LGTBI+ Euskal Behatokiak jakinarazi duenez, neska eta mutilez osaturiko talde batek egin zuen erasoa; besteak beste, gizon trans bat iraindu eta mehatxatu zuten. Aditzera eman dutenez, erasoak ez zuen «okerrera egin», erasotzaileen taldeko bi neskak «esku hartu» zutelako, eta erasoa pairatu zuten pertsonek haien ondotik alde egitea erabaki zutelako. «Neskek fisikoki geldiarazi zituzten erasotzaileak, baina aldi berean erasotzaileak justifikatu egin zituzten, mozkortuta zeudela esanez», azaldu du behatokiak, erasoaren berri emateko atera duen prentsa oharrean.
Nabarmendu nahi izan du tankerako eraso gehiago ere gertatu direla Bilbon berriki. Azaldu du, adibidez, hilaren 6an Bilboko artista drag bati «hitzez» eraso egin ziola gazte talde batek. Metroan izan zen, lanera zihoala. Era iraingarrian mintzatu zitzaizkion, eta larderia fisikoa ere pairatu zuen; soinean zeramatzan kaskoak kendu zizkioten, eta lekuz mugitzen ahalegindu zenean, heldu egin zioten, mugitzea galarazteko.
Gogoratu dute, halaber, uztailaren 25ean Boluetako Santana/Fever dantzalekuaren kanpoko aldean emakume trans gazte bat «nahita» harrapatu zuela gizon batek bere automobilarekin. Egoera kritikoan ospitaleratu zuten, bi hankak «txikituta». Familia esaten ari da erasotzailearen «motibazioak» zerikusia duela biktimaren sexu edo genero identitatearekin, eta ikerketa bat abian da hori argitzeko. Salatu dute bitartean sare sozialetan iruzkin «arrazista eta xenofobo» ugari plazaratu direla erasotzailea atxilotzen lagundu zuten pertsonen kontra, eta baita biktimaren aurka ere. «Biktimak eta haren senideek merezi duten errespetutik oso urrun daude».
Behatokiak aditzera eman duenez, haiek dakitela Bilboko Udalak ez du inolako «adierazpen publikorik» egin eraso horien harira.