Ingurumen ekonomian aditua, BC3 klima aldaketarako euskal zentroko ikerlaria da Unai Pascual irakaslea (Gasteiz, 1973). Gertutik eta adi ari zaie erreparatzen Limako goi bilerako gorabeherei. Izan ere, urteotan egin den bilera inportanteena da aurtengoa, berebizikoa, Pariskoak arrakasta izatea nahi bada.
Zergatik da garrantzitsua Limako goi bilera?
Oso garrantzitsua da, oinarriak jarri behar direlako hurrengo urteko Parisko goi bileran Kyotoko beste protokolo bat zehazteko eta aurrera eramateko. Eta Liman jakingo dugu beste Kyoto bat izango den edo ez. Izan ere, etxeko lanak ez badituzte egiten, ezingo dira oinarriak jarri hurrengo urtean egin behar den lan guztia egiteko. Hau da, herrialde bakoitza bere estrategiarekin eta bere kasa joango da Parisera. Zorabio horretan ezer gutxi aurreratu ahal izango da, eta ezin izango da sinatu Kyotokoaren moduko beste protokolo bat.
Kyotoko protokoloa berritzea berebizikoa iruditzen zaizu?
Dudarik gabe. Galderarik garrantzitsuena da datorren urteari begira ea lortuko dugun munduko herrialde guztiak sartzea protokolo batean —eta ez Kyoton bezala, herrialde garatuak bakarrik—. Hau da, Brasil, India, Txina ere sartu beharko dira konpromiso jakin batzuekin, eta hori da zailena. Konpromiso horiek, gainera, legez bete beharrekoak izan behar dute, eta hori da Liman daukaten lanik garrantzitsuena. Hau da, adostea bakoitzaren konpromisoa, zer neurri, zer zehaztapen behar diren.
Bilera giro baikorrean hasi bazen ere, badirudi giroa hozten ari dela. Zer iruditzen zaizu?
Atzera begira, eta daukagun esperientziatik, ia ziur naiz eduki genitzakeen espektatibak ez direla beteko. Hori baztertuta, ea eduki genitzakeen gutxieneko espektatibak betetzen diren. Azken minutura arte baikortasun hori edukiko dut, baina betiere gutxienekoen arlo horretan mugituta, eta ez, inola ere, niri gustatuko litzaizkidakeen espektatibetan.
Zeintzuk dira bilera ondo amaitzeko oztopo nagusiak?
Uste dut bi traba nagusi daudela. Lehen traba da garatzen ari diren herri erraldoiek —Txina, India, Brasil...— izan dezaketen egitekoa. Haiek, arrazoi handiarekin, eskatzen dute herrialde garatuek, AEBek barne, euren etxeko lanak egitea, bete beharreko moduan eta zehaztapenez adieraztea zertan konprometituko diren. Zeren haiek hasten ez diren artean, besteak ez dira mugituko, eta gerra hotz moduko bat nagusituko da. Inork ez du pauso handirik eman nahi, baina denek nahi dute besteak mugitzea.
Eta beste arazo nagusia zein da?
Beste arazo handiena da Cancunen herrialde garatuek esan zutela 2020rako eta hortik aurrera urtero 100.000 milioi dolarreko diru laguntza emango dietela herrialde ez-garatuei, euren politikak egokitzeko. Borroka nagusia hor dago. Herrialde ez-garatuek esaten dute beharrezkoa dutela diru hori eurak jasaten ari direlako klima aldaketaren ondoriorik latzenak, eta diru hori ez dela iristen. Beraz, nahi dutena da konpromiso zehatza jakiteko zenbat diru jartzeko prest dagoen bakoitza, eta berme bat. Herri garatuek, batez ere AEBek, zehaztapenetatik ihes egin nahi dute. Esan dute 3.000 milioi eman dituztela funts berderako, baina oraingoz 10.000 milioi besterik ez dago.
Zientzialariek marra gorritzat jo duzue bi graduko berotze orokor hori. Zergatik?
Zientzialari askok diote bi graduk ez luketela helburu izan behar. Munduaren tenperatura bi gradu igotzea izugarrikeria da. Eta zergatik aipatzen da, orduan, bi graduko muga hori? Bada, maila arriskutsua gaindituko litzatekeelako. Jakina, arriskutsu hitza subjektiboa da, eta batentzat arriskutsua dena agian beste batentzat ez da horrenbeste. Bada, bi gradu eskatzen ari dira, hain zuzen ere, beranduegi delako zero graduko igoera eskatzeko. Alegia, marra hori pasatu dugu, besteak beste, atmosferan karbono asko pilatu delako jada: zero gradukoa izateko egin beharko litzatekeen esfortzua egiteko, zientzialari askoren arabera, beranduegi gabiltza.
Zein dira agertoki posibleak?
Ez bada ezer egiten, bi gradu horiek 30 urtean gaindituko dira. Alegia, Parisen ez bada akordio orokor bat lortzen, hor egongo gara 30 urtean, eta lau gradura iritsiko gara 60 urtean. Horrek esan nahi du lehen aurreikusita geneuzkan ereduak ez direla oso zehatzak eta berotze prozesua uste baino azkarrago doala. Kontu erdi politiko erdi zientifikoa da. Beraz, egiten dira txosten zientifikoak —IPCCk—, eta gero politikariek jokatu behar dute. IPCCk egiten dituen txostenak oso leunak dira, pragmatikoak direlako. Alegia, dugun sistema ekonomikoa hamarkada batean errotik aldatzea ezinezkoa delako.
Zer deritzozu AEBek eta Txinak azaroan aurkeztu zuten akordio horri?
Batetik, baikorra dela. Izan ere, halako akordiorik ez da izan orain arte. Baina, aldi berean, oso helburu apalak azaldu dira. Baina positiboa da lehen mezua bota dutela, txikiegia izan arren. Orain arte guztiz itxita zegoen ate baten sarraila irekitzen ari da. Baina, bestetik, beldur naiz Parisen akordio bat ez bada lortzen hau poker partida bat izango dela. Alegia, Txinak, AEBek, Europak eta gainerako kutsatzaileenek akordio boluntario bat lortuko dute, non beste herrialde guztiak kanpoan geratuko diren.
Hori txarra litzateke?
Jakina, eta horixe nahi duteAEBek. Eta, segur aski, Txinak ere horixe nahi du. Horregatik dut kezka ez ote diren saiatuko Limako goi bilera zapuzten, klub txiki batean elkartu eta beren akordioa egiteko. Txina eta AEBen arteko alde biko akordioa horren aurrekaria izan daiteke.
Euskal Herria ere herrialde kutsatzaileenen artean dago. Egiten ari al gara etxeko lanak?
Nire ustez, oso epel ari gara gai honetan. Aitzindari lana egin genezake, zeren zenbat eta beranduago ekin gai honi orduan eta garestiago aterako zaigu inbertsioa. Agintariek ere badakite hori, baina ez dut ikusten gai hau lehentasunen artean. Eta adibide bat: Patxi Lopezen gobernuak bazuen klima aldaketaren aurreproiektu bat, eta hori oso garrantzitsua da egin behar ditugun pausoak zehazteko. Oraingo gobernuak, krisiarengatik edo auskalo zergatik, aurreproiektu hori baztertu du.Legea ez izateak, Eskoziak eta beste batzuek duten bezala, asko esan nahi du.
Fracking-aren inguruko ikerketak agindu dira. Ez dirudi egokiena erregai fosilen gizartetik irteteko.
Argi ikusten dut erregai fosilen ereduarekin jarraitzea astakeria dela. Ez genuke ikusi behar fracking-a trantsizioko teknologia baten moduan, eta hori ari zaizkigu saltzen. Uste dut hasi behar dugula inbertitzen beste teknologia inteligenteago batzuetan. Diru publikoa birbideratu beharko litzateke gizartea beste modu batera ikertzera eta antolatzera. Energia krisi betean gaude, eta zergatik ez Euskal Herriko buru argienak horretara ez bideratu energia eredu berri bat lortzera? Elementu estrategiko bat da hori.
Klimari buruzko goi bilera Liman. Elkarrizketa. Unai Pascual. BC3 zentroko ikerlaria
«Liman jakingo dugu beste Kyoto bat izango den edo ez»
Kyotoko protokoloa berebizikoa da klima aldaketari erantzuteko. Liman akordiorik ez lortzeak oztopo handia jarriko luke bide horretan. Azken minutura arte adi egon behar dela uste du Pascualek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu