Libre utzi dituzte Ekinekin lotuta duela bi urte preso sartutako zortzi

Grande Marlaskak sartu zituen preso, eta Gomez Bermudezek askatu ditu, haren instrukzio auzitegian ari denez

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren iritzien kontra, Fernando Grande Marlaska epaileak duela bi urte preso sartutako zortzi lagun aske utzi ditu Javier Gomez Bermudez epaileak. Ekinekin lotuta atxilotu zituen zortzi lagunak duela bi urte Guardia Zibilak, eta behin-behinean preso eduki dituzte. Orain, Gomez Bermudezek 9.000 euroko bermea ordainarazi die Egoitz Garmendiari, Urko Aierberi, Aniaiz Ariznabarretari, Joxe Aldasorori, Rosa Iriarteri, Eneko Compainsi eta Erika Bilbaori, eta 5.000 eurokoa Ugaitz Elizarani. Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko zigor salako burua da orain, eta lehen kargu horretan zegoen Gomez Bermudezek hartu zuen haren instrukzio epaitegia. Beraz, hark darama Grande Marlaskak duela bi urte abiatutako instrukzioa.

Badaezpadako espetxe zigorra luzatu edo ez erabakitzeko auzi saioa egin zuten atzo —bi urte preso egon ostean egiten da—, eta, defentsak eskatu bezala, zortzi lagunak aske uztea erabaki zuen Gomez Bermudezek.

Epaileak atzo kaleratutako hiru orrialdeko autoan dio zortzi lagun horiek behin-behinean preso edukitzeko arrazoirik ez dagoela. Haiek giltzapean edukitzeko arrazoietako bat izango litzateke libre uztea ikerketaren kalterako izatea. Baina hori kasu honetan ez dela betetzen dio: «Ia bi urteko instrukzioan ez da froga iturririk gehitu».

Egozten zaien delitua berriz egiteko arriskurik ere ez dagoela dio Gomez Bermudezek. Izan ere, Ekineko kide izanda «ETAren komisario politiko» izatea aurpegiratzen zaie zortzi lagunei, eta AVT herri akusazioak berak azaldu zuen atzoko auzi saioan Ekin desagertuta dagoela —taldeak berak jakinarazi zuen hori iazko urriaren 1ean—.

Azkenik, preso daudenek ihes egiteko arriskua dagoen edo ez baloratu behar dela gogora ekarri du epaileak, eta, ihes egiteko arrisku hori beti dagoela azaldu ostean, arriskua zenbaterainokoa den neurtu behar dela dio. Haren iritzian, arrisku hori gutxituta dago orain, zortzi lagunei jar dakiekeen zigorraren herena preso pasatu dutelako jada. Beraz, haiek preso edukitzeko arrazoirik ez dagoela uste du epaileak.

Inkomunikatuta eduki zituzten garaian «tortura basatiak» jasan zituztela salatu zuten atxilotuek: gela ilun batean eta begiak estalita eduki zituztela, besteen galdeketak entzunaraziz; ariketa fisikoak eginarazi zizkietela; eskuak lotuta, gorputza apargomarekin bilduta eta buruan poltsa bat jarrita eduki zituztela; elektrodoekin simulazioak egin zizkietela; biluztu egin zituztela, eta kolpeak eta mehatxuak etengabeak izan direla. Biluztu egin zituztela eta bortxatzen saiatu zirela ere salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.