Sergio Garcia (Gasteiz, 1975) Gasteizko Gazteria Zerbitzuko teknikaria da. Zerbitzua osatzen duten kideek ondorengo ikerketa argitaratu berri dute: Maskara, kuadrilla eta ezpain margoa. Pandemiak Gasteizko LGTBI gazteengan izandako eragina eta ondorioak aztertu dituzte txostenean. Izan ere, gazte askoren egoerak okerrera egin duela ondorioztatu dute, Garciak adierazi duenez.
Zergatik uste zenuten beharrezkoa zela Gasteizko LGTBI gazteen inguruko ikerketa txosten bat egitea?
Ikerketa hau pandemiak Gasteizko gazteen artean eragindako ezohiko egoerari erantzuteko plan baten barruan sartzen da; Erronka: Gazteak Gazte planaren barruan, hain zuzen. Horregatik, konfinamenduak, eta pandemiak orokorrean, gazteengan nola eragin zuen ikusita, aztertzea erabaki genuen. Ikerketa horietako baten emaitza da LGTBI+ gazteen inguruko txosten hau. Aurretik eginak zeuden beste ikerketa batzuetan ikusi genuen LGTBI+ gazteek besteek baino arazo gehiago izan dituztela izurritearen ondorioz. Besteak beste, gazte horien ezaugarriak ezagutu eta irtenbideak eta gomendioak proposatzea da txostenaren helburu nagusia.
LGTBI gazteekin eta hainbat kolektiborekin lan egiten duten pertsonak elkarrizketatu dituzue. Nolakoa izan da harremana?
21 gazteren, LGTBI+ kolektiboetako bi ordezkariren eta kolektibo horiekin harremana duten sei pertsonaren esperientziak eta gogoetak bildu ditugu. Uste dugu, gazteez gain, kolektiboekin lan egiten duten pertsonen esperientziak ere garrantzitsuak direla.
LGTBI gazteek pandemian harremanak garatzeko oztopo gehiago izan dituztela ondorioztatu duzue. Zergatik?
Izurri garaian, teknologia berriak erabili dituzte harremantzeko, baina, duten adinean eta egoera horretan, oso garrantzitsua da aurrez aurreko harremana izatea. Ondorioz, ikusi dugu gazte askoren egoerak okerrera egin duela, zuzeneko harreman horiek falta izan zaizkielako.
Konfinamendu garaian, nolakoa izan da gazte horiek etxekoekin izan duten harremana?
Kasu batzuetan, egoera zailak izan dituzte familiarekin, lehendik zituzten arazoak eta liskarrak areagotu egin direlako. Halere, izan dira senitartekoekin harremanak hobetu dituztenak ere; beren buruarengan pentsatzeko astia izan dute, baita familiarekin harremanak estutzeko ere.
Administrazio publikoaren geldialdiaren ondorioz, atzerapenak izan dira dokumentazio aldaketaren tramiteetan. Nola eragin die horrek sexu identitatea aldatzen ari diren pertsonei?
Oso gogorra izan da haientzat, eta izaten ari da oraindik ere. Halako prozedurak jarraian egitea da onena, eta pandemiarengatik eta konfinamenduarengatik tramite guztiak atzeratu edo eten egin dira. Eta konprobatu dugu halako prozesuetan dauden pertsonei asko eragin diela.
Pandemia garaian areagotu egin dira eraso LGTBIfobikoak?
Uste dugu portaera eta kasu puntualak izan direla gehienak, eta ez dago argi erasoak areagotu egin direnik. Bai, ordea, uste dugu agerian geratu direla; izan ere, komunikabideak eta gizartea, oro har, sentsibilizatuago daude. Hala ere, ikerketak agerian utzi du LGTBI+ pertsona batzuk ezin direla seguru ibili kalean momentu askotan.
Erreferentziak eta guneak falta zaizkie LGTBI gazteei?
Dokumentuak hori erakusten digu. Elkarrizketatu ditugun gazte askoren eskaera izan da guneak edo elkarteak behar dituztela haien egoerak partekatzeko. Orain ditugun gune eta elkarteak agian ez dira nahikoak.
Eta Gasteizko Udalak pentsatu du gazteentzako gune gehiago egokitzea edo sortzea?
Goizegi da ezer esateko. Horregatik, harremanetan jarriko gara lehenbizi udaleko eta beste erakunde batzuetako zerbitzu eta sailekin. Horrela, txostenean jaso ditugun ondorioak sozializatuko ditugu, beste erakundeek ere kontuan har ditzaten.
Zer transmititu nahi diezue, beraz, Gasteiztarrei txostenaren bidez?
Transmititu nahi dugu denok lan egin behar dugula hiri segurua izan dadin pertsona guztientzat.
Sergio Garcia. Gasteizko Gazteria zerbitzuko teknikaria
«LGTBI+ pertsona batzuek ezin dute kalean seguru ibili»
LGTBI gazteen egoera aztertu dute 'Maskarilla, kuadrilla eta ezpain margoa' txostenean. Egoerak okerrera egin duela ondorioztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu