Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzia. Horixe izan zuten aztergai joan den astean Heize Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoetan. Besteak beste, Nerea Permach (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) psikodidaktikako doktorea eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria izan zen hizlari. Etapa batetik besterako trantsizioa behar bezala egitearen garrantzia ekarri zuen hizpidera: «Ezinbestekoa da trantsizio egoki bat egitea».
Hego Euskal Herriko sare publikoan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eraikin batean eskaintzen dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa, beste batean; itunpekoetan ohikoagoa da etapa guztiak eraikin berean egotea. Zergatik?
Ez dut hausnartu horri buruz. Pentsatzen dut tamaina kontua dela. Ikastetxe publikoek ikasle gehiago hartzen dituzte. Baditugu itunpeko ikastetxe oso handiak, bost edo sei lerrokoak, baina gutxiengoa dira; 11 lerroko bigarren hezkuntzako ikastetxeak ditugu, ordea. Ezin dut esan erabaki pedagogiko baten arabera egin ote den: ez dakit.
Beraz, eskola publikoetako ikasle askok, LH amaitzean, beste leku batean jarraitu behar dute DBH egiten. Nola egiten da jauzi hori?
Jardunaldian ikusi dugun bezala, diferentziak daude eskola batetik bestera. Zergatik? Batzuetan, herri edo auzo berean gertatzen da trantsizioa. Horrela gertatzen denean, badituzte nolabaiteko harrera planak -eta diseinatuta, bereziki bigarren hezkuntzako ikastetxeetan; aldiz, horrelako transmisiorik ez dago bailaraka-edo mugitzen direnean. Ikasle askok HH eta LH etxetik oso gertu egiten dute, herriko eskola batean, eta, gero, aldameneko herri batera joan behar dute bigarren hezkuntzara; salto handiagoa izaten da. Zailtasun gehiago topatzen dituzte ikastetxe horiek trantsizioa egiteko.
Aipatzen duzu batzuetan badagoela lotura; besteetan, aldiz, ez. Horrek nola eragiten die ikasleei?
Trantsizio egoki bat egitea ezinbestekoa da. Hezkuntza integralez hitz egiten dugu, eta, hezkuntza integralez hitz egiten badugu, ezinbestekoa da ibilbide integralez hitz egitea, bereziki alderdi emozionaletik ikusita. Beti esaten dugu etapa batetik besterako salto kualitatibo handi hori bikoitza dela. Egia da ikasle askok ilusioz eta erronka moduan bizi dutela, baina esperientziak esaten digu oso trantsizio zailak izaten direla ikasleentzat: normalean, oso eskola handi batera iristen dira;ordu asko tutore batekin egon beharrean, irakasle askorekin egoten dira...
Hori sumatzen zaie?
Horrek guztiak eragina dauka ikaslearen egoera emozionalean, baita akademikoki ere. Koordinatuta egiten bada, ikasleentzat oso baliagarria da, bai akademikoki, bai pertsonalki. Ausartuko nintzateke esatera Lehen Hezkuntzatik bigarren hezkuntzara ematen den salto edo trantsizio hori oinarrizko hezkuntzan ematen den saltorik delikatuena dela. Eta ez bakarrik eskola edo eskolaren formatua guztiz aldatzen delako, baizik eta pertsonalki ere, nerabeak diren heinean, oso egoera berezia bizitzen ari direlako. Trantsizio hori koordinatuta eta laguntzarekin egiten bada, bai familiaren eta bai eskolaren laguntzarekin, onuragarria da.
Zer hobetu behar da bi etapa horien arteko trantsizioa egiteko garaian?
Ikastetxe guztiek trantsizio planak garatu beharko lituzkete. Hor parte hartuko lukete Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta bigarren hezkuntzakoak. Zer jaso beharko luketen plan horiek? Informazioa pasatzea, eta, bereziki, LHko azken zikloko orientatzaileak, tutoreak eta ikasketa buruak koordinazio zuzena edukitzea DBH1eko tutoreekin, koordinatzaileekin... Orain, batzuetan, badituzte harrera planak, baina gertatzen dena da harrera plan horiek batzuetan ez daudela bateratuta bi ikastetxeen artean.
Eta ikasleak?
Trantsizio plan horrek bilduko luke ikasleekin zer egin, familiekin zer egin... Plan horrek alderdi guztiak jasoko lituzke.
Zer eskaini behar zaie ikasle horiei?
Ez naiz ausartzen irmoki esatera: «Hau egin behar litzateke». Proposatu diet LH6ko ikasleak urte osoan jada trantsizio horretan murgiltzen hastea. Orientazio lan bat egin behar dute tutoreek: azaldu DBHren ezaugarriak nolakoak diren, nola egiten den lan... Niretzat, oso garrantzitsua da bisitak egitea DBHko ikastetxeetara; ikastetxe horiek, tutoreak, datorren urteko irakasleak... ezagutzea. Askotan, institututik eskoletara etortzen dira ibilbidea kontatzera, zer aukeratu behar duten azaltzera... Hori baino interesgarriagoa da ikasleak ikastetxe berrira eramatea. Interesgarria izango litzateke ikasle ohiak—DBH2n edo DBH3n daudenak, adibidez— gonbidatzea testigantza emateko, kontatzeko nola izan den trantsizio hori.
Metodologian, ebaluazioan, irakasleen jardunean.. koherentziari eusten al diote LHtikDBHra?
Denetik dago, baina egia da gero eta gertuago daudela, eta, hemendik aurrera, espero dugu are gertuago egotea. Konpetentzietan oinarritutako metodologiarekin jada aspaldi hasi ginen, bereziki Lehen Hezkuntzan. Hori pixkanaka bigarren hezkuntzara eraman da, eta uste dut lagunduko duela koherentzia horri eusten. Gero, noski, ikastetxe bakoitzak bere metodologia, bere estrategiak, bere berariazko funtzionamendua, proiektuak... dauzka, eta hala behar du, tokian tokikoari erantzuteko. Automatikoki adjudikatzen diren ikastetxeen artean koordinazio handiagoa egongo da, noski.
Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Lege berria egiten ari den honetan, zer jaso behar luke testuak arlo horren inguruan?
Jardunaldietan, horretaz aritu gara. Etapen arteko zubiak eraiki behar dira, eta trantsizio horiek kudeatu, modu sistematizatu eta egituratu batean. Legeak hori jaso beharko luke.
Konponbidea izango litzateke HH, LH eta DBH eskaintzen duten ikastetxeak sortzea?
Eraikin berean egoteak lagundu dezake, baina ez du zertan beharrezkoa izan. Trantsizio plan onak diseinatu, garatu eta plan horiek aurrera eramateko izendatzen diren ikastetxe desberdinetako ordezkariek koordinazio ona egiten badute, nik ez diot arazorik ikusten.
Nerea Permach. EHUko irakaslea eta ikerlaria
«LHtik DBHrako jauzia oinarrizko hezkuntzako saltorik delikatuena da»
LHtik DBHrako trantsizioa eskolen artean koordinatu behar da, Permachen ustez, eta horretarako planak eskatu ditu. Iruditzen zaio «salto handiagoa» izaten dela ikasleak herriz aldatzen direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu