Libre Asteburua antolatu dute, epaiketei «herri gisa» heltzeko

Otsailaren 8an eta 9an egingo dituzte ekitaldiak, Gipuzkoan, Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnekiko elkartasunezBukatzear dira 35/02 eta 26/11 sumarioetako saioak; mobilizazioak areagotzera deitu dute

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
HB, EH eta Batasunaren eta Segiko kide izatea egozten dieten epaiketak azken fasean sartu direla eta, auzipetuek ohartarazi dute mobilizazioak areagotu behar direla. Auzi horiek «politikoak eta antidemokratikoak» direla uste dute, eta hori salatzeko eta «Euskal Herrian zabaldu den aro berriarekiko konpromisoa» adierazteko antolatu dute Gipuzkoako Libre Asteburua. Libre dinamikaren barruan, ekitaldiak egingo dituzte otsailaren 8an eta 9an Beasainen, Azpeitian, Tolosan eta Bergaran. «Herri gisa erantzuteko garaia da, pertsona libreak izan nahi dugulako herri librean».

Urrian hasi ziren 35/02 eta 26/11 sumarioetako epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean. 36 auzipetu daude lehenengoan, eta 40 bigarrenean —horietako lau ez dira epaitzen ari, ez zirelako auzitegira agertu—. Euken Villasante gazte auzipetuak nabarmendu zuenez, ezinbestekoa da epaiketen aurka eta bake prozesuaren alde mobilizatzea, eta epaiketak hasi zirenetik egindako ekitaldiak ekarri zituen gogora.

Horixe da, Joseba Permachen esanetan, epaiketak salatzeko eta «estatuaren blokeoa» gainditzeko modua. «Euskal herritarren artean zubiak eraiki, eta, Espainiaren itxikeriaren aurrean, ozen eta garbi adieraztea libre bizi eta erabaki nahi duen herri bat dagoela hemen», zehaztu zuen 35/02 sumarioko auzipetuak.

«Ez dute lortuko»

Urrian ere hala esan zuten, baina bere hitzetan, «gero eta ulertezinagoak» dira auzi horiek. Gainera, «blokeoa» gainditzeko urratsak egin direla iritzi arren, Permachek salatu zuen bere horretan dirauela «Espainiaren itxikeriak». Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina indargabetzeko emandako epaia, EPPKren azken agiria eta urtarrilaren 11eko manifestazioa aipatu zituen pauso horien artean.

Auzipetuen iritziz, «Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko arazoa» da epaiketek islatzen dutena, eta ez «ezker abertzalearen eta epaileen edo estatuaren artekoa». Horregatik diote, beren jarduera politikoaren aurka eginda, «Euskal Herria» dela epaitu eta zigortu nahi dutena, Euskal Herriko «aro berrian» emandako «aldaketa» dela «errepresioaren bidez» zapuztu nahi dutena: «Zorionez, Espainiako Estatua ez da lortzen ari nahi duena, eta ez du lortuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.