Irun eta Lezo-Errenteria (Gipuzkoa) geltokien arteko tren zerbitzua eten egingo dute maiatzaren 1etik 4ra bitartean, obrak direla eta. Egun horietan, autobusak jarriko dituzte bidaiarien joan-etorriak bermatzeko. Guztira, 311 bidaia egingo dituzte autobusek.
Irun eta Astigarraga lotzen dituen trenbide sarean hirugarren bidea eraikitzeko eta elektrifikatzeko lanak egiten ari da Adif; Bilbo, Gasteiz eta Donostia batuko dituen Abiadura Handiko Trenaren sarea osatzeko. Maiatzeko lau egun horietan Gaintxurizketako tunelaren zatian egingo dituzte egokitzapenak.
Lan horiek eragina izango dute aldiriko trenetan, baita distantzia ertaineko eta luzeko ibilbideetan ere. Autobus zerbitzu gehienak —288 bidaia— aldiriko zerbitzuetarako izango dira, eta gainontzeko 21ek distantzia erdiko eta luzeko trenen ibilbideak bermatuko dituzte.
Aldiriko zerbitzuetako eta distantzia ertaineko zerbitzua egingo duten autobusek ibilbide bera egingo dute: Lezo-Errenteriaren eta Irunen arteko ibilbidea —bi noranzkoetan–, Irungo Bentetan geratuta. Distantzia luzeko ibilbidean, ostera, Donostiatik Irunerako bidea egingo du autobusak, bi noranzkoetan.