Lopezek dio Bilduk gobernatzen badu EAJrena izango dela erantzukizuna

Jeltzaleek ez dute sozialisten babesik izango EAJk ez baditu PSEren hautagaiak babesten udaletan

Carlos Agirre Ekonomia sailburua eta Patxi Lopez lehendakaria, Txingudi badiako hezeguneetan, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Irun
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Patxi Lopezek EAJren zelaian utzi du pilota. PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez,Bilduk Gipuzkoako erakunde nagusietan gobernatzen badu, alderdi jeltzalearena izango da «erantzukizuna». «Ez da inolaz ere PSErena izango», nabarmendu du. Botereguneak eskuratzeko asmoz EAJk darabilen «anbiguotasun kalkulatua» salatu du buruzagi sozialistak, eta, iragarri duenez, jeltzaleek ez dute sozialisten babesik izango Gipuzkoako Foru Aldundian EAJk ez baditu PSE-EEren hautagaiak babesten udaletan.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean egin ditu adierazpenok Lopezek, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren karietara Irungo Ekoetxean eginiko agerraldi batean. Hauteskunde ondorengo egoera izan du hizpide sozialisten idazkari nagusiak. Haren ustez, hauteskundeetako emaitzek «herri honen benetako argazkia» erakutsi dute. «Herri honek akordio pluralak behar ditu; egonkorrak, seguruak eta leialak, eta hori PSE, PP eta EAJrekin lor daiteke bakarrik», nabarmendu du. Hori hala, jeltzaleei arduraz jokatzeko eskatu die; izan ere, haren ustez, Bilduk gobernatzen badu, arriskuan jar daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko eta, bereziki, Gipuzkoako «proiektu estrategikoak». «Kezkatuta nago Bilduren sarrerarekin. Orain arte dakigun gauza bakarra da Gipuzkoa eta Euskadi garatzea ahalbidetzen duten proiektuen aurka daudela. Horiek gelditzea ez litzateke albiste ona izango».

Gipuzkoatik Gasteizera

EAJren «arduragabekeria» kritikatu du Lopezek. Buruzagi sozialistaren arabera, alderdi jeltzaleak «gehiago errespetatzen du Bildu, alderdi sozialista baino». Jarrera horretan jarraitzen badu, sozialistek ez dute EAJren hautagairik babestuko, adierazi duenez. «Haien hasierako planteamendua PSE baztertzea eta Bildu errespetatzea bada, ez dezatela espero PSEk babesa ematea; ez litzateke logikoa izango».

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, ekainaren 11n ikusiko da zein den jeltzaleen «apustua». «Egun horretan osatuko dira udalak, eta ordurako argi izan beharko dute zein jarrera duten». Lopezek iragarri duenez, sozialistek ez dute babestuko Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzalea baldin eta EAJk ez baditu aurretik babesten PSEren hautagaiak. Gipuzkoako EAJk esana du jeltzaleek ez dutela babestuko Ernesto Gasco, Donostiako alkategai sozialista.

Lopezen antzera mintzatu da Jose Antonio Pastor, PSE-EEren bozeramailea. Haren ustez, EAJren «hitzarmen dinamikak» lotura handiagoa dauka botereguneak lortzeko asmoarekin, «herri estrategia bat» adostearekin baino. Pastorren iritzian, jeltzaleak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara begira daudelako ari dira modu horretan jokatzen. «Badirudi Gipuzkoan, hau da, emaitzarik txarrenak izan dituen herrialdean berpiztu nahi dutela nazionalisten arteko batasuna. Ez dituzte ezker abertzalearen boto-emaileak haserretu nahi, gero indarrak batu ditzaten», nabarmendu du.

Lopezek ere gogoan izan ditu Eusko Legebiltzarreko egungo indar korrelazioa eta PSE-EEren eta PPren arteko gobernu akordioa. Lopezen arabera, maiatzaren 22ko emaitzek ez dute ezbaian jartzen ez bata ez bestea. «PSE-ren emaitzak ulertzeko arrazoi handiagoak daude hori baino», esan du Lopezek, eta bi alderdien arteko akordioa «gutxienez» legealdia amaitu arte iraungo duela baieztatu du. Odon Elorza Donostiako jarduneko alkatearentzat, baina, «amaituta» dago estrategia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.