Lizarran etxeko ospitalizazio zerbitzua «ixteko arriskuan» direla salatu du LABek

Sindikatuaren irudiko, zerbitzua udan ixtea «plangintza txarraren ondorio» da. Estellerriko zerbitzua itxiz gero pazienteak Iruñera igorriko dituztela esan dute.

Lizarrako Garcia Orkoien ospitalea. IÑIGO URIZ / FOKU
Lizarrako Garcia Orkoien ospitalea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko ekainaren 10a
17:00
Entzun

LAB sindikatuak salatu du Lizarran (Nafarroa) etxeko ospitaleratze zerbitzua behin-behinean ixteko asmoa duela hango osasun barrutiak. «Lizarrako osasun barrutiko kudeatzailea ez da gai izan arazoari konponbide bat bilatzeko, eta litekeena da uda osoan herritarrak etxeko ospitalizaziorik gabe uztea berriz ere». Sindikatuak azaldu du, gainera, Osasunbideko kudeatzaileek eta zerbitzuburuek ez dietela itxiera aurretik jakinarazi, eta uste dute arduradunek ez dutela «gaitasunik» egoera onbideratzeko.

«Etxeko ospitalizazioaren itxierak, itxura batean uda guztirako izanen denak, argi eta garbi erakusten du plangintza txarra egin dela, eta, horren ondorioz, erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratuko dituzte», adierazi du LABek, ohar batean. Osasunbideko itxaron zerrendak murriztea «aitzakia» dela gehitu du sindikatuak, eta, horri helduta, Nafarroako osasun kudeatzaileak «estaldurarik gabe» utziko dituela paziente kronikoak eta Estellerriko oinarrizko osasun arta: «Gure sindikatuak behin baino gehiagotan salatu du eskualde hori desegiteko ahalegina, bai eta prozesu anbulatorioen aldeko apustu garbia ere, alde batera utzita herritarren arreta integrala».

LABek uste du Lizarrako osasun profesionalen «lan onari esker» mantendu dela orain arte zerbitzua, «baliabide material eta pertsonalen eskasia handia baita». Areago: Lizarran behar bezalako osasun etxerik ez dagoela salatu dute sindikatuko arduradunek, eta horri gehitu diote azken hilabete eta urteetan salatu dituzten zerbitzu murrizketak; hala nola «arreta ginekologikoan gertatzen diren atzerapenak, espezialisten falta endemikoa eta osasun etxeetako langile falta, besteak beste». Hori guztia, baina, Lizarrako osasun arretaren «hondamendiaren isla» besterik ez da LABen ustetan, «zeinaren ondorioz herritarrek kanpora joan beharko baitute arreta duina jasoko badute».

Aurreikuspen falta

Sindikatuak oharrean dioenez, Lizarrako osasun barrutiak «langile fakultatiborik eza» erabili du argudiotzat etxeko ospitalizazio zerbitzua udako hilabeteetan eteteko. LABentzat, ordea, aurretik konpondu beharreko auzia zen hori: «Eskualdean bizi diren pertsonen kopuruak nabarmen gora egin duen arren, udan bisitari gehien izan arren eta jarduerak behera egin ez duen arren, osasun barrutiak erabaki du etxeko ospitalizazioa ixtea, langile fakultatiborik ez dagoela argudiatuta, baina hori duela hilabete batzuk aurreikusita eduki beharko lukete. Ezin dute esan etxeko ospitalizazioaren jarduerak behera egiten duela udan; aitzitik, iazko abuztuan okupazio indizea % 82tik gorakoa izan zen, Iruñekoa eta Tuterakoa baino handiagoa, eta horrek modua eman zuen Lizarrako ospitaleak egoki funtzionatzeko».

Zerbitzua etenda pazienteak Iruñera bideratuko dituztela salatu du LABek, eta, horrez gain, Lizarrako profesionalen lan karga handituko litzateke: «Lan karga handiagoa izanen dute bai Lizarrako Ospitaleko ospitalizazio arloko langileek, bai oinarrizko osasun laguntzako langileek, haien jarduera handitu egingo baita ezinbestean». Sindikatuak argi utzi du, hala ere, langile guztiek dutela oporrak hartzeko eskubidea, eta ez direla haiek «kudeaketa lanen gabezien erantzuleak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.