Edurne Begiristain.

Lopezek esan du biktima guztien sufrimendua ezin dela parekatu

2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Euskal gatazkak eragindako sufrimendua alde guztietakoa bada ere, biktima batzuen eta besteen arteko mailaketa egiten jarraitzen dute erakunde askok. Biktimen aldeko Memoriaren Eguneko ospakizun gehienak horren adierazgarri izan dira. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, ETAren biktimak baino ez ditu gogoan hartu Arkautiko (Araba) Ertzaintzaren akademian eta Ajuria Enean egindako ekitaldietan.

Patxi Lopez jarduneko lehendakariak, ETAren «terrorismoak» hildakobiktimen memoria aldarrikatu ez ezik, sufrimenduak ez parekatzeko deia ere egin du. Ajuria Eneko jauregian egindako ekitaldi xume eta laburrean, ETAren biktimak bere hitzaldiaren erdigunean izan ditu Lopezek. Estatuaren indarkeriaren biktimei, berriz, aipamen txiki bat baino ez die egin: aitortu du «bestelako biktimei» buruz ere hitz egin behar dela, baina batzuen eta besteen sufrimenduak ezin direla parekatu eta «katua sakatu» zutenei eta «tiro egitera animatu zituztenei» erantzukizunak eskatu behar zaizkiela.

Hori bakarrik ez. Atzo euskal presoen alde Baionan egindako manifestaziora joandakoak ere kritikatu ditu Lopezek. Haren ustez, onartezina da Memoriaren Egunean «ETArenpresoen» alde kalera ateratzea, eta EH Bildu aipatu ez badu ere, koalizioaren «joko bikoitza» salatu du, «esku batekin biktimak aitortzen dituelako, eta bestearekin hiltzaileen bizkarra laztantzen duelako».

Lopezen arabera, Memoriaren Egunak «etorkizuneko ikasbidea» izan behar du, jazotakoa berriro gerta ez dadin. «Ezin dugu onartu iragana isiltasunez estaltzea», ohartarazi du. Esan du memoriak, iraganari «egiarekin» begiratzeko ez ezik, «balio demokratikoetan eta tolerantzian» oinarritutako etorkizuna eraikitzeko ere balio behar duela. Jarduneko lehendakariak azpimarratu du «egia eta memoria» ezinbestekoak direla «gure historia hurbileko garai beltza behar bezala bukatzeko».

Ajuria Eneko ekitaldia egin aurretik, Arkautiko ertzain etxean egon da Idoia Mendia Jaurlaritzako jarduneko Justizia eta Herrizaingo sailburua, ETAk hildako ertzainei gorazarre egiteko. Haren hitzetan, hildako 38 ertzain eta udaltzainen memoriak «bakearen eredu» izan behar du.

Lore eskaintzak

Jaurlaritzak ez ezik, Araba, Bizkai eta GipuzkoakoBatzar Nagusiek eta udalek biktimak gogoan izan dituzte Memoriaren Egunaren ospakizunetan. Legebiltzarrak lore eskaintza bat baino ez du egin.

Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek lore eskaintza egin dute Agustin Ibarrolaren oroitarrian, eta Javier de Andres ahaldun nagusiak adierazi du historia «indarkeriaren biktimei justizia eginez» idatzi beharko dela. Bilbon, lore eskaintza egin dute Casilda Iturrizar parkean, indarkeriaren biktimen aldeko oroitarrian. Udal talde guztiek parte hartu dute omenaldian, baita Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ere.Bertan, biktima guztiak gogoan izan ditu Iñaki Azkuna alkateak, bai ETArenak, bai GAL eta BVErenak ere. Halaber, Iñigo Cabacasen gurasoak bertan zirela, elkartasun hitzak izan ditu haientzat: «Ez zaituztegu ahaztuko».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute «gatazkaren biktima guztien alde». Foru gobernuko kideak ez ezik, talde guztietako ordezkariak ere izan dira omenaldian: Bildu, EAJ, PSE, PP eta Aralarrekoak, hain justu ere.

EH Bilduk, berriz, ohar batean ohartarazi du indarkeria ororen biktimak aitortu eta erreparatu behar direla, eta orain arteko biktimen «mailaketa» amaitu behar dela. Eragindako mina erreparatzeko neurriak eskatu ditu koalizioak, «baita politikoak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.