Eneko Bidegainek (Baiona, 1975) azken hamarkadetako Euskal Herriko historiaren zati bat idatzi du Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia liburuaren bitartez (Pamiela). Historia errepikatzen dela ondorioztatu du.
Zerk eraman zaitu Kepa Anabitarterengana?
Elkarrizketa informal batean hasi zitzaidan haurtzaroko kontuak aipatzen, eta pentsatu nuen hor ez zegoela elkarrizketa baterako gaia, liburu baterako baizik. Ikusi nuen gure herriaren historia kontatzeko aukera.
Zergatik abiatu zara gurasoen haritik?
Berak egin zuen bidea ulertzeko zer girotan sortu eta hazi zen ulertzea komeni da. Aita EAJko zinegotzi hautatu zuten 1922an, Altzan [Gipuzkoa]. Pasaian bizi ziren [Gipuzkoa]. Industrializazio handia zegoen eta mugimendu sindikala handia zen. Langile gatazkez gain, gatazka nazionalak ere bazeuden. Kepa giro hartan sortu zen, 1934an.
Serafin Esnaola apaiza izan zen Anabitarteren bizimodua markatu zutenetako bat. Nola azalduko zenuke haren eragina?
Eliza guztia ez zen Euskal Herrian Francoren aldekoa. Bazen arlo antifrankista bat, errepresioa jasan zuena. Esnaolak herrietan izaten ziren umeentzako elkarte katolikoak erabiltzen zituen aisialdiaren izenean abertzaletasunaren haziak ereiteko. Hark ikusia zuen Kepak bazituela zenbait gaitasun antolaketarako, eta ardurak eman zizkion lehenik gazteen aisialdi taldeetan, eta gerora ELA klandestinoan. ELA ofiziala, 1936ko gerra ostean ihes egin zuena, Miarritzen zegoen [Lapurdi]. Eta Hegoaldeko enpresetan hasiak ziren modu klandestinoan ELA berreratzen. Kepa izan zen eraketa hartan zebiltzanetako bat. Artean EAJ eta ELA bat ziren.
Bai?
Bai. Garai hartan EAJn honako bereizketa hau egiten zuten: ikasketak zituztenak alderdira, eta ez zituztenak enpresatara, sindikalismora. Kepa abertzale bat zen, nahi zuen zerbait egin herriaren alde, eta ELA izan zen bide bat zerbait egiteko. Ez zen sartu ELAn EAJko kide gisa.
Esnaolak egin zuen akuilu lana, beraz?
Bai, Esnaolaren bidez iritsi zen Kepa Parisera, sindikalismoan formatzeko nazioarteko jardunaldi batzuetara. Han ezagutu zuen Jose Antonio Agirre [Jaurlaritzako] lehendakaria. Inpaktu handia izan zuen Keparengan. Esaten du hark eutsi ziola Eusko Jaurlaritzaren autonomiaren esentziari. Zeren kontua da alderdi sozialistak ez orduan, eta ez gero ere, ez zuela onartu hura. Sozialistek ez zuten nahi Jaurlaritza itzultzea 36ko estatutu hartara.
Zer berezitasun zituen estatutu hark?
Estatutu hartan, besteak beste, onartzen zen eskubidea armada bat izateko, moneta bat, unibertsitatea… maila goreneko eskumenak izan zituen indarrean egon zen artean. Lurralderik ez zuen apenas, indarrean egon zen aldian Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba frankistek hartua zelako. Bizkaiko zati batean egon zen hilabete batzuz indarrean. Hego Euskal Herri osorako autonomia izateko helburua zuen, eta Agirrek argi zuen Nafarroak barnean behar zuela. Agirrek esaten zuen autonomia estatutu hura indarrean jartzean itzuliko zela erbestetik.
Sozialistak ere gobernu hartan zeuden.
Sozialistak ez zeuden ados autonomia maila harekin, baina Agirreren gobernuan sartu ziren. Alderdi Sozialista ere erbestean zen. Han ari zen itzulera prestatzen, eta saiatu zen eragiten autonomia estatutu hura lausotzeko.
EAJk zer rol izan zuen?
Itxura guztien arabera, bazegoen Agirreren eta EAJren arteko tentsio bat. Juan Ajuriagerra zen EAJren orduko arduraduna, eta Keparen arabera, Agirre 1960an hil zenean, heriotza hark askatu zion bidea EAJri alderdi sozialistarekin akordioak egiteko.
ELA askatzeko ere bai, ezta?
Kepak esaten zuen ez zuela nahi ELA EAJren sindikatua izatea, eta gatazka horiek denek lagundu zuten alderditik askatzen.
Municheko Ituna ere gakoa izan zen bereizketa hartarako, ezta?
1962an Espainiako erresistentzia elkartu zen Munichen, Alemanian, frankismo osteaz hitz egiteko. Kepak berarentzat oso garrantzitsua izan zen pertsona bat ezagutu zuen han: Iñaki Aginaga. Aginagak egin zuen hitzaldi bat gaitzesteko EAJ Municheko Itunean sinatzeko prest zegoena, eta sinatu zuena azkenean.
Zer sinatu zuten?
Besteak beste, ukatzen zitzaion Euskal Herriari nazio izaera. Han diseinatu zen frankismo osteko akordioa, Franco hil ondorengo politikaren norabidea nolabait. EAJren eta PSOEren arteko elkarlana indartu zen, eta balio du esplikatzeko ondoren gertatu den guztia. 1962tik gaur arte, kenduta Lizarra-Garazi eta halako garairen bat, EAJ eta PSOE eskutik joan dira. Orduko gazteek, Kepak eta ingurukoek, gaitzetsi zuten akordio hura, Euskal Herriaren aitortza ukatzen zuelako.
«Munichen diseinatu zen frankismo osteko akordioa. EAJren eta PSOEren arteko elkarlana indartu zen, eta balio du esplikatzeko ondoren gertatu den guztia»
Horrek eragina izan zuen gero ELAren oinarriak ezartzeko orduan ere, ezta?
1963an ezarri zituzten. Kepak hartu zuen ELA barruko lidergoa, eta Aginagak idatzi zituen oinarriak. Askapen soziala eta nazionala elkarrekin doazela jaso zuten. EAJk bat egin zuen oinarri haiekin. Gero etorri zen haustura. Lehena, 1965ean. Hor sortu zen ELAberri, Keparen taldearekin eta. Baina 1969an hori ere zatitu zen, ELAberri berri ere sortu zen. Eta 1975 inguruan ere zatitu zen Keparen taldea. Baina hori uste dut munduko mugimendu ezkertiar guztietan gertatu zen zerbait izan zela.
Baina ez zuen politika utzi, ESB sortu zuen, Euskal Sozialisten Biltzarra, 1975ean.
Bai. Hainbat iturritatik etorritako pertsonak bildu ziren han, tartean izan zen Txillardegi bera ere. Sukursalistak ez ziren sozialistak batu nahi zituzten. Baina 1978ko hauteskundeetan porrot egin zuten, eta desagertu egin zen.
Ez liskarrik gabe.
Ez. Ordurako Aginagarekin banandua zen. Hauteskundeetan ez parte hartzea defendatzen zuen hark. Parte hartuz gero, nolabaiteko zilegitasuna ematen zitzaielako erakunde haiei. Kepak uste zuen agian etor zitekeen autonomia negoziatzeko aukera egon zitekeela hauteskunde haietara joanda. Kepak akats gisa ikusi izan du gerora hauteskundeetan parte hartze hura. Finean, Munichen hartutako bide hura indartu zen.
Politika utzita, enpresa mundura itzuli zen. 1963an Irizar kooperatiba gisa eratu zenean, kudeaketan aritu zen. Gerora beste lantegi batzuetan ere aritu zen. Enpresa munduan zaildua zegoen, baina lan ibilbidean EAJren itzala izan zuen.
ELA EAJtik bereiztearen erantzukizun nagusiena Keparena izan zen, eta EAJk inoiz ez zion barkatu. Kepak zailtasunak izan zituen lana bilatzeko, ateak ixten zizkiotelako. Behin EAJko kide bati eman zion zailtasunen berri, eta erantzun zion: hartu EAJren karneta. Hor ulertzen dira zenbait gauza. Gero beste lagun baten bidez hasi zitzaizkion beste ate batzuk irekitzen Zarautzen eta Lasarten (Gipuzkoa). Lagundu zuen Euskaldunon Egunkaria-rako lehen egoitza lortzen ere.
«ELA EAJtik bereiztearen erantzukizun nagusiena Keparena izan zen, eta EAJk inoiz ez zion barkatu»
Gertu izan ditu Ez Dok Amairu, Ikastolen mugimendua, Nestor Basterretxearen Amalur, Egunkaria, EKHE Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartearen sorrera, Gaindegia…
Ideologikoki jarrera zehatzak ditu, ahoan bilorik gabe egiten dizkio kritikak EAJri eta ezker abertzaleari. Baina beti babestu ditu bere ustez Euskal Herriaren alde intentzio ona izan duten ekimenak, kulturalak edo bestelakoak.Herria eraikitzeko ekimen guztiekin bat egin izan du, ez da sektarioa izan.
Nola laburtuko zenuke azken urteetako ekarpena?
Kepa batez ere ekintza gizona izan da, ideologoa baino gehiago. Ideologian Aginagaz gain, Joseba Ariznabarreta izan da bere erreferentea, filosofiako irakaslea. Haien planteamendua honako hau da: Euskal Herria herri gisa existitzen denez, herri gisako eskubidea badu, berez, eta hori ez da negoziatzen. Horrek esan nahi du autonomi estatutuarekin ez dutela bat egiten, Espainiarekin azpira negoziatutako estatutu bat dela uste dutelako. EAJri leporatzen diote bere estrategia izatea Madrilekin transferentziak negoziatzea, haiek izatea beti giltza. Gauza bera leporatzen zioten ETAri, estrategia zelako noizbait Madrilek negoziatu beharko zuela, eta berriz ere giltzak Madrilen esku jartzea egozten zioten. Hauek diote giltzak gureak direla. Uste dut hori dela Kepak garraiatu duen posizionamendu politikoa. Hori gero nola egiten den estrategikoki... Hori paperean polita da, baina korapilo horretan gaude, nola egiten den hori gero.
Agirreren autonomia estatutu hartatik, Municheko Ituna, Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza igarota, estatutuak berritzeko fasean sartuta daude Hegoaldeko gobernuak. Badirudi historia errepikatzen dela, ezta?
Bai, 70eko hamarkadako pasarteak idazten ari nintzenean, iruditzen zitzaidan oraingo gauzak idazten ari nintzela, zeren errepikatzen dira gaur egun ia-ia termino berdintsuetan zenbait eztabaida. Eta alderdi sozialistari dagokionez, bere alde lortu duena da akordioak egitea hemen irabazi duen alderdiarekin, ordezkaritza apala izanda ere. Zeren frankismoan karrikan ia ez ziren existitzen, komunistek indar gehiago zuten, eta abertzaleek, baina beti lortu dute akordioa egitea hemen irabazi duen alderdiarekin, EAJrekin, eta akordio horrekin beti egon dira aginte postuetan. Horrek segitzen du oraindik ere. Hauteskundeetan oso apal daude, kasu honetan EH Bildu eta EAJ baino, baina agintzen dute ia edozein baino gehiago, baldintzatzen dutelako ikaragarri politika. Nik uste liburu honek erakusten duena dela alderdi sozialistari nola ireki zaizkion ateak sozialki indar txikia izan duenean.