LOMCEri planto egiteko bide orria zehaztu du Hezkuntza Topaguneak

Familiei nahiz eskola kontseiluei bidaliko dizkieten agiriak aurkeztu dituzte. Informaziorik eman ez izana egotzi diete Uriarte eta Mendozari

Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bazekiten zein zen helburua: LOMCEk ezarritako erreformak baliogabetzea. Horiei «planto» eginen ziotela ere gauza jakina zen. Bidea zehaztea falta zen. Eta atzo egin zuten hori. LOMCE eta Heziberriri aurre egiteko erabiliko dituzten bitartekoak aurkeztu zituzten atzo Hezkuntza Plataformen Topaguneko ordezkariek: batetik, eskola kontseiluetan aurkeztuko dituzten instantziak; eta bestetik, familiei igorriko dizkieten agiriak.

Izan ere, topaguneko kideen esanetan, LOMCEren araberako ebaluazio sistema osoa «bete-betean» aplikatuko da aurtengo ikasturtean Hego Euskal Herrian: «Gure ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ebaluazio diagnostikoak ditugu; DBHko 4. mailan, berriz, ziklo bukaerako azterketa; eta 2. Batxilergoan, azkenik, selektibitate berria. Sistema osoa indarrean dago Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastetxeetan».

Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideen arabera, gainera, azterketa eta ebaluazio sistema berriak «inongo informaziorik eman gabe» ezarri dituzte Nafarroako nahiz EAEko Hezkuntza sailek: «Gure ikastetxeetan ezinegona da nagusi; noraezean gaude azterketa hauek zein egunetan, zein baldintzatan edota zein ikasgairen arabera egin nahi dituzten jakin gabe».

Bi bide hautatu dituzte hezkuntza plataformek, ebaluazio berriak galgatzeko. Batetik, ebaluazio diagnostikoen nahiz DBHko 4. mailako azterketaren aurkako adierazpenak sinatuko dituzte eskola kontseiluetan: Azterketa hori egin ez dezagun, beharrezko urratsak emateko konpromisoa hartzen dugu, irakur daiteke agiri horietan. Bestetik, LHko 3. eta 6. mailako ebaluazioari dagokionez, familiei ere igorriko diete idazki bat, diagnosi probak egiteko baimenik eman ez dezaten. Mobilizazioei eusteko deia egin die sindikatuei, ikasle mugimenduari eta bestelako eragileei. Jomuga argia da: «Guztion artean, inposizioei aurre egin eta hezkuntza sistema propioa eraikitzen jarrai dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.