Martin Arbeo Sarriugarte Ipar Hegoa fundazioko kideak Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak (Txalaparta, 2024) liburua aurkeztu du gaur Bilboko Iratzar gunean, egungo trantsizio egoeraren sintomei eta gakoei erreparatuz, begirada Europan ezarrita.
Liburuxkan nazioarteko ordenaren haustura eta horrek eragindako ezegonkortasuna izan ditu hizpide Arbeok, eta nazioarteko geopolitikaz aritzean protagonista nagusi izan ohi diren bi protagonistetatik —AEBak eta Txina— haratago, Europari erreparatu nahi izan dio. «Non kokatzen da Europa trantsizio geopolitiko batean?» galderari erantzun bat eman nahian. Lanean defendatu du martxan dela «munduko boterearen birbanaketa fase sakon bat», eta testuinguru horretan «gatazka eta tentsio geopolitikoak areagotu» direla. Eta hor kokatzen da «Mendebaldearen dekadentzia prozesua», Arbeoren esanetan. Hori guztia, krisi ekologikoak bustita ageri ere.
Horretarako bost ataletan banatu du lana. Munduak bizi duen aldaketa geopolitikoa aztertzetik hasi du liburuxka; hau da, «Mendebaldearen gainbehera» eta «mundu multipolar» bateranzko bidearen azterketatik, eta jarraian haren ondorio diren «kaos sistemikoak» eta «gerra soluzioak» jorratu. Hain zuzen, hirugarren atalean AEBek eta Txinak egoera horiei emaniko erantzunak ditu hizpide, eta laugarrenenean, Europako batasunak testuinguru horretan erakutsi dituen «noraeza eta berrarmatze prozesua». Liburuari amaiera emateko, berriz, Arbeok zenbait kontzepturen gainean idatzi du: gerra, sozialdemokrazia, bakea, bizitza.
Arbeorekin batera, aurkezpen agerraldian parte hartu dute Iratzar fundazioko Andoni Olariagak eta Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrulak. Izan ere, lana Iratzar fundazioaren eta Txalaparta argitaletxearen Iparrorratza bildumaren bederatzigarren alea da. Bilduma hark xede du «pentsamendu kritikoarekin lotutako gaiak» biltzea, egungo eztabaidak «liburuxka arinetan» jorratuz, «borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragiteko asmoz». Hala, bilduma hartako azken lanetako batzuk dira Miren Arangurenen, Monika Mendiberriren eta Ainara Santamariaren Ez dadin bizitza eten eta Jokin Bergararen Adaxka lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak liburuak.