasandakoak gogoratzeko. 15:45ean egin dute kanpai eta sirena hotsen ekitaldia, bonbardaketa hasi zenekoa oroitzeko. Kanposantuan, berriz, hildakoen omenezko lore eskaintza egin dute, eta hainbat agintarik parte hartu dute: bertzeak bertze, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Ekitaldian irakurritako testuaren bidez, 1937ko apirilaren 26an Gernika «guztiz suntsitu» zutela salatu dute, eta Ukrainako eta Gazako «biktima errugabeak» gogoratu: «Gaur Gernikatik eskaintzen ditugun lore hauek ez dira bakarrik gure biktimak gogoratzeko eta horiek erdigunean jartzeko. XXI. mendeko beste Gernika horiek, herri eta hiri horiek gogoratzeko ere badira, egunero bonba eta izu guztien zentzugabekeriaren pean hiltzen diren pertsona errugabe horiek gogoratzeko».

Nabarmendu dute «gerraren eta zentzugabekeriaren deabruak» ez duela atsedenik hartzen, denbora pasatuta ere berriz «agertzen» baita: «Izutzera, hiltzera eta suntsitzera». Alde horretatik, adierazi dute azkenaldian «mezu kezkagarriak» entzun direla «berrarmatzeari eta militarizazioari» lotuta. «Diskurtso horri indarkeriarik gabe eta bakearen eta elkarrizketaren bidez aurre egin behar diogu, ez pertsonen sufrimendua sustatzen duten armamentu eta gerra politika gehiagoren bidez. Aurrerantzean ere bakearen alde etengabe lan egitea beste biderik ez dugu», borobildu dute.

San Joan elizako kanpaiak entzun ostean, lore eskaintza egin dute, eta txaloka oroitu dituzte sarraski hartatik bizirik irtendako herritarrak.

Alderdiak

Hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere izan dira omenaldian, hala nola Aitor Esteban EBBko presidentea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Estebanek adierazi du Pablo Picassoren Gernika margolana herrira itzultzea «amets bat» eta «justizia kontu bat» dela. Azaldu du 1937ko bonbardaketa hark «injustizia eta giza eskubideen zapalketa» irudikatzen dituela. «Giza eskubideen eta printzipio demokratikoen alde» borrokatzeko eskatu du, «egoera guztiz ilun batean» ez erortzeko.

Anduezak, berriz, diplomaziaren aldeko deia egin du, «bakea gerraren gainetik egon dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.