Logroñora mugituko dituzte Mujika eta Olarra EPPK-ko mintzakideak

maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Ortziraleroko iragarpena ortzegunera aitzinatu zuten atzo Espainiako Espetxe Erakundeek: lau euskal preso hurbilduko dituztela iragarri zuten, eta bat Euskal Herriratuko dutela. Bertze bat, berriz, Madril aldera mugituko dute. Iñaki Garces Beitia da Euskal Herriratuko dutena: Zuerako espetxean (245 kilometro) dago gaur egun, eta Basaurira ekarriko dute (Bizkaia). 1998tik dago espetxean, eta 26 urteko kondena du. 2017ko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Euskal Herri ingurura ekarriko dituztenak Jon Olarra Guridi, Ainhoa Mujika Goñi, Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Mikel Izpura Garcia dira. Olarra eta Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideak dira, eta 2002an atxilotu zituzten Frantziako Estatuan: ordutik daude preso. Logroñora mugituko dituzte (170 kilometro), eta haiekin batera eramanen dute Arkaitz Goikoetxea Basabe ere. Olarra eta Mujika Granadan daude gaur egun (Andaluzia, Espainia, 855 kilometro) eta Goikoetxea Basabe Villenan (Herrialde Katalanak, 700 kilometro).

Mikel Izpura Garcia, berriz, Zuerara mugituko dute, Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro). Euskal Herri ingurura hurbilduko ez badute ere, Gorka Palacios Aldai ere mugituko dutela iragarri dute: Murtzia IItik lekualdatuko dute hura ere, Estremerara (Madril, 520 kilometro).



Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, asteon iragarpena egina zuten zazpi euskal presoren hurbilketak ere gauzatu dituzte: Juankar Iglesias, Iker Lima, Iñigo Guridi, Javi Gallaga, Igor Portu, Xabier Makazaga eta Gorka Martinez Ahedo dira. Espainiako Gobernuak 117 euskal preso hurbildu edo Euskal Herriratu ditu guztira 2018ko irailetik, eta, horiekin, dagoeneko euskal presoen erdia baino gehiago daude Euskal Herritik 300 kilometrora baino gutiagora.

Atzo egin zituzten iragarpenekin, berriz, oraindik 50 euskal preso dira hurbilketa edo Euskal Herriratzea iragarria bai baina oraindik mugitu ez dituztenak.

Parotek, positibo

Jakinarazi dutenez, Ion Kepa Parotek positibo eman du COVID-19an. 70 urte egingo ditu maiatzean, eta 31 urte daramatza kartzelan. Etxerat-ek eta Bake Bideak kezka agertu dute, eta eskatu dute «berehala» aske uzteko. Mobilizazioak iragarri dituzte biharko, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.