Harrotasuna da gaur garaile karriketan; horren erantzule eta lekuko izan dira Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan deituriko manifestazioetan izandako milaka herritarrak. LGBTI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, sexu eta genero askatasunaren aldeko borrokaren egun seinalatua: jendeak ez du hutsik egin, eta ozen aditu dira komunitatearen aldarrikapenak. Bilbon, esaterako, transfobiaren kontrako mezuetan jarri dute indarra batik bat.
Transfobiaren aurrean, tinko. Konplizitaterik ez, hartu posizioa izan dute lelo nagusi Bizkaiko hiriburuan izandako mobilizazioan. 19:30ean abiatu dute martxa, Jesusen Bihotza plazatik. Banderak, afixak eta pankartak eskutan harturik, «harro» egin dute bidea ehunka pertsonak, aurpegietan ortzadarrak pintaturik horietako askok. «Harrotasuna ez dago salgai», ohartarazi dute.
Ikusi gehiago: LGTBI komunitatearen harrotasun egunarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk
Askotariko mezuak zabaldu dituzte protestan izandakoek. Homosexualen, bisexualen eta transexualen aldeko aldarriak ez ezik, beste zenbait auziri ere egiten diete erreferentzia herritarrek; mugei, atzerritartasun legeei eta prostituzioari, besteak beste. «Muga gutxiago, bollera gehiago», aditu da karriketan, bai eta «abolizioa ez da konponbidea» zioten oihuak ere.