Politika

Lizarra-Garazi «oroitzapen txarra» da Estebanentzat

Bihar 25 urte beteko dira Lizarrako adierazpena aurkeztu zutenetik, eta, prozesu horren harira, EAJko diputatu Aitor Estebanek esan du ez zela izan «esperientzia ona».

Aitor Esteban, uztaileko kanpaina politikoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2023ko irailaren 11
12:31
Entzun

Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaile Aitor Estebanek ez du oroitzapen onik Lizarra-Garaziko prozesuari lotuta. Harentzat, «oroitzapen txarra» da; «ez zen esperientzia ona izan», esan du ETB1ean emandako elkarrizketa batean. Lizarra-Garazi mugarria izan zen estreinako aldiz hainbat alderdiren eta eragileren adostasuna lortu zuelako, baina, azkenean, zapuztu egin zen. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik prozesu horren «norabidea» berreskuratzeko deia egin du, baina Esteban ez dago horren alde.

«Nik, nire aldetik, oroitzapen txarra dut, zeren eta, azkenean, nahi izan zuenean, ETA joan egin zen, eta ezker abertzaleak ez zuen ihesaldi hori gaitzetsi; eta ez zuen egin, gainera, Blanco teniente koronela hiltzen joan zenean». Estebanek uste du Lizarra-Garaziko itunean «denen konpromiso handia» egon zela, «eta nire alderdi guztiarena, bakea benetan lortzeko». Baina prozesua zapuztu egin zen «ETAren eta ezker abertzalearen aldetik interes politikoa» egon zelako, EAJko diputatuaren arabera: «Irudi bat eman nahi izan zuten, eta, gero, joan egin ziren».

Ikusi gehiago:Lizarra-Garazik 25 urte: 'Hesiak zubi bilakatuta'

Edonola ere, «nazio gisa» defendatu behar da Euskal Herria, Estebanen ustez: «Esan beharrik ere ez dago». «Niretzat ere zazpi lurralde dira, nahiz eta egoera desberdinak dituzten», jarraitu du. EAJk «beti» defendatu du, Estebanek azaldu duenez, «dinamika desberdinak» egon behar direla Euskal Herriko lurraldeetan: «Oraindik gogoan dut ezker abertzaleak leporatzen zigula Nafarroarekin ez genuela ardurarik, eta bakarrik hiru lurralde zeudela guretzat».

Estebanek nabarmendu du EH Bilduk beste estrategia bat duela orain. «Haiek sartu ziren gure dinamikan. Azkenean, hiru esparru baitaude, egia bat da hori, eta aurrera egin nahi baduzu, esparru bakoitzera egokitu behar duzu». EAJko Kongresuko bozeramaileak erantsi du «zazpi lurraldeei» begiratu behar zaiela, «baina kontuan hartuta ez dela bihar goizerako gauza bat izango». «Jendeari egia esan behar zaio», osatu du bere ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.