inguruMENA

Lopez Uraldek bihar jasoko du senideen lehen bisita

Greenpeaceko burua abenduaren 17an atzeman zuten Kopenhagen, klima aldaketari buruzko biltzarrean, eta harrezkero atxiloaldi inkomunikatuan daukate. Emazteak eta anaiak bisitatuko dute. Ostegunean saioa izango da Danimarkako hiriburuko auzitegian, epaileak erabakia hartzeko.

2010eko urtarrilaren 4a
14:12
Entzun
Abenduaren 17tik Kopenhageko kartzelan daukatenetik Juan Lopez Uralde euskal herritar eta Espainiako Greenpeace erakunde ekologistako zuzendariak bihar jasoko du senideen aurreneko bisita: Koro Castellano emaztearena eta IƱigo anaiarena.

Abenduaren 17an atzeman zuten Danimarkan, Nora Christiansen eta Christian Schmutz Greenpeaceko kideekin batera, klima aldaketari buruzko Kopenhageko biltzarreko afarian "modu ilegalean" sartu izana egotzita. Joris Thijssen bi egun beranduago atxilotu zuten, eta laurak atxiloaldi inkomunikatuan dauzkate hasieratik. Gutxienez ostegunera arte egongo dira kartzelan; orduan Danimarkako hiriburuko auzitegian saioa izango da, epaileak zer egin erabakitzeko. Greenpeacek ohartarazi du ezin dela segurutzat jo libre aterako direla.

Kumi Naidoo Greenpeaceko zuzendari nagusiak egoera salatu du, eta Danimarkak giza eskubideak urratu dituen aztertzen ari direla jakinarazi du. "Giza eskubideen aurkako atentatua da kartzelatzea, gehiegizkoa". Hark ziurtatu duenez, erakunde ekologistak ekintza "baketsuak" egiten segituko du, "klima aldaketa dela-eta urtero 300.000 lagun hiltzen direlako".

Lopez Uralde-eta pankarta batekin sartu ziren aretoan, biltzarraren "porrota" politikariei leporatuz. Hain zuzen, munduko ehunen bat estatu eta gobernuburu afaltzen ari ziren gelaraino sartu ziren, segurtasun neurriak gaindituta. Besteak beste, Danimarkako Gobernuko eta errege familiako kideak, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa, Lula da Silva Brasilgo presidentea, Hugo Chavez Venezuelakoa, Nicolas Sarkozy Frantziakoa eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa zeuden afaltzen.

Espainiako Estatuko Greenpeacek 50.000 sinadura pasatxo aurkeztu zituen lehengo astean Madrilen, Danimarkaren enbaxadan, lau haiek askatzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.