Mendeurreneko ospakizunen egitarauaz aparte, Eusko Ikaskuntzak atzoko agerraldian plazaratu zuen Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu berdea ere. «Abiapuntua» eta «lan tresna bat», Beatriz Akizu kongresuko Batzorde Zientifikoko bozeramaileak azaldu zuenez. «Begirada ideologiko anitz» eta «lurralde narratiba ezberdinak» jaso dituzte liburuan, diagnostiko gisa.
Xabier Alkorta 18. kongresuaren Batzorde Antolatzaileko presidenteak eman zuen orain arteko ibilbidearen berri. Haren esanetan, 2015. urte inguruan, galdeketa zabal bat egin zuten, ezagutzeko zeintzuk izango liratekeen Euskal Herriaren bost erronka nagusiak, horiei erantzun ahal izateko. Bost eremu horien inguruan beste horrenbeste egitasmo kudeatzen saiatu dira azken bi urte eta erdian. Bost lerro horiek hamabi gaitara zabaldu ziren ondoren. 11 mintegi eta hemezortzi foro sozial antolatu dituzte horiek lantzeko, eta 800 lagunek baino gehiagok hartu dute parte eztabaidetan. Gogoeta horren ondorio da Liburu Berdea: 224 orrialdez eta sei atalez osatutako dokumentua.
Akizuk zehaztu zuen asmoa ez dela izan adostasunak topatzea: «Prozesuak metatzailea izan behar zuen. Helburua ez zen kontsentsua bilatzea, begiradak pilatzea baizik. Ideia kontrajarriak topa daitezke beraz».
Metodologiaz eta herritarren parte hartze mailaz galdetuta, Dorronsorok esan zuen «aurreikuspen guztiak» gainditu dituela prozesuak: «2012-2013an lan metodologia hau proposatu genuenean, eszeptizismoa zen nagusi».
Zuria, kongresurako
Testu propositiboa, Liburu Zuria, kongresuan aurkeztuko dute. Hor jasoko dira Liburu Berdea-n idatzitako ideiei erantzuteko aukerak eta proposamenak, eta asteotan egiten ari diren foroak: «Horretarako, herritarren, eragile sozial eta politikoen, adituen eta instituzioen inplikazioa bilatu da, etorkizuneko lege garapenaren funtsezko oinarriak era egituratuan eta nazioartearen onarpenarekin biltzea baita helburua».
Eusko Ikaskuntza. Mendeurren ekitaldien aurkezpena
'Liburu Berdea' «abiapuntu»
'Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu berdea' plazaratu du Eusko Ikaskuntzak, herrialdeko erronken diagnostikoa egiteko. Kongresura bitartean, proposamenetara igaro nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu