Koronabirusa. Rafael Tellez. Neurofisiologoa

«Loan eragina izango du egoera honek»

Salbuespen egoeretan insomnioa areagotzen dela ohartarazi du Rafael Tellez medikuak. Pantaila bati begira egoteak eta ordutegi zehatzik ez izateak lo egiteko arazoak handitzen dituzte.

BERRIA.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Berrogeialdiak lo egiteko arazoak nabarmendu ditzakeela ohartarazi du Rafael Tellez medikuak (Iruñea, 1966). Zorrozaurreko IMQren egoitzan (Bilbon) egiten du lan, loaren unitatean, eta neurofisiologian eta psikologian aditua da. Haren esanetan, salbuespenezko egoerek kalitatezko loa izateko zailtasunak ekar ditzakete,eta hori saihesteko gomendio batzuk eman nahi izan ditu Tellezek. Pantailaren aurrean ordu gehiegi egoteak edo siesta egiteak ondorio kaltegarriak ekar ditzake pertsonen loan.

Zergatik da loa hain garrantzitsua osasunerako?

Lo ondo egitea oso garrantzitsua da, eta funtsezkoa da gizaki ororentzat. Burmuina gauean osatzen da egunean zehar egiten dugun esfortzutik, eta dauzkan neurotransmisoreak eta energiaren zati handi bat berrezartzen ditu. Badaude gure egunerokoan kalitatezko loaren beharra duten funtzioak, hala nola memoria. Burmuinak erloju biologikoa deritzogun erreminta bat erabiltzen du, hormonen eta neurotransmisoreen jarioa kontrolatzeko, eta horri esker burmuinak bere erritmo propioa markatzen du. Baina badaude loan eragina duten kanpo faktoreak ere: argia, ordutegiaketa jatorduak, besteak beste. Gure bizitzan daramagun erritmoa eta erloju biologikoarena gehienetan ez datoz bat, eta hortik dator lo egiteko arazoa.

Orduan, itxialdi batek nola eragin dezake loan?

Berrogeialdian, gure bizi erritmoa guztiz aldatzen da, askok ez daukagulako ordutegirik, ezta obligaziorik ere. Berdin da noiz oheratzen garen, noiz altxatu... Ez dugu mugarik. Beraz, horrek guztiak eragin zuzena dauka bi erlojuen sinkronizazioan. Salbuespenezko egoeretan, loak okerrera jotzen du; insomnioa diagnostikatuta zutenengan areagotu daiteke, eta inoiz insomnioa izan ez dutenek garatu dezakete.

Gauean lo egiten ez dugun denbora berreskura dezakegu?

Burmuinak badauzka mekanismo batzuk loa berreskuratzeko, baina garrantzitsua da gure aldetik zer edo zer jartzea erlojuen sinkronizaziorik eza orekatzeko. Lo txarto egiten dugunean, siesta botatzeko joera daukagu, baina bi orduko siestak oso kaltegarriak izan daitezke gaueko loarentzat. Gehienez 30 minutuko siesta egitea da onena.

Egia da herrialde garatuetan insomnioa ohikoagoa dela?

Oraindik ez dakigu oso ondo zergatik, baina hala da. Hipotesi nagusienak dio gehiegizko aktibitateak sortzen duela; hau da, estresak. Azeleratutako mundu batean bizi gara, eta hori gauean ere nabaritzen da. Lortu behar duguna da burua eta gorputza desaktibatzea eta daukagun erritmoarekin zaila da geldi egotea.

Teknologia berriek eragina izan dezakete?

Argi dago teknologia berriek bizitza erraztu digutela, baina kontuan hartu behar ditugu dauzkan albo-kalteak. Gehienbat gazte eta nerabeetan sumatu dugu teknologiaren gehiegizko erabilera loarentzako kaltegarria dela. Alde batetik, gazte bat denbora asko egoten bada teknologia berri hauekin, alde batera uzten ditu kirol jarduerak, eta egoneko bizitzan jausten da. Baina bestetik, ikerketek diote gure begietan pantailen izpi ultramoreak sartzen direla. Izpi horiek erantzun aktibatzaileak sortzen dituzte erretinan, eta burmuinera heltzen dira; ondorioz, loa geldiarazten dute. Horregatik, ez da gomendagarria lotara joan aurretik eskuko telefonoarekin edo tabletarekin ibiltzea. Hori ez gertatzeko, gailuak erabiltzeko ordutegia ezartzea da onena.

Badaude insomnioa jasateko erraztasun handiagoa duten pertsonak?

Ezagutzen ditugun datuen arabera, pertsona nagusiek joera handiagoa daukate lo gaizki egiteko. Gizon eta emakumeen artean oraindik ikerketa argirik ez da argitaratu, baina esango nuke sexua bainoago estresa dela faktore erabakigarri bat. Estresaren sintomarik ohikoena insomnioa baita.

Berrogeialdian sartu garenetik kasu gehiago sumatu dituzue?

Nik esango nuke baietz. Dei ugari jasotzen ari gara horren inguruan, eta kontsultak telefonoz edo bideokonferentziaz egin behar ditugunez, egiten dugun lehenengo gauza da gomendio zehatz batzuk ematea.

Gomendio horiek baliogarriak ez direnean, medikazioa gomendatzen duzue?

Burmuinak badauzka baliabide ugari egora hauei aurre egiteko. Aholku guztiak betez, egoera konpon badezakegu, ederto. Baina ez bada konpontzen, ezin diegu botikei beldurra hartu. Loa ezinbestekoa da gure funtzionamenduan, eta, hartu behar baditugu, ez da ezer gertatzen. Garrantzitsuena lo egitea da. Botika hartzean gogoratu beti profesional baten eskutik egin behar duzula; izan ere, loa eragiteko pilulek dependentzia sor dezakete, eta hori saihesteko hobe da profesional batek gainbegiratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.