Harrotasunaren Egunaren bezpera baliatu zuen Euskal LGTBI+ Behatokiak Eusko Legebiltzarrari lege integral bat galdegiteko. Bilbon aurkeztu zuten proposamena, atzo, eta Olga Alarcon kideak azaldu zuen «estalki» bat nahi dutela kolektiboaren giza eskubideak «behar bezala» bermatzeko eta herritarrak LGTBIfobiatik «babesteko».
LGTBI+ Behatokiak ohartarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa atzean geratu direla beste hainbat lurralderekin alderatuta. Alarconek egin du balorazioa: «Hogei urte baino gutxiagoan, Euskadi LGTBI+ kolektiboarentzat erreferentziazkoa eta aitzindaria izatetik azken putz izatera pasatu da». Horri buelta emateko asmoz, proposatu dute irailean Eusko Legebiltzarreko taldeek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LGTBI elkarte guztiek mahai bateratu bat eratzea lege integral bat onartzeko.
Legeak hainbat helburu izan behar dituela adierazi du LGTBI+ Behatokiak. LGTBI kolektiboko kideen «eguneroko diskriminazioa» eragoztea da horietako bat. Gainera, zenbait eremuren «heterogeneotasuna» bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Zahar etxeak dira horietako batzuk, «ez daitezen armairura itzuli erresidentzietara doazenean».
Gorrotoa, bizirik
LGTBI+ Behatokiak deitoratu du intersexualitatea oraindik patologiatzat hartzen dela, «eta ez giza aniztasunaren partetzat», eta irizpide ideologikoetan oinarriturik egiten direla zenbait kirurgia. Gainera, salatu dute gorroto delituek gora egin dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hainbat faktoreren ondorio da hori, LGTBI+ Behatokiaren ustez. Sarai Montes kideak egin du zerrenda: «Eskuin muturra erakundeetara heltzea, trans-ak baztertzen dituen feminismoaren joera totalitarioa, gure errealitatearen inguruko sentsibilitaterik ez duen sistema judiziala eta beste alde batera begiratu duten alderdi politikoen jarrera».
Emandako datuen arabera, LGTBI komunitateko kideen aurkako gorroto delituek %47 egin zuten gora 2020tik 2021era. Esan dutenez, delituen larritasuna bera ere handitu da. Montes: «Orain dela hamar urte, kolektibokook ez genukeen imajinatuko Euskal Herriko herri batean gazte bat jipoitu zezaketenik homosexuala izateagatik, eta orain dela gutxi gertatu da Basaurin».
LGTBI+ Behatokiak lege integral bat eskatu dio Eusko Legebiltzarrari
Salatu dute gorroto diskurtso eta delituen kopuruak eta larritasunak gora egin dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu