«Epaileek ere sinesten zaituzte». Mezu argi eta irmoa zabaldu du Gernikako Sare Feministak Mario Lopez Gernikako Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari ezarritako epaiaren berri izatean. «Beti esan dugu epaitegietan ebazten zena ebazten zela guk erasotua sinesten dugula eta berarekin gaudela», adierazi dute. Izan ere, hasieratik erran dute, beren irudiko, legeak ez dituela adingabeak indarkeriatik babesten: «Legeak jendartearen atzetik doaz ia beti, eta gehienetan aldarrikapen sozialek eragiten dute lege horiek aldatzea», adierazi zuten epaiketa amaitu zenean. Gaur ontzat jo dute epaia: «Lopez entrenatzaile roletik eta herritik at izatea berme bat da, behintzat umeentzat eta emakumeontzat».
Azpimarratu dute ez daudela zigor punitibisten alde, bai, ordea, justizia feminista baten alde. Nabarmendu dute biktimarendako «erreparatzaileak» izan diren momentuak bizi izan dituztela: «2023ko abenduko lehen manifestazio jendetsua, 2024ko atxikimendu eta babes kanpaina, epaitegi aurreko elkarretaratze zaratatsua eta abar».
Hain zuzen, «konplizitate eta inpunitatea» salatzea helburu izanik, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero, ohar bat atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu. Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gai hori kudeatzeko orduan egindako hutsengatik.
Geroztik herriko sare feministaren helburua izan da erasoa jasan zuenari babesa eskaintzea. Horretarako, bertze manifestazio bat antolatu zuten 2024ko abenduaren 14an, Gernikan bertan.
Ehunka lagun bildu ziren Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean egindako manifestazioan. Sare Feministako kideek salatu zuten prozesu judizialak «birbiktimizazio arriskuak» dakartzala, eta, horregatik, biktimari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea dela euren ekarpena. Manifestazio amaieran irakurritako adierazpenean, hainbat eragilek eta norbanakok ekintzaren garrantzia nabarmendu zuten, eta Lopezi eta «haren konplizeei» mezu argia bidali: «Ez zaitugu gure kaleetan nahi». Era berean, gogor kritikatu zuten saskibaloi taldeko zuzendaritzaren jarrera, «benetako ardurarik» hartu ez izana leporatuta.
Mobilizaziora joan ezin zirenek ere biktima babesteko aukera izan zuten: herriko sare feministak atxikimendu kanpaina bat jarri zuen abian, eta 1.300 eragile eta banakok baino gehiagok eman zuten izena.
Herritarren babesa
Salaketa jarri zuenetik, biktima bi urte baino gehiagoz egon da epaiketaren zain: 2022ko ekainean jaso zuen Gernika-Lumoko (Bizkaia) epaitegiak kasuari buruzko salaketa. Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatzeaz gain, herritarrek gogor kritikatu zuten saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa. Izan ere, hasiera-hasieratik, sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten 2023ko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri. Uda hartan, klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko.
Azkenean, feministei jakinarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hala izanen zela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta akordio bat egiteko prozesua amaitu zuen.