Lizarrako 2. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin du Rodrigo Garcia de Galdianok Lizarrako (Nafarroa) Udaltzaingoaren buruaren aurkako auzibidea. 2023ko abuztuko festen hasieran, Garcia de Galdianok indarrez atera zuen Elisabet Ziordia EH Bilduko zinegotzia udaletxeko balkoitik, hark ikurrina zabaldu zuenean. Lizarrako jaiei hasiera emateko txupinazoan gertatu zen. Ziordiari balkoira ateratzeko txanda iritsi zitzaionean, ikurrina zabaldu zuen balkoipean zeuden herritarren aurrean. Segituan, udaltzainen burua agertu zen, eta balkoitik atera zuen zinegotzia, indarrez.
Poliziak, indar fisikoa erabili, eta zenbait zauri egin zizkion zinegotziari; hark auzitara jo zuen, baina epaitegiak bidea itxi dio salaketa horri. Ez hori bakarrik: epaileak ikertu gisa deitu zuen Ziordia, eta lekuko gisa udaltzaina, eta, orain, deliberatu du udaletxeko balkoian gertatutakoa agintaritzaren aurkako delitua izan daitekeela. Beraz, Ziordia zinegotzia jarri du jomugan epaileak, fiskaltzara eta akusazio partikularrera igorri baitu orain arteko ikerketa, epaiketa abiaraz dezaten hamar eguneko epean, hala nahi izanez gero.
Alkatetza, UPNrena
EH Bilduko zinegotziak aukera dauka helegitea jartzeko Lizarrako epaitegiaren erabakiaren aurka. Koalizio abertzaleak adierazi zuen festa hasierako gertaeraren ondoren «beste behin ere» agerian geratu dela «egin beharreko bidea»: «Bada garaia ikur guztiak eta adierazpen askatasuna errespetatzeko».
Alderdi subiranistak bost zinegotzi ditu Lizarran. Garcia de Galdiano polizia hauteskundeen ondoren izendatu zuten udaltzainen buru. UPNk alkatetza berreskuratu eta Marta Ruiz de Alda alkateak hartutako lehen erabakietako bat izan zen. Garcia de Galdiano lehendik ere aritua da lanpostu horretan. Izan ere, aurreko agintaldiaren hasieran jardun zuen Udaltzaingoaren buru, EH Bilduk alkatetza eskuratu zuen arte.