Lokatz arteko ondarea

Jaurlaritzak 'Egin'-en dokumentuen ardura hartu du, eta hasi dira funtsak Euskadiko Artxibo Historikora eramaten. Agiri asko kaltetuta daude, utzikeriaren ondorioz. Bideoa albistearen amaieran.

Kazetaren erredakzioan daude oraindik duela hogei urteko tresnak; lurrean sakabanatuta, milaka agiri. JON URBE / ARP.
jon olano
Hernani
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eziago industrialdeko hamargarren zenbakia, Hernani (Gipuzkoa). Kanpotik, utzitako beste eraikin bat; barrutik, Euskal Herriko historiaren parte bat. 21 urtez Euskal Herriaren historia idatzi zuen egunkari bat. 1998ko uztailaren 15etik kazetarik inprimatu ez duen errotatiba bat, eta goiko solairuan, egun horretan iltzatuta jarraitzen duen erredakzio bat. Hezetasuna, sabai eroria, garai bateko ordenagailu zaharrak, elkarrizketak grabatzeko erabilitako zintak. Katilu zikinen bat. Argazkiak eta agiriak, lurrean zehar barreiatuta. Lantokira itzultzen den langile ohia, lurrean bere argazkiak topatzen dituen argazkilaria. Eta Jaurlaritzako Kultur Ondarearen arduradunak eta teknikariak lanean, material hori guztia zaindu eta, ahal den neurrian, onbideratzeko. Sarrerako hesian, duela hogei urteko argazki bera: Tomas Arrizabalaga, kazeta argitaratzen zuen Orain SA enpresako ahalduna, egunkariaren ale bat eskuan duela, hura gainerako kazetariei erakusten.

Izan ere, Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza atzo hasi zen Egin egunkaria zenaren dokumentu funtsak Euskadiko Artxiboko Historikora eramateko lanetan. Egunak beharko dituzte material guztia Bilbora eramateko, baina hasiak dira material horren zati bat kutxetan sartzen eta kutxak Bilbora eramaten. Jaurlaritzaren hitzetan, helburua da dokumentazioa «ez suntsitzea, eta ikertzaileen eta gainerako interesdunen zerbitzura jartzea».

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin Irratia, aurten duela hogei urte, eta Jaurlaritzak auzitegi horren baimena jaso ostean hartu du bere gain ondare horren ardura. Urrian eskatu zuten baimena, eta abenduan eman zieten. Jaurlaritzak azaldu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren parte den Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kezka adierazi zuen hedabidearen argazki funtsaren eta dokumentu artxiboaren gainean, eta kezka horretatik abiatu zen agiritegia lekualdatzeko prozesua.

Kultura Ondareak funts horiek erabat ez suntsitzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuen, eta Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko aukera eskaini zuen; «behin-behinean» gordeko dira bertan. «Gure iritziz, Egin egunkariaren dokumentu funtsak interesa dauka, ondarearen ikuspegitik, batez ere ikertzaileentzat, historialarientzat... Zegoen moduan, suntsitzeko bidean zegoen, eta atzera bueltarik ez egotea gerta zitekeen; hori dela-eta, uste dugu interesgarria izan daitekeela behin-behinean Artxibo Historikoan gordetzea. Han, jatorri ezberdinetako hainbat funts daude, eta, zalantzarik gabe, leku egokia da horrentzat ere», Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariaren arabera.

Dena sailkatzeko, «denbora» beharko dute, Aizpururen hitzetan. Bertatik 1.000-1.500 kutxa ateratzea espero dute, «anabasa itzela» baitago erredakzioan, hormetan antolatuta dauden argazki fitxategiez gain: «Norbaitek karpetak atera eta lurrera botatzeko lana hartu du». Aizpururen kalkuluen arabera, dokumentu guztiek 500 metroko luzera har dezakete Euskadiko Artxibo Historikoaren apaletan...

Egun «gazi-gozoa»

Dokumentuen lekualdaketa abiatuta, Iñaki Sotok eta Mertxe Aizpuruak egun «gazi-gozoa» izan zela aitortu zuten, Gara egunkariaren izenean. Positibo-tzat jo zuten Jaurlaritzak ondarearen berreskuratze lanak bere gain hartu izana: «Utzikeria judizialak eta politikoak ondare horren parte handi bat galdu edo kaltetu izana eragin du, baina garrantzitsua da zati bat bederen berreskuratu ahal izatea». Halaber, salatu zuten kazetaren itxiera «ez-legezkoa, traumatikoa eta justiziarik gabea eta inoiz gertatu behar ez zuena» izan zela, eta «adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkako bidegabekeria horren biktimak» ekarri zituzten gogora: «nagusiki», hedabideko irakurleak eta langileak: «Oroimenaren eta giza eskubideen urraketen gainean egin beharreko ariketaren barruan, bereziki gogoratu behar ditugu prozesu judizial gaizto hau eta zigor guztiz injustuak pairatu zituzten euskal herritarrak».

Bi hamarkada igaro dira jada, baina ekinaldi judizialaren ondorioak indarrean daude gaur egun, Sotok gogorarazi zuenez. Izan ere, Garzon epaileak Gara-ren bizkar utzi zuen Egin-ek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra: 4,7 milioi euro. «Aurrena, egunkari bat legez kanpo itxi zuten; eta gero, kazetaritza proiektu berri baten garapena ekonomikoki baldintzatu nahi izan zuten». Hortaz, administrazioari eskatu diote alor horretan ere esku har dezala.

Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zuen Egin-en itxiera, 2009an. Haren erredakzioan, liburu bat dago lurrean: Historia de la democracia. La aventura de la libertad (Demokraziaren historia. Askatasunaren abentura). Lokaztutako hitzen paradoxa.

[youtube]https://youtu.be/K4w8AnQjlos[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.