Euskararen alorrean «inposizioak» kentzea izan da Eusko Jaurlaritzaren zeregin nagusia hizkuntza politikan: lanpostu publikoetan pisu txikiagoa izan du euskara jakiteak, eta saltoki handietan libre izango dute euskaldunei kasu beren hizkuntzan ez egitea. Euskara holakoekin ez, herritarrak «limurtuta» bultzatu behar dela esan du gobernuak. Euskalgintzako eragileak limurtzen apenas jakin duen: diru laguntzen harira ika-mikak izan dituzte. Orain lau urte baino %13 txikiagoa da euskara sustatzeko inbertsioa: ia 1,7 milioi gutxitu dute aurrekontua. Liskarrak etxean ere izan dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan, dimisioak direla tarteko. Inguruko gobernuekin jakin dute harremana gozatzen. Epea amaituta, bidean geratu da Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.
Euskara kanpainaurrean hartu zuen hizpide PSEk, eta orduan zedarritu zuen ondorengo jarduna. Euskara askatasunean agiria aurkeztu zuen Patxi Lopezek. Derrigortasunak kentzea ezinbestekotzat jo zuen adierazpen hartan PSEk, eta horretan jardun du agintaldi osoan. Lanpostuetan: administrazio orokorreko deialdian %63ri jarri zieten hizkuntza eskakizuna —azken deialdian, 2000n, %73k zuten—, eta meritu gisakoetan ehundik zazpi puntu —2000n, 11,7—; hezkuntzan, urteetan ez bezala, lehen hizkuntza eskakizuna jarri zuten Haur Hezkuntzan; Osakidetzan azterketa eredua aldatu dute euskarak pisu txikiagoa izateko...
Hizkuntza eskakizunik ez eskatzeko bidea zabaldu du, gainera, Jaurlaritzak: D eta B ereduetako ikasleek ez dute euskara maila egiaztatu beharrik izango lanpostu publikoetarako, ikasketa mailaren arabera. Unibertsitateko ikasleek C1 maila izango dute —bigarren hizkuntza eskakizuna, EGA—; Batxilergokoek, B2 —lehen hizkuntza eskakizuna—. PSEren ustez, euskara indartzeko «akuilua» izango da neurria. Euskararen ezagutzari buruzko datuak: DBHn, ikasleen %36k ez dute gutxieneko maila pasatzen.
Alor pribatuan ere egin dituzte aldaketak. Aurreko legealdian dekretu bat onartu zen saltoki handiei agintzen ziena euskaldunei euskaraz egiteko modua jartzeko. Atzera bota dute hori, zigorrak aurreikusten zituelako. Argudiatu dute bide hori ez dela egokiena.
Etxezarretaren dimisioa
Aldaketa horiek egin bitartean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan bertan ere izan dira aldaketak. Kargua hartu eta urte bat joaterako, alde egin zuen Ramon Etxezarretak. Ez zuen arrazoi zehatzik eman. «Deseroso» zegoela adierazi zien lankideei. Lurdes Auzmendik hartu zuen lekukoa. Ez zen dimisio bakarra izan.
Gorabeherak euskalgintzarekin ere izan dira. Jaurlaritzaren ekimenek ezinegona eragin zuten. Laguntzei eusten ari zen, hala ere, eta eutsiko ziela agintzen. Azkar aldatu ziren kontuak. Gobernua hartu zuenean, Jaurlaritzak 13,1 milioi bideratzen zituen euskara sustatzera; aurten, 11,4. Inbertsioa %12,93 gutxitu dute agintaldian. Gehien, iaztik: 1,1 milioi.
Euskarazko komunikabideentzako laguntzek izan dute jaitsiera handiena: 2009an baino 850.000 euro gutxiago eman dizkie Jaurlaritzak, %14,85 gutxiago; BERRIAk 2009an baino 155.063 euro gutxiago jaso ditu aurten. Hedabideen atzetik, honako hauek dira mozketa handiena jasan duten alorrak: LanHitz programa (425.000 euro gutxiago; %15,7), euskalgintza (187.000 euro; %14), IKT informazio eta komunikazio teknologiak (161.800 euro; %10), eta EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (70.000 euro; %4,12). Euskaltegiek ere nozitu dute mozketa. Proportzioa kalkulatzeko: Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontua 2009koa baino %0,4 txikiagoa da.
Gobernuekin erlazio hobea
Euskalgintzarekin baino erlazio samurragoa izan du Jaurlaritzak inguruko gobernuekin. EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin urtero sinatu ditu hitzarmenak, aurreko gobernuaren gisan —horietan ere mozketa handiak izan dira—. Iruñeko gobernuarekin ere lortu ditu itunak: tituluak partekatzea eta ikerketak elkarrekin egitea adostu dute, besteak beste; hori bai, zehaztasunik gabe eta dituzten diru baliabideen arabera.
Bidean geratuko dira planak: Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ez da legebiltzarrera iritsi. Euskararen Aholku Batzordeak taxutu du plana. Jon Juaristi jarri zuten talde hartan; euskararen aurka maiz hitz egin du. Batzordearen lehen bileran egin zuen Lopezek agintaldiko esaldi sonatuenetako bat: « Indarkeria amaitzean, euskarak bat egingo du askatasunarekin behin betikoz».
Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (II). Hezkuntza eta hizkuntz politika
«Limurtzen», diru gutxiagoz
Derrigortasunak kentzera eta euskarak lanpostuetan duen tokia gutxitzera jo du PSEren gobernuak. Diru laguntzak eztabaida iturri izan dira: lau urtean %13 gutxitu dituzte, ia 1,7 milioi euro gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu