LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna den heinean, Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan ekintza andana eginen dituzte gaur. Santurtzin (Bizkaia) eta Zarautzen (Gipuzkoa), adibidez, ekintzak eta agerraldi instituzionalak eginen dituzte. Eginen diren agerraldietan parte hartzeko deia egin du EHGAMek: «Askatasunez eta bizitzeko behar ditugun baldintza materialekin biziko garen etorkizuna dugu xede, eta, horretarako, Euskal Herrian egunez egun sexu askapenerantz pausoak ematen jarraituko dugu».
Adierazi dutenez, ez dira hogei urte baino gehiago pasatu gaurko eguna mobilizazio egun bilakatu zenetik, eta hori baino lehenago hamarkada anitz pasatu zituzten indarkeriak salatzen, eta horiek desagerrarazteko beren gorputzak jartzen. «Horregatik, gaurkoan gogoan izan nahi dugu LGTBIfobiagatik jada gure artean ez dauden disidente sexual oro, LGTBIfobiaren ondorioz bizitzeko baldintza materialez desjabetuak (izan) garenak, eta baita egunerokotasunean LGTBIfobia sotilena pairatzen dugunak ere», borobildu dute.
Eraso horien guztien atzean pertsonak daudela erran dute, eta indartu egiten direla «komunikabide eta instituzioetan entzuten dituzten gorroto diskurtsoekin». Hortaz, ezinbertzekoa zaie jarrera horiei aurre egitea, ez banako gisa bakarrik, baizik eta baita sistema eta instituzio arduradun gisa ere. Hala, klase politikoari mezu bat igorri diote: «LGTBIfobia zuen ardura ere bada, eta, ondorioz, hori desagerrarazteko eta eragindako mina erreparatzeko, ezinbestean sexu askapen mugimendua entzun behar duzue». Funtsean, «posizionamendu argi bat» eskatu diete.
Elkarretaratzea Villabonan
Villabonan eraso zioten bikoteari eta bikotekideetako baten izebari «besarkada estuena» bidali diete: «Gaurko eguna gure gorputzetan dauzkagun orbain, zauri eta min horiek laztandu eta zaintzeko eta horien egileak direnak seinalatzeko eguna da! Aski dela esateko eguna da!». Villabonako eta Zizurkilgo udalek elkarretaratzera deitu dute gaur eguerdirako; Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere bertan egonen da. Bi udalek, Arartekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erasoa gaitzetsi dute.
Biktimek adierazi dutenaren arabera, jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik eraso zieten. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta haiengandik urruntzen saiatu ziren biktimak; bietako baten izebari muturreko bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan zen bikotea, eta orduan hasi ziren jipoiak. Herenegun jarri zuten salaketa. Erasoaren ondorio nabarmenenak mutiletako batek ditu: zauri bat du buruaren atzealdean, sudurra berriz osatu behar izan diote, eskumuturra puskatu zioten, eta ahoan ere hamabost puntu ditu. Bertze mutilak, berriz, hematomak eta ebakiak ditu, gehienbat. Biktimek diote «beldur» direla, erasotzaileek badakitelako salaketa jarri dutela. Adierazi dutenez, beraiek ez zuten deus ere egin jipoia jasotzeko; «bat-batean» gertatu zen.
Ikusi gehiago:Ikusgunek dio eraso LGTBIfobo gehienak toki publikoetan direla