Euskal presoak. Josu Urrutikoetxearen auzia

Libre uztea erabaki du Parisek

Frantziako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea askatzea erabaki du, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Kartzelak egingarritasuna aztertuko du, eta epaileek hilaren 29an emango dute ebazpena

Josu Urrutikoetxea, 2002ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun

Josu Urrutikoetxea euskal presoa aske uztea erabaki du Frantziako Dei Auzitegiak, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Parisen badu etxe bat Urrutikoetxeak, herritar batek utzia, eta han jarriko litzateke bizitzen, sendiak kazeta honi esan dionez. Ez da, baina, berehala geratuko libre, Frantziako ohiko tramite bat segitu behar baita orain. Hots, La Sante kartzelak —han baitago preso iazko maiatzetik— epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertuko du —epea: uztailak 20—, eta Dei Auzitegiak hilaren 29an hori berretsiko du edo ez. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, erabakia berrestea izaten da ohikoena.

 

Dei Auzitegiko fiskalburuaren eskaera ontzat jo dute, beraz, epaileek —hiruk—. Presoaren askapen eskari bati buruzko auzi saioan, hura askatzeko eskatu zuen fiskalak atzo arratsaldean. Bat egin zuen defentsa abokatuen eskariarekin, eta esan zuen Urrutikoetxea libre dagoela Frantziako bi prozeduretan bi epaiketa ditu egiteko, Parisek ez duela horiengatik espetxeratzeko beharrik ikusten, eta ez dela egokia Espainiako prozedurengatik —bi euroagindu eta bi estradizio eskaera— preso izatea Frantzian.

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuek auzi saioan galdegin zuten Urrutikoetxea kontrol judizialpean askatzea, eta, behar izanez gero, eskumuturrekoa ezartzea, baina fiskalak ez du beharrezko ikusi kontrol judiziala izatea, eta nahikoa deritzo eskutumurrekoa jartzeari. Epaileek ere bai.

COVID-19a hasi zenetik, Urrutikoetxeak izan ditu auzi saio batzuk, baina espetxetik bideokonferentzia bidez agertu da. Atzo auzitegian izan zen, maskararekin. Haren gaixotasuna eta adina ere (69 urte) argudiotzat erabili dituzte abokatuek. Pandemia garaian, La Santeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen.

Dei Auzitegiak berak iazko ekainaren 19an kontrol judizialpean Urrutikoetxea libre uzteko erabakia hartu zuen, baina, Espainiako Gobernuak eskatutako euroaginduak tarteko, Frantziako Poliziak orduan bertan atxilo hartu zuen berriro, artean La Sante espetxean zela.

Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950), Frantziako Alpeetan, eta harrezkero preso dago. Ekainaren 19ko saioaz geroztik atzo arte, Dei Auzitegiak eta Kasazio Auzitegiak lau aldiz ukatu dute askapen eskaria, hirutan eta batean, hurrenez hurren—.

Barajasko eskaera, atzera

Dei Auzitegiak atzo bertan atzera bota zuen Urrutikoetxearen aurka Espainiak eskatutako euroagindu bat: gizateriaren kontrako krimenena; zehazki, Madrilgo aireportu Barajasen ETAk 2006ko abenduaren 30ean egin zuen atentatuari zegokiona —bi zibil hil zituen erakunde armatuak—. Urrutikoetxea, beraz, aske da Frantziako prozedura horretan. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua.

Kasua euroagindu eskaera zenez, Parisko auzi saioa teknikoa izan zen, prozedurari buruzkoa, mamian sartu gabekoa, eta Espainiak Barajasko erasoagatik Josu Urrutikoetxeari egozten dizkion gertakarien zehaztasun faltagatik —data...— bota du atzera Frantziako auzitegiak eskaera, baita kalifikazioaren desegokitasunagatik ere.

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak 2015eko urriaren 27an auzipetu zuen Urrutikoetxea gizateriaren aurkako krimenagatik, 2005etik 2007ra ETAren talde politikoaren buru izan zela jota. BERRIAk joan den azaroaren 12an argitaratu zuenez, Frantziako Barne Ministerioaren 2014ko txosten konfidentzial batek dakar ETAren «ildo gogorrak» Urrutikoetxea «baztertu» zuela T4ko atentatua baino pixka bat lehenago. Hain zuzen, Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitatearen txostena da. 2005-2007ko prozesuan, Urrutikoetxeak 2005eko ekainaren 21ean egin zuen, ETAren ordezkari bezala, lehen bilera Espainiako Gobernuaren mintzakidearekin, eta 2006ko irailaren 26, 27 eta 28an egin zituen bere azkeneko bilerak.

Urrutikoetxeak orain Frantzian bost auzi ditu zabalik. Atzo Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketaren harira egindako estradizio eskaera ere hizpide izan zuten, Espainiako Gobernuak eskatuta, eta informazio gehigarria eskatu zuten epaileek, preskripzioaz. Irailaren 30ean izango da hurrengo auzi saioa. ETApm-k hartu zuen bere gain Herguetaren hilketa (1980), eta Urrutikoetxea ez zen izan ETApm-koa, ETAm-koa baizik.

Herriko tabernen auzia ere aztertu zuten Parisko auzitegian atzo, eta datorren irailaren 30erako hitzordua jarri dute hor ere. Kasu hori euroagindu eskaera da, Auzitegi Nazionalak eskatua. Auzi horretan zigortu zituztenek gehienez ia bi urteko kartzela zigorra jaso zuten.

Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren kontrako 1987ko atentatuagatik gobernuak galdegindako euroaginduan, Dei Auzitegiak urtarrilean aldeko iritzia eman zuen, baina defentsak helegitea sartu zuen Kasazio Auzitegian.

Horiez gain, Urrutikoetxeari bi epaiketa egingo dizkio Frantziak: ETAko zuzendaritzako kidea izatea egotzita bat, eta 2011-2013an Oslon elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatea leporatuta bestea.

Josu Urrutikoetxearen auziaren kronologia

Le Figaro-k atzera egin du presoaren akusazio batean

(erreakzioak) Grande-Marlaskak «errespetua» adierazi die Frantziako auzitegiei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.