Tolosako (Okzitania) fiskaltzak ikerketapean jarri du Tom Dubois, adingabe batekin harremanak izaten saiatzea leporatuta. Pertsona ezaguna da Ipar Euskal Herrian, Jaka Horien mobilizazioetan lehen lerroan egon zen, eta 2022ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan Frantzia Intsumisoko hautagai izan zen seigarren hautesbarrutian.
Afera konplexua da Okzitaniako La Dépêche egunkariak atera duena. 2024ko ekainean 19 eta 20 urteko hainbat gaztek zepoan hartu zituzten hainbat gizon Grindr aplikazioaren bidez. Soslai faltsuak sortu zituzten, gizon helduekin sexu harremanak izateko prest ziren 14 urteko mutikoak zirela sinetsaraziz. Zitara agertzean, jipoia ematen zieten gizonei. Ekintza horiengatik epaitu zituzten, eta urtebeteko gibelapenezko presondegi zigorra ezarri zieten asteazkenean.
Baina ikerketa ez zen horretan gelditu. Epaiketa horretan biktima gisa parte hartu zuten gizonak ikertzen hasi ziren, eta Grindr aplikazioan adingabeekin ari zirela izan zituzten elkarrizketak eta bidali zituzten argazkiak aztertu. Hortik dator akusazioa. Harekin elkarrizketa zuen adingabearekin bildu eta autora gonbidatu izana leporatzen diote Duboisi.
France Bleu Pays Basque irratiari egindako adierazpenetan, haren kontrako akusazio oro ukatu du Frantzia Intsumisoko hautagai ohiak: «Erran dezakedan gauza bakarra da pertsona heldu batekin baizik ez naizela harremanean egon».