Haserrea eta ezinegona eragin dute Gernika-Lumon (Bizkaia) neska batek artean adin txikikoa zelarik 1998tik 2001era pairatutako sexu abusuei buruzko informazioek. Herriko taberna eta plazetan horixe izan da gaur hizpide nagusia. Neskak salatutako erasoen arbuioarekin batera, Lointek Gernika saskibaloi taldeko zuzendaritzak afera honetan izandako jarrerari buruzko kritikak ere nagusitu dira gernikarren artean. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestaziora deitu du iluntzean, eta mahai gainean jarri dute «erasotzailearen inpunitatea». Protesta hasi baino lehen, mezu irmoa bota du Arlette Apraiz Sare Feministako kideak: «Gaur kalera atera gara inpunitatea eta konplizitatea salatzeko: inpunitatea, erasotzaileak 20 urtez izandakoa, eta konplizitatea, kirol taldeak erakutsi duena».
Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan da atzo kargugabetu zuten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen, iaz. El País egunkariak argitaratu duenaren arabera, egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago. Klubak esan du igandera arte ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina mugimendu feministak argi esan du berak jakinarazi ziola eta, beraz, bazekitela.
Sarearen eta klubaren bertsioa ez datoz bat. Feministek atzo argitaratutako oharrean azaldu zutenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea. Udan zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, feministei helarazi zieten ezen zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.
«Gure hitza, irizpidea edota pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean, guk sinesten zaitugu».
GERNIKAKO SARE FEMINISTA
Gaurko manifestazioa amaitu eta denbora gutxira atera du oharra Lointek Gernikak, eta berriz ere ukatu du ez duela salaketaren berririk izan orain arte. Hiru bider idatzi dute oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik». Taldeak berretsi du kargutik kendu dutela Lopez, eta barkamena eskatu du gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Akats horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi dizkio. Edozein esparrutan gertatzen diren erasoak gaitzetsi ditu klubak, eta adierazi du neurriak hartuko dituztela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, bilera ezohikora deituko dute, «beharrezkoak diren azalpenak» emateko.
Milaka herritar
3.000 lagun bildu dira gaur Gernikako Pasealekuan. Lointek Gernikako jokalari batzuk protestara joan dira, baita Lucas Fernandez gaur egungo entrenatzailea ere. Txalo artean abiatu dute manifestazioa, Guk sinisten zaitugu lelopean. Eta saskibaloi taldeak erabili ohi duen Maloste kiroldegirainoko bidea oihu artean egin dute: Erasorik ez erantzunik gabe, edota Lointek hartu zure ardurak izan dira herrian ozen gailendutako oihuetako batzuk. Amaieran, oharra irakurri dute feministek. «Guk sinesten zaitugu», nabarmendu dute. «Indarkeria mota guztien aurrean, erasoei garrantzia kendu edo atxikitzeko saiakeren aurrean, gure hitza, irizpidea edota pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean, guk sinesten zaitugu».
Kirol taldeko zuzendaritzak erakutsitako konplizitatea ere salatu dute. «Eraso gehiagoren prebentzioa eta biktimari zor zaion erreparazioa maldan gora jartzen ditu». Eta klubaren hipokrisia kritikatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi dute, eta Lointek Gernikak sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili direlako. Izan ere, esan dute Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu, eta, gainera, kide batzuek taldea uztea ekarri duela».
Eraso matxisten aurrean «autodefentsa feminista» beharrezkotzat jo dute manifestazioan; hori baita «bide bakarra». Nabarmendu dute «isiltasuna» eta «inpunitatea» bukatu behar direla, «emakumeenganako indarkeriaren katea» eteteko. «Instituzioak erakusten ari diren arduragabekeriaren aurrean, emakumeoi antolatzea, elkar defendatzea eta erantzutea dagokigu». Emakumeena ez ezik, gizonen ardura ere bada eraso matxistek duten konplizitatea bukatzea: «Lagun edo senide izan edo ez, erasotzaile bat erasotzaile bat delako, Gernikan eta edonon».
«Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela hainbat urtez adingabe bati sexu abusuak egiteagatik».LOINTEK GERNIKA
Gernikako Allende Salazar ikastetxeko eskola komunitateak ere elkarretaratzea egin du gaur, eta gaitzetsi egin ditu «umeen kontrako edozein eraso, eta erasotzaileak babesten dituztenak». Adingabea zelarik Lopezek hiru urtez sexu abusuak egin zizkiola salatu duen neska ikastetxe hartako ikaslea izandakoa da, eta horregatik egin dute elkarretaratzea ikastetxeko atarian. Are, Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen emakumea, lehenik Allende Salazar ikastetxean eta geroago Lointek Gernikan.
Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Iazko ekainean Gernikako (Bizkaia) epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta haren gaineko kontrola ere. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, Lopezek biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta bularrean eskua sartu zionean. Hortik aurrera, etengabeak izan ziren abusuak. Salaketak dio bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu.
Haurren kontrako erasorik ez leloa idatzita zeukan pankarta baten azpian elkartu dira ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak. Aritz Zearra zuzendariak, Borja Agirre ikasketaburuak eta Nahia Idoiaga eta Naia Odriozola guraso elkarteko kideek irakurri dute agiria. Elkartasuna adierazi diote salaketa egin duen ikasle ohiari, eta edozein eraso eta bereziki sexu abusuak jasan dituzten guztiei. «Gure helburua da haurrak babestea, bereziki zaurgarrienak», azaldu dute. Halaber, bat egin dute Gernikan egitekoak diren gainerako mobilizazioekin, bereziki Sare Feministak antolatutakoekin. Txalo zaparrada batez amaitu dute ekitaldia.
Federazioen gaitzespena
Gernikatik kanpo ere harrabotsa sortu du auziak. Euskal zein Bizkaiko Federazioek kirol esparruan gertatzen diren sexu erasoak gaitzetsi dituzte, eta babesa helarazi diete horiek pairatu dituztenei.
Bizkaiko Federazioak adierazi du horrelako gertakariak «onartezinak» direla, eta «defendatzen» dituzten «balioen aurkakoak». Euskal selekzioak «mezu argia eta irmoa» bidali du, eta Espainiako Saskibaloi Federazioak igorritako oharra babestu du. Azken horrek «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu erasoak. Plazaratu duen oharrak dioenez, «kasuaren parte bat» urriaren 29an jakin zuen, Gernikaren aurkako salaketa bat jaso zuenean. Federazioak berehala zabaldu zuen ikerketa txosten bat, eta hala jakinarazi zien Gernikari, Lopezi eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari. Ordutik, lehiaketetan parte hartzea debekatua izan du Lopezek. Izan ere, euskal selekzioak adierazi du azaroaren 3an jakin zuela Espainiako Saskibaloi Federazioak espedientea ireki ziola Gernika KESBri.