LibreOfficerako ere egokitu dute Hobelex zuzentzailea

Euskararako berariaz sortutako teknologian oinarritu da UZEI zentroa

LibreOfficen erabil daiteke Hobelex zuzentzaile eguneratua. UZEI.
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Hitzeman genuen, eta lortu dugu». Hobelex euskarazko lexiko zuzentzailea LibreOffice programa sortarako erabilgarri jarri du UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak. Pozik azaldu da Joxean Zapirain UZEIko kidea: «Duela bi urte Hobelex sortu genuenean sekulako arrakasta izan zuen, baina ohartu ginen LibreOfficerako ere bertsio bat plazaratu beharko genuela, software libreko testu editoreetan gehien erabiltzen dena baita. Esan eta egin». Berrikuntza garbi batekin iritsi da Hobelexen azken bertsioa; gainera, euskararako bereziki sortutako teknologia garatu dute, Hunspell motor ezagunetik harago joanez. Windows, Linux eta Mac OS sistema eragileek instala dezakete lexiko zuzentzailea, batere ordaindu gabe.

Hizkuntzak etengabe aldatzen ari diren heinean, forma zein arau berriak eratuz doaz. Zapirainen ustez, eguneroko jardun horri ezin zaio «inola ere» bizkarra eman hizkuntza batean idazteko orduan. «Ez da aski zuzentzaile bat sortzea; programa hori eguneratu egin behar da. Izan ere, ortografia ez ezik, lexikoa ere aldatzen ari da, eta Hobelex da berrikuntza horiek biltzen dituen euskarazko zuzentzaile bakarra».

Gogorarazi du lantalde batek egunero «sekulako lana» egin behar duela horretarako. Goizero lanera iritsi eta euskarazko prentsan argitaratutako artikulu eta erreportaje guztiak «xehetasunez» irakurtzen dituztela azaldu du Zapirainek, «agertzen diren hitz ezezagunak hiztegiratzeko eta forma egokiak zehazteko». Euskaraz «zuzen» idazteaz gain, «hobeto» idaztea da helburua.

Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia Batzordearen arauak eta gomendioak betetzen ditu UZEIk. «Dena den, batzuetan hori ez da nahikoa». Izen berezi asko, esaterako, gorriz azpimarratzen dituzte zuzentzaile arruntek, baina horrek ez du esan nahi gaizki daudenik. «Hitzez hitz egiaztatuz joan beharrean, ongi daudenak bere hartan uzten ditu. Izen berezi batzuk araututa egon ez arren, saiatzen gara horiek ere gure lexikoan sartzen, erabiltzaileen lana errazte aldera».

2014an sortu zuen UZEIk euskarazko lehen lexiko zuzentzailea, «hutsune bati erantzuteko asmoz». Ordu hartan, euLEX izeneko datu base bat garatu zuten, 117.800 sarrera ingururekin. Bi urte geroago, %21 handitu da; 143.000 sarrera biltzen ditu jada. Besteak beste, Euskaltzaindiak urte hasieran 1.350 forma berri arautu zituen, eta Hobelexek handik bi astera sartu zituen bere datu basean. «Horrek zuzentzaileari sekulako estaldura ematen dio, eta erabiltzaileei nolabaiteko bermea».

«Euskara ez da hungariera»

Hobelexen bertsio berrituenak berezitasun bat daukala nabarmendu nahi izan du Zapirainek: lehenengo aldia da euskal zuzentzaile batek euskararako berariaz sortutako teknologia erabiltzen duena. «Orain arte, hungarierarentzat sortutako Hunspell motorra erabili izan dute zuzentzaile guztiek, baina horrek euskararentzat muga batzuk ditu, eta zuzenketa moteltzen du. Azken finean, euskara ez da hungariera».

Hobelexek ez dauka zailtasun berezirik. Zuzentzaile ortografikoek egiten duten moduan, gaizki idatzitako hitzak gorriz azpimarratzen ditu. Horrez gain, morfologikoki ongi egon arren, baliteke hitz horrek hobetsitako beste bat izatea; horiek urdinez azpimarratuko ditu programak. Gainean klikatu eta proposamen zuzenena eskaintzen du euskarazko zuzentzaileak: «Hori guztia garrantzitsua da gure erabiltzaileentzat, euskaraz txukun idazteko behar handia dagoelako. Era berean, guri ere ziurtasuna eta bermea ematen digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.