Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak uste du azken bi urteetan Mexiko, Uruguai, Argentina eta Ekuadortik bake prozesuaren alde jasotako babesak erakusten duela Euskal Herria ez dagoela bakarrik. Herrialde horietako laurehun «lagun entzutetsuk» agertu diote atxikimendua prozesuari, tartean, gobernuburu ohiek, ordezkari politikoek eta gizarte zibilak. Lokarriren esanetan, babes horrekelkarrizketa bultzatzeko akuilu izan behar du Euskal Herrian. Areago, «ezadostasunak era baketsu eta demokratikoan kudeatzeko eta indarkeria eta giza eskubideen urratze larriak jasan dituen gizartean bizikidetza berreraikitzeko» baliagarria izan behar duela dio herritarren sareak.
Lokarri nazioarteko babesak jasotzeko lanean ibili da, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin batera. Lortutako atxikimenduen «aniztasuna» nabarmendu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Bilbon emandako prentsaurrekoan. Esparru eta joera politiko desberdineko pertsonek, «ideologien aberastasun batetik», elkartasuna eta babesa eman diote euskal prozesuari, Riosek adierazi duenez. Gobernuburu ohi askok beren herrietako bake prozesuak kudeatu dituztela azpimarratu du, halaber.
Lokarriko buruak salatu du Espainiako Gobernuak uko egiten diola ETArekin harremanak izateari armagabetzea burutzeko, eta alderdiak ez direla gai izan bake lantaldean hitz egiteko. Nolanahi ere, ohartarazi du «bakea eta bizikidetzaren erronka» euskal gizarteari bakarrik dagokiola.
Lokarri: «Nazioarteko babesa elkarrizketarako akuilu da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu