Loiun atxikitako sahararra bihar deportatuko dute Marokora

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du kautelazko neurririk hartu deportazioa eragozteko.

Yusef ekintzaile sahararraren aldeko elkarretaratzea, Bilboko Plaza Eliptikoan. EH BILDU
Yusef ekintzaile sahararraren aldeko elkarretaratzea, Bilboko Plaza Eliptikoan. EH BILDU
Oihana Elduaien Uranga - Iraia Vieira Gil
2024ko uztailaren 4a
13:15
Entzun

Yusef ekintzaile sahararra kanporatu egingo dute. Espainiako Gobernuak ez zuen haren asilo eskaera onartu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu aintzat hartu haren abokatuek kanporatzea eragozteko eskatutako kautelazko neurriak. Ondorioz, bihar deportatuko dute Marokora, Loiuko aireportuan hamabi egun egin eta gero. Aireportuko ez-onartuen eremuan dago ekainaren 23tik. Deportazioa salatzeko, gose greba hasi zuen atzo, Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen arabera. Berez gaur goizean deportatzekotan ziren, baina azkenean ez dute deportatu, abokatuak jarritako helegitea dela medio.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Laugarren Atalak ez du ondorioztatu hura Marokora bidaliz gero «haren bizitza edo osotasun fisikoa arrisku larrian eta berehalakoan» egongo denik, haren iritziz ez baita sahararren ordezkari nabarmen bat, eta «manifestazioetan parte hartzea baino ez baitu argudiatu». Auzitegiak gehitu du haren kontakizunak ez duela zehaztasunik: «Baieztatu du Saharako herriaren aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotu dutela, baina erakutsi dituen proba bakarrak jarraitzaile talde baten eta telefono puskatu baten argazkiak dira. Ez du argudiatu bere aukera politikoaren ordezkari nabarmen bat denik edo berehalako arriskuan dagoenik, eskatzen duen kautelazko neurria justifikatzeko adina».

Ezin da helegiterik aurkeztu Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiaren kontra. Auzitegiak ohartarazi du «interes publikoa» dagoela «asiloa ez desnaturalizatzeko eta iruzurrezko migrazio tresna ez bihurtzeko». X sare sozialean zabaldutako mezu batean, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak «onartezintzat» jo du auzitegiaren erabakia.

«Marokora bueltatzea arriskutsua izan daiteke [Yusefentzat]. Espetxeratuko duten beldur da, eta Poliziari eskatu dio Maroko ez den beste edonora itzularaz dezatela».

JAVIER GALPARSOROZehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidentea

Zeharrek atzo salatu zuen herritarra arriskuan egongo dela Marokora bidaltzen badute. «Izan ere, Marokora bueltatzea arriskutsua izan daiteke harentzat. Espetxeratuko duten beldur da, eta Poliziari eskatu dio Maroko ez den beste edonora itzularaz dezatela». Gainera, Javier Galparsoro elkarte horretako presidentearen arabera, asiloa eskatu duen sahararrak aurkeztutako pasaportea eta Espainian sartzeko modua ematen dion zigilua eguneraturik daude. Beraz, Espainian sartzeko baimena eman diezaioten eskatu dute atzo jarritako helegitean; aurretik ipinitakoan, asilo politikoa emateko eskatzen zioten —hura ukatu egin zioten—.

Horrez gain, aberrigabezia eskubidea aitortzeko helegitea ere aurkeztu dio Zeharrek Espainiako Auzitegi Nazionalari, premiazko bidetik. Galparsorok jakinarazi duenez, baina, «posibleena» da helegite horren inguruko erabakia denboran luzatzea. 

Deportazioaren aurkako salaketak

Zehar elkarteak eman zuen gaztearen egoeraren berri, atzo goizean. Arratsaldean, berriz, haren egoera salatu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz taldeek ere. Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi zuten —hura baita asilo eskubidea ukatzen diona—, eta deportazioa gelditzeko eskatu. Elkarteek diote Espainiako Gobernuak ez duela zuritu Mendebaldeko Saharako herritarrari asilo eskubidea ukatu izana: «Gure ustez, Espainiako Gobernuaren eta Poliziaren portaera hori ez dago legean eta zuzenbidean oinarrituta, eta arriskuan jartzen du pertsona horren bizitza», azaldu dute. Izan ere, jazarria izaten ari zelako egin zuen ihes Marokotik.

Gainera, 11 egun hauetan Loiuko aireportuan bizi behar izan duen egoera ere deitoratu dute bi elkarteek, eta ziurtatu dute ez dutela horrelakorik onartuko. Inkomunikazio egoeran ez dagoen arren, ez du aske mugitzeko baimenik. Ondorioz, bilera eta prozedura legal guztiak telefonoz edota ez-onartuen gelan bertan egin behar ditu, abokatuen babesaz.

EH Bilduk, berriz, Saharako aktibista gaztea Loiuko aireportuan atxiki izana salatu du. Alderdi politiko horrek deportazioa eragozteko eskaera ere egin du, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio asilo politikoa eta nazioarteko babesa emateko helegitea berrikusteko. «Gazte aktibistaren askatasunak eta integritatea babesteko», gainera, bat egin du saharar komunitateak iheslariaren alde antolatu duen mobilizazioarekin. Gaur egingo dute, 19:00etan, Bilboko Plaza Eliptikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.