Euskarak, katalanak, aragoierak eta okzitanierak mendeak daramatzate bizirik Pirinioetan, eta, katea eten ez dadin, martxan da Linguatec-IA proiektua, adimen artifiziala erabilita hizkuntza gutxitu horien garapen teknologikoa bultzatzeko. Sustatzaileek bilera bat egin dute gaur Baionan, eta agerraldi bat egin dute gero, egitasmoaren jomugak eta lan martxa ezagutarazteko. Besteak beste, nabarmendu dute helburuetako bat dela Iparraldeko euskararen berezitasunak aintzakotzat hartzea; Iker euskara eta euskal testuen ikerketa zentroak ekarpena egingo du hori lortzeko.
Askotan aipatu da hizkuntza gutxituek zailtasun handiagoak dituztela digitalizaziorako bidean, eta, alde horretatik, «lankidetzak» berebiziko garrantzia du. Elhuyarreko ordezkari eta proiektuaren koordinatzaile Itziar Cortesek halaxe adierazi du gaur Baionan: «Partzuergo honetan parte hartzen dugun erakundeon nahia da hizkuntza ez izatea muga bat elkarlanerako». Izan ere, mugak haustea dute helburu, eta hizkuntza bakoitzari dagokion tokia ematea: «Eleaniztasuna sustatuz, muga linguistikoak murriztu: hori da ideia». Partzuergoko kide bakoitza bere hizkuntzaren gaineko lanketan ari da. «Bakoitza bere esparruan, baina gero plataforma batean elkartuko dugu dena, eta saiatuko gara dena modu bateratuan eskaintzen gizarteari».
Egitasmoak «inpaktu» zabala izango duela nabarmendu du Cortesek. Lagungarria izango da ikertzaileentzat, hazten jarraitzeko. Enpresa eta erakunde publikoentzat ere onuragarria izango da, gero eta tresna ahaltsuagoak sortzea baita helburua. «Adibidez, testuak ahots goran entzuteko aukera emango duten teknologiak garatzeko, edo ahots bidez komunikatzeko eta gero hori testura pasatzeko».
Plazara atera nahi dute gero dena. «Guretzat garrantzitsua da hemen sortzen ditugun baliabideak gizartearen zerbitzura jartzea». Linguatec webgunea erabiliko dute horretarako. Azken helburu bat ere badute: lortutako baliabideak plataforma batean jartzea, itzulpen automatikoaren bidez elkarren berri errazago izateko, esate baterako.
Emaitzak
Datuak biltzen ari dira orain, zer corpus dauden ikusteko. Gero «esperimentazioa» hasiko da, eta hortik helduko dira emaitzak. Cortesek martxan diren hainbat lan ildo aurreratu ditu: «Adibidez, itzultzaile automatikoak sortuko ditugu hainbat hizkuntza bikoterako; batzuk badaude dagoeneko, eta hobetu egingo ditugu; beste batzuk sortu egingo ditugu». Hizkuntza gutxituak izanagatik ere atzean gera ez daitezen: «Oso garrantzitsua da geure estrategiak garatu ahal izatea».
Ikerrek eskura dituen grabazioak, testuak eta antzekoak egitasmoaren esku utzi beharko ditu; era horretan, hemendik aurrera garatzen diren tresnek aintzat hartuko dituzte Iparraldeko euskararen berezitasunak, gero eta doiago. «Euskararentzat egokiak izango diren adimen artifizialeko tresnak lortzeko, funtsezkoa da mugaren alde bietako hizkerak kontuan hartzea», nabarmendu du ikerketa zentroko zuzendari Urtzi Etxeberriak.