Iruñeko Lezkairu auzoan, 56 familiak egin dute D ereduaren aldeko hautua aurtengo matrikulazio kanpainan. Horiek guztiek, baina, auzotik kanpora atera behar dute aurten —Arrosadiko Hegoalde ikastolara edo Mutiloako Irulegi ikastetxera, kasu askotan—, seme-alabek euskaraz ikas dezaten. Izan ere, Nafarroako Gobernuak ez du D ereduko lerrorik zabaldu auzoko Paderborn ikastetxe publiko berrian, hala eginen zuela iragarria zuen arren. Arrazoia? Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren esanetan, ez dagoela horretarako «eskaera nahikorik».
Horren gainean azalpenak eskatu dizkio EH Bilduko legebiltzarkide Eneka Maizek parlamentuan. Koalizio independentistaren irudiko, euskarazko eredua jartzeko «eskaera kopuru nahikoa» dago Lezkairun, «euskal komunitate sendo bat bizi delako auzo horretan», eta, hortaz, administrazioa izan da huts egin duena, «D eredua ez baita behar bezala iragarri». Maizek gaineratu du auzoko familiak izan direla, hain zuzen, kexu azaldu direnak.
Gimenok, aldiz, ukatu du gobernuak D ereduari buruzko informazio nahikoa eman ez duenik: «2022ko azaroan erabaki zen Lezkairun D eredua eskaintzea, aurrekontu itun baten barruan, eta 2023ko otsailean moldatu zen eskola mapa, horretarako modua emateko. Horren ostean, prentsa ohar bat bidali zuen gobernuak, eskaintza jakinarazteko».
Zenbait datu ere eman ditu Hezkuntza kontseilariak. Batetik, esan du Lezkairuko 56 familiak aukeratu dutela D eredua, «inguruko ikastetxeren batean». Horietatik, hiruk egin dute matrikula auzoko ikastetxe publikoan. Beste hemeretzi familiak, D eredua eskatu bai, baina ez zuten Paderborn lehen aukera gisa hautatu, eta beste zentro batzuetan eman dute izena. «Horiek guztiek bazekiten euskara eskaintzen zela Lezkairun, eta D ereduko lerro bat zabal zitekeen, denak Paderborn eskolan matrikulatu izan balira, baina ez dute zentro hori aukeratu», esan du.
«Euskararen arrastorik ez»
EH Bilduko eledunak ez ditu ontzat eman Gimenoren azalpenak, eta argudiatu du familiek ez zutela jaso D ereduaren gaineko informaziorik: «Otsailean, bilera informatiboak egin ziren auzoko familiekin. Bertan, ingelesezko eta alemanezko ereduak aipatu ziren, baina D ereduaren arrastorik ez». Are: euskarazko lerroari buruz galdezka joan ziren gurasoei «modu txarrean» erantzun zietela jakinarazi du. Ikastetxearen jarrera ezkorraz gain, gobernuaren rola ere kritikatu du: «D eredua jartzea ebatzi zenutenerako, berandu zen: jendeak aukeratua zuen ikastetxea».
Lezkairun D eredua jarri ez izana «eskari urriari» egotzi dio Gimenok
EH Bilduk esan du euskarazko aukera «ezkutatu» zaiela familiei. Auzoko 56 familiak egin dute D ereduan ikasteko eskaera, beste zentro batzuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu