Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren erdia baino gehiago igaro da, eta ezin da esan orain artekoa behintzat ohiko kanpaina izan denik. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskundeen eguna iragarri aurretik ere, jakina zen bozak udaberri aldera izango zirela; horrek ekarri zuen kanpainaurrea oso luzea izatea eta, praktikan, alderdiak urtarriletik egotea hautetsontziei begira. Gero, apirilaren 21ean ezarri zituen Urkulluk bozak: aurretik Pazko asteko oporraldia eta horrek dakarren deskonexioa zeuden, eta, ondorioz, giroa nahikoa hotz zegoen apirilaren 5ean kanpaina hasi zenean.
Baina, geroztik, beste gertaera batzuek desbideratu dute herritarren arreta. Joan den larunbatean Athleticek lortutako garaipenak agenda informatiboa bereganatu du, eta, Bizkaian behintzat, ospakizunek leku gutxi utzi diote futbola ez den beste edozein gairi. Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzaren ondorioz ere bertan behera utzi ziren hauteskunde ekitaldi batzuk, eta parentesi moduko bat ireki zen kanpainan.
Gertaera horiek utzitako arrastoa oraindik ezabatu gabe dagoelarik, badirudi hauteskunde lehiak berreskuratu duela dagokion zentralitatea, baina kanpainaren lehenengo zatian politikak lanak izan ditu bere xuxurla entzunarazteko zarata mediatikoaren erdian. Kanpaina «alboratuta eta praktikan indargabetuta» gelditu da, Xabier Gurrutxaga (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1955) analista politikoaren iritziz: «Formalki kanpainan bagaude ere, kanpaina batek behar duen presentzia oso ahulduta gelditu da».
«Badirudi, EAJri proiektu alternatibo bat eskaintzea baino gehiago, EAJ ordezkatzea dela EH Bilduren asmoa».
XABIER GURRUTXAGAAnalista politikoa
«Zorionez, kanpaina aspergarria izaten ari da», esan du Ion Ansa analista politikoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). «Telebistetako eztabaidetan hitz egin da hitz egin behar den gaien inguruan: batzuek hobeto egin dute beste batzuek baino, baina uste dut kanpaina gertuago dagoela demokrazian kanpaina batek izan behar duen horretatik. Aspergarria irudituko zaigu, baina askoz egokiagoa da kanpaina lasai eta zentzuzkoa izatea. Ez gara ikusten ari kanpaina pertsonalistak edo neurriz kanpoko lidergoak, eta horrek alderdiak behartzen ditu gauza serioez hitz egitera».
Eva Silvan (Madril, 1975) politologoa eta EHUko irakaslea da. Hark ere uste du lehenengo zati honetan bigarren mailan gelditu dela kanpaina, baina pentsatzen du «egiturazko arrazoiak» badaudela horretarako: «Garai batean, politikari buruzko informazioa hedabide tradizionalen bidez jasotzen genuen. Hori erabat aldatu da sare sozialekin. Orain, politikariek badute euren mezuak zuzenean eta bitartekaririk gabe hedatzeko modua. Etengabe ari dira euren ekitaldi eta mezuak komunikatzen, eta, ondorioz, hauteskunde kanpainek sortzen zuten jakin-min hori apaldu da, eta horrek zekarren erritualak, hau da, afixak itsastea, mitinak eta abar, eragin txikiagoa dute». Silvanen ustez, hauteskunde erritual hori «egokitu» egin behar da egoera berrira: «Geure buruari galdetu behar diogu ea hauteskunde kanpainek hain luzeak izan behar duten gaur egun ere».
Etena
Egiturazko arrazoi horiez gain, koiunturari dagozkionak ere badaude, eta horien artean ezin aipatu gabe utzi Athleticen garaipena, gabarra, ospakizunak eta abar: «Araban eta Gipuzkoan ez da berdin gertatu, baina Bizkaian erabat eten da aktualitatea», azaldu du Silvanek. «Herritarrek ez dute Athletic eta gabarra beste ezer izan buruan, eta euforia giroak dena hartu du. Ikusteko dago kanpaina horri buelta emateko gauza den, eta Araban eta Gipuzkoan ere gora jotzen duen».
Kanpainaren tonu grisak beste ondorio bat izan du: hauteskunde lehia guztiek berezkoak dituzten tentsioa eta liskarrak asko apaldu dira oraingoan. «Kanpaina lokaztea», «lokatzetan aritzea» eta antzeko esamoldeak usu erabili dira aurreko kanpainetan; aurtengo honek gutxiago izan du horretatik. Gurrutxagak dioenez, azken urteetan, Euskal Herriko politikak «autonomia» galdu du Espainiako esparru politikoarekin, «eta, lehen ez bezala, eztabaida politikoa oso lotua egon da Espainian dagoen polarizazioarekin. Ideologiak beharrezkoak dira, baina Espainian ideologiakeriak edo ideologismo nominalistak hartuta dago eztabaida politikoa: bestea kritikatzen da ez egin duenagatik edo proposatzen duenagatik, baizik eta eskuinekoa edo ezkerrekoa delako; eta horrek edukiz husten du eztabaida politikoa». Dioenez, Espainiako «polarizazio politiko ideologizatu» horrek izan du eragina Euskal Herrian ere, baina hauteskunde hauetan, oraingoz, ez da hain nabaria izan.
«Boz hauetan bi alderdiren arteko lehia dago, eta horietako batek muzin egiten dio konfrontazioari».
EVA SILVANAnalista politikoa
Beste arrazoi bat egon daiteke horretarako, Silvanen iritziz: «Boz hauetan bi alderdiren arteko lehia dago, eta horietako batek muzin egiten dio konfrontazioari. EH Bildu ez da EAJrekin liskar zuzenean sartzen ari. Haren kanpainaren moldea beste bat da, etorkizuna eta akordioak aipatzea, eta ez hainbeste EAJri kritika gordina eta gupidagabea egitea. EAJrekin liskarretan gehien sartzen ari dena PP da, pentsatzen duelako boto emaile batzuk partekatzen dituela EAJrekin, horiek haserre egon daitezkeela alderdi jeltzalearekin eta erakar ditzakeela, baina badirudi EH Bilduren estrategia beste bat dela, eta ez da sartzen ari EAJk egiten dizkion kritiketan. Beste aldetik, PSE-EEk jada esan du EH Bildu ez duela babestuko, eta zer egingo duen iragartzeak tentsioa kentzen dio kanpainari».
Ansaren ustez, kanpaina «desberdina» izaten ari da, eta hori «normaltasunaren seinaletzat» dauka: «Herritarrek ez dute uste euren bizimodua bereziki txarra denik, eta ez daude haserre, baina egoera okerrerantz doalako sentsazioa dute. Horrek dakar aldaketa nahia, baina ez dute nahi aurretik egin den guztia pikutara bidaliko duen aldaketa bat, aldaketa zentzudun eta moderatu bat baizik».
Kanpaina azken txanpan sartzen ari den honetan, eta orain artekoa ikusita, litekeena al da alderdiek beste garai batzuetako tentsioa eta konfrontazioa izatea berriz? Gurrutxagak ez du uste halakorik egongo denik: «Litekeena da norbait lekuz kanpoko zerbait egiten saiatzea, baina ez dut uste horrelako aldaketa handirik egongo denik. Izatekotan, EAJren eta EH Bilduren artean dagoen lehia estuaren harira izan daiteke, baina ez dut ikusten haien kanpainak horretarako diseinatuta daudenik».
Silvanek, berriz, uste du kanpaina hau «alde positiboa» izaten ari dela: «Hautagaiak agenda politikoaz hitz egiten ari dira, eta herritarrek dituzten arazoak konpontzeko egiten dituzten proposamenez. Hori albiste ona da, baina egia da oso kanpaina polarizatuetara ohituta gaudela, eta zain gaudela ea ezustekoren bat gertatzen den». Kanpainaren tonua alda daiteke datozen egunetan? «Batek ez badu gura, ez da errietan egiten», erantzun du Silvanek.
Gurrutxagak ere uste du EH Bilduren kanpainaren atzean ongi pentsaturiko estrategia bat dagoela: «EH Bilduren diskurtso politikoa asko aldendu da ezker abertzaleak historikoki izan duenetik. Badirudi, EAJri proiektu alternatibo bat eskaintzea baino gehiago, EAJ ordezkatzea eta hark izan duen rol historikoa bereganatzea dela EH Bilduren asmoa».
«Inork ez du botoari buruzko erabakia aldatuko Athleticek finala irabazteagatik».
ION ANSAAnalista politikoa
Asko hitz egin da Athleticen garaipenaren osteko giroak bozetan izan dezakeen eraginaz. Gurrutxagak eta Ansak ez dute uste aparteko eraginik izango duenik: «Herritarrek botoa eman dezakete emozioen arabera, baina ez dira tontoak» esan du Ansak. «Athleticek finala irabazteak halako giro baikor bat sor dezake gizartean, baina inork ez du botoari buruzko erabakia aldatuko horregatik». Silvanek, berriz, uste du «espekulazio hutsak» direla horren inguruan esan daitezkeenak: «Badirudi etxeko futbol taldeak irabazteak mesede egiten diola boterean dagoen indarrari, baina kasu honetan Athletic lurralde bateko taldea da, Bizkaikoa, eta hauteskundeak ez dira Bizkaiko Foru Aldundirakoak».
Honetaz ari dela, beste gogoeta bat egin du Ansak: «Esaten ari gara kanpaina honetan oso gai garrantzitsuak hartu dituztela hizpide, eta hedabideak berehala hasten dira hizketan Athleticen garaipenak izan dezakeen eraginez. Badirudi kanpaina batek hutsalkeria edo fribolitate puntu hori behar duela kanpaina deitu ahal izateko. Alderdiak kritikatzen ditugu egiten duten kanpaina motagatik, eta, serio jarri direnean, badirudi faltan sumatzen dugula gauzak gaizki egitea».
Ardanzaren aldeko hileten ingurukoak bestela ikusten ditu Gurrutxagak: «Hedabideetan agertu diren zenbait irudik astindu dituzte herritar askoren barren eta bihotzak. Euskal gizartearen aniztasuna, indarkeriaren kontrako jarrera, autogobernuaren aldekoa eta horrelako ideiak indartuta atera dira, eta horrek koordenatu politiko jakin batzuetara eramaten gaitu, Ardanzaren eta haren alderdiaren arteko lotura oso argia baita».