Antxon Barberia. Ikasle Abertzaleak taldeko eleduna

«LOMCEri ezetz esan soilik ez, eraikitzen hasi behar da»

Ikasleen grebaz balorazio «ezin hobea» egin eta gero, LOMCE legearen aurkako aldarria amaierara arte eramango dutela dio Barberiak. Azken ondorioetara heltzeko prest daude; baita greba mugagabea egiteko ere.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Herenegungo greba ikasle mugimenduaren «inoizko» mobilizaziorik «handiena» izan dela ziurtatu du Ikasle Abertzaleak taldeko ordezkari Antxon Barberiak (Iruñea, 1993). «Pozik» mintzo da, baina onartu du oraindik lan eskerga dutela egiteko. Besteak beste, erreforma «baztertzaileak» ez ezartzeko eta eredu propioaren oinarriak definitzeko langintzari laster helduko diotela azaldu du.

Zer-nolako balorazioa egiten duzue herenegungo ikasleen protestaz?

Balorazio ezin hobea egiten dugu; oso positiboa. Azkeneko urteetan Bolognako prozesuaren kontra eginiko mobilizazioetatik ez da hain mugimendu sendoa kalera atera. Hegoaldeko lau herrialdeetan erantzun zabala izan du grebak, eta denera, 20.000 ikasletik gora mobilizatzea lortu dugu.

Zein ondorio atera dituzue? Helburuak jendearengana iritsi dira?

Gaur egungo hezkuntza eredua errotik irauli behar dela uste dugu; grebaren bidez, argi geratu da jendeak sekulako atxikimendua erakutsi duela gure mezu politikoarekiko. Gazteak prest daude borrokatzeko eta antolatzeko.

Beraz, hasiera batean zenituzten aurreikuspenak gainditu dituzue.

Bai, erabat. Pozik gaude. Bilboko manifestazioan, esaterako, 8.000 lagun bildu ziren; aurrekoan baino 3.000 gehiago. Iruñea —ia 5.000 gazte elkartu ziren— eta Gasteizko protestak ere jendetsuagoak izan ziren. Historikoki greba babestu ez duten ikastetxe ugarik bat egin dute oraingoan. Eta ez soilik eskola publikoetako ikasleek; ikastetxe pribatu eta Kristau Eskoletakoek ere ikasgelak hustu eta kaleak bete dituzte. Inoizko parte hartze handiena izan da.

Liskarrak ere izan ziren, nolanahi ere.

Eragin handiko taldea gara, baina ezin ditugu 20.000 lagun kontrolatu. Bakoitza bere buruaren jabe da. Halere, nabarmendu nahi dugu giro baketsuan egin genituela manifestazioak. Poliziaren jazarpenagatik izan ziren istiluak. Modu bortitzean oldartu ziren, batik bat Iruñean, arrazoirik izan gabe. Ondorioztatu dugu liskarrak eragitea zela agintarien borondatea.

Hainbat gazte ere atxilotu zituzten.

Hamahiru lagun atxilo hartu, eta beste dozenaka zauritu zituzten. Aske utzi dituzte, baina karguekin. Babesa adierazi nahi diegu.

Kezkatzen zaitu hainbat hedabidek mugimenduarekiko duten jokaerak?

Larria iruditzen zaigu helarazi nahi dugun istilu bakan batzuengatik mezua desitxuratzea. Interes ezkutuak dituzte; ez zaie axola hedatu dugun edukiari tokirik ez egitea. Ikasle mugimendua kriminalizatu nahi dute, eta jarrera deitoragarria ari dira erakusten.

Gogoetarik egin duzue ikasle mugimenduaren irudia hobetzeko?

Saiatzen ari gara konfrontazio horiek ideia politikoen arteko talkara bideratzen. Indar guztiak jarriko ditugu haserre horiek eraikuntza plano batean kokatzeko. Hori da bidea, horrelako egoerak saihesteko. Badakigu era guztietako trabak jarriko dizkigutela. Ezinbestekoa da erakundeek borondate gehiago izatea eta irakurketa antzu horiek errotik moztea.

Zer asmo dituzue aurrerantzean?

LOMCE legeari ezetz esan soilik ez, eraikitzen hasi behar da. Garaia da ikasleok nahi eta behar ditugun edukiak jorratzeari ekiteko. Hasiak gara jada, eta alternatiba errealak aurki jarriko ditugu martxan. Horretarako, nahitaezkoa hezkuntza komunitatearen estrategia bateratu bat. Apurka-apurka ari gara lege baztertzailearekiko intsumisoak batzen eta eredu propioaren oinarriak definitzen. Bide beretik jarraituko dugu. Konpromiso irmoa hartu dugu LOMCE inon ez aplikatzeko. Amaiera arte eramango dugu legearen aurkako protesta; azken ondorioetara iritsi arte. Beharrezkoa baldin bada, gainera, prest gaude greba mugagabea egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.