Joan den ostiralean, jatorri txinatarreko dendari batek eraso bat jasan zuen bere dendan, Arrigorriagan (Bizkaia). Dendariaren alabak salatu zuenez, hiru gaztek egin zioten eraso; horren ondorioz, dendariak zauriak ditu besoan, hankan eta aurpegian, eta ebakuntza egin beharko diote. Erasoaren ostean, gizonezko bat polizia etxera joan zen, eta bere burua entregatu zuen. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, epailearen aurrean deklaratu ostean libre utzi dute. Gizonezkoak 20 urte ditu, eta gorroto delitua eta lesioak eragitea leporatzen diote. Ertzaintza beste bi gazteen bila ari da.
Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak erasoa gaitzetsi du. Haren iritziz, gertatutakoa «egiturazko arazo baten adierazpidea» da: «Gizartean oraindik ere sustraiturik daude arrazakeria eta xenofobia, eta diskurtso arrazisten normalizazioa zenbait instituzio eta alderdi politikoren aldetik».