EAJko buruzagi egonkorra izan da hamar urtez Andoni Ortuzar (Abanto, Bizkaia, 1962). Izan ere, alderdiak inoizko erakunde botere handiena izandako aroa gidatu du Euzkadi Buru Batzarrean. 2013an jaso zuen Iñigo Urkulluren lekukoa, hura Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu ondoren, eta, 2023an abiatutako azken hauteskunde zikloa iritsi arte, erakundeen aginte zabal batek ematen dion egonkortasuna izan du aldean beti Ortuzarrek. Harik eta 2023ko udal eta foru hauteskundeen eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek alarma piztu zuten arte alderdian; ordutik, iraganeko lasaitasun horren zantzurik ez da Sabin Etxean.
Andoni Ortuzar kazetaria da ikasketaz, baita lanbidez ere: Bilboko Herri Irratian eta Deia-n aritu zen, 1987ra arte. ELA sindikatuko afiliatu gisa, Deia-ko langile batzordeko presidentea izan zen. 1987 hartan ekin zion ibilbide politikoari, aholkulari modura hasita, Jaurlaritzako Presidentetza, Justizia eta Garapeneko Sailean. Ondoren, hainbat kargutan aritu zen EAJren zerbitzura. 1999an, EITBko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, ia hamar urte geroago, Bizkai Buru Batzarreko lema hartu zuen, 2008an.
Iñigo Ukulluk EBBrako jauzia egin zuen urte horretan, eta haren lekua hartu zuen Ortuzarrek BBBn. Beste hainbeste gertatuko zen 2013an, Urkullu Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean: Ortuzar izendatu zuten EAJko presidente haren ordez.
Erabaki zail hura
EAJko presidente gisa ez zituen deliberazio erraz asko hartuko urte hauetan guztietan, baina Urkullluren erreleboa izan daiteke Ortuzarren erabakirik zailena. Jeltzaleen zuzendaritzak ez zuen argi ikusi azken hiru legealdietako lehendakaria berriro lehendakarigai izendatzearen egokitasuna, eta Imanol Pradalesen aldeko apustua egin zuen, Urkulluren haserrea eraginda, hasiera batean.
Zerbitzu sozialen kalitatearen gainbeherak erabat baldintzatu ditu azken bozak, eta Osakidetzaren egoerak modu berezian. EBBk irudi eta mezu berritua helaraztea behar-beharrezkoa ikusi zuen jokaleku horretan. Gidarien berrikuntza soilik erakundeen esparruan geratuko den ala alderdian ere aplikatuko duten ikustea falta da orain. Ortuzarrek ez baitu esan orain arte karguan jarraitu nahi duen ala ez. Igandeko Alderdi Egunak argi pixka bat eman ahal dio auzi horri.