LGTBfobia gaitzetsiz, manifestazioak egin dituzte gaur arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Bizkaiko eta Gasteizko E28 koordinakundeak eta Donostiako koordinakunde transmaribibolloak deitutako manifestazioetara bildu direnek azkenaldian «indarkeria bolada» jasaten ari direla salatu dute, baita konponbideak exijitu ere.
«Balio tradizional eta arkaikoak» suntsitzeko garaia dela aldarrikatu dute protestetan. Azken asteetan LGTBfobia kasu ugari salatu dituzte, eta bereziki gogoan izan dute Coruñan (Galizia) duela astebete jipoitu eta hil zuten Samuel: «Ez da kasu bakana izan, den horregatik hil egin dute, marika izateagatik». Euskal Herrian izandako azken erasoak ere zerrendatu dituzte: «Ez da Samuel bakarrik: Basauriko eta Zornotzako jipoi homofoboak dira, Gasteizko eskola bateko pintaketa transfoboak eta nola eta zergatik hil behar gaituzten azaltzen duten Donostiako lau homofobo erasotzaileak, eta Murchanten hildako emakumea eta Younnesen erailketa arrazista ere badira». Hau da, «indarkeria bolada bat» bizitzen ari direla nabarmendu dute. «Gorrotoa eta amorrua sentitzen ditugu, eta ez kartzela ez ekintza punitibo bakar bat ere ez da nahikoa izango gu lasaitzeko».
Horiek horrela, ez daude isilik geratzeko: «Oraingoan, ezingo gaituzte isildu, aurrez aurre aurkituko gaituzte, ausart. Gero eta beldur gutxiago dugu».Eta justizia eskatu dute: «Justizia eskatzen dugu berarentzat [Samuelentzat] eta sistema zisheteropatriarkal, arrazista eta kapitalistak erail dituen denentzat. Utzi gu erasotzeari, utzi gu iraintzeari, utzi gu hiltzeari».
Egoera ikusita, antolatzeko garaia delakoan daude: «Eman diezazkiogun eskuak elkarri, antola gaitezen eta irten gaitezen elkarrekin kaleak erretzera». Manifestazioetan esan dutenez, jasaten duten indarkeria ez dator soilik pedagogiaren bidez alda daitezkeen «pentsamolde atzeratu eta erreakzionario batzuetatik»: «Ulertu behar dugu gure bizitzen errepresioak laguntzen duela kapitalismoa deitzen diogun ordena politiko, sozial eta ekonomikoa sendotzen». Hor suntsitzea dute xede: «Ulertu behar dugu ordena hori suntsituz bakarrik lor daitekeela benetako LGTB+ askapena».
Bazterretatik erdigunera
Hori horrela, erdigunera eraman nahi dituzte bazterretan daudenak: «Erdigunean jarri nahi ditugu arau patriarkaletik kanpo geratzen diren beste guztiak, periferietako eta ertzetako beste guztiak ezkutuan biziraun ahal izateko haien identitate afektibo-sexuala ezkutatzera behartuta daudenak».
Herritar «zisheterosexual antifaxista, antikapitalista eta iraultzaileentzako» mezua izan dute: «Marikak, transak, bollerak, ez binarioak eta zisheteroarauaren gainontzeko disidenteak biktimak ez ezik erantzunaren parte ere bagarela ulertzen duzuen eguna izango da benetan indarrak batuko ditugun eguna». Borrokara batzera ere deitu dituzte: «Jasaten dugun indarkeria sistematikoaren aurkako posizionamenduak behar ditugu, eta borroka honetan kide izan zaiteztela».Gainera, espazio seguruak ezinbestekotzat jo dituzte.
LGTB+ kolektiboa indarkeria bolada jasaten ari dela salatu dute
Manifestazioak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Galiziako hilketa homofoboa salatu dute, baita Euskal Herriko azken erasoak ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu