Lidl kateak zezinezko produktu bat erretiratu berri du Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako supermerkatuetatik. Friber markakoa da, eta oliba oliotan egindako eta xerratan moztutako haragia da. Produktu horietan Listeria monocytogenes izeneko bakterioa aurkitu dute, zeinak eritasun gastrointestinal larriak eragiten ahal dituen.
Kateak adierazi duenez, produktuaren ekoizleak berak eskatu du iraungitze data uztailaren 11 duten sorta guztiak itzultzeko. Produktua Hego Euskal Herrian zehar zabaldu zutenez, kateak eskatu die erosi zuten guztiei ez dezatela kontsumitu eta edozein dendatan itzuli dezaketela, non dirua itzuliko zaien –baita tiketa aurkeztu gabe ere–. Kateak adierazi duenez, saltzen dituen gainerako produktuei ez die eragiten bakterioak.