Lezioa ikasi eta eman dute

Izan liteke Euskal Herritik kanpo jaio zirelako edo eskolan irakatsi ez zietelako. Baina milaka herritarrek heldu direla ikasi dute euskara. Aldapatsua izan arren, bideak merezi duelakoan daude.

Euskara ikasleak
Euskara ikasleak. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Euskalduna: Euskaraz dakiena, euskaraz mintzo dena. Horixe euskalduna definitzeko Euskaltzaindiaren modua. Ez dute aipatzen horien jatorririk, ez euskaldun jaio behar denik. Jakintza bat eta intentzio bat baino ez. 

Askotarikoak dira euskaldunak, baina badaude batzuk aparteko esfortzu bat egin dutenak: euskara heldutan ikasi dutenak, euskaldun izatea erabaki dutenak. Gainditu dituzte oztopoak, egin diete kontra aurreiritziei, beldurrei eta errezeloei. Jaso dute hizkuntza bat, eta, horrekin batera, baita bizimodu bat ere. Ikasi dute, baina baita irakatsi ere: zer den esfortzua, zer den konstantzia, zer den kontzientzia.

Horietako adibide batzuk baino ez dira hurrengoak, BERRIAk ekoitzitako Norberaren opera dokumentalean azaldutakoak.

Markos Tedin, kazetaria: «Euskara ikasten hasi nintzen bihotzak zerbait esan zidalako»

Markos Tedin
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Orain sei urte, Markos Tedinek (Olivos, Argentina, 1997) ez zekien euskara existitzen zenik; gaur, BERRIAko kazetaria da. 2018an gurutzatu zen euskara haren bizitzan; Athleticen sare sozialetan ezagutzen ez zuen hizkuntza bat ikusi zuen: «Esan nuen: ‘Hau zer da’?». Eta ikasteko gogoa sartu zitzaion.

Buenos Airesko euskal etxean eman zuen izena, eta euskara eskolak jasotzen hasi zen, 2018ko urriaren 2an: «Lehen eskolan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala». Hasieran gustatzen zitzaion hura pasio bihurtu zitzaion azkenean. Eta Donostiara etortzea erabaki zuen euskara ikasten hasi eta hiru hilabetera: «Donostiara heldu nintzenean, entzun nuen lehen elkarrizketa euskaraz izan zen; niretzat hori seinale bat izan zen».

Hilabete igarota, etxera itzuli zen, baina Euskal Herrira egindako bidaia akuilua izan zen euskaraz ikasten jarraitzeko: «Modu sutsuago batean hasi nintzen ikasten: etxean ordu pila bat egiten nituen, hasi nintzen zapatuetan ere eskoletara joaten... Lagunek esaten zidaten: ‘Baina zertan ari zara?’». Berak ere ez zekien zehazki: «Euskara ikasten hasi nintzen zerbait sentitu nuelako, bihotzak zerbait esan zidalako».

Ez zuen arrazoi argirik, baina ekinean segitu zuen, eta pandemia hasterako berriz Euskal Herrira etorri zen: «Hilabete batean egon nintzen Zornotzako barnetegian, eta uste dut hor hartu nuela hitz egiteko gaitasuna». COVID-19aren pandemiak Argentinan harrapatu zuen, baina ez zuen etsi: «Etxean ikasten aritu nintzen, jo eta ke». Eta pandemia pasatuta, berriro Euskal Herrira buelta; orduko hartan, EHUn master bat egitera. Euskaraz. «Banuen beldurra, pentsatzen bainuen agian ez nintzela gai izango dena ulertzeko edo ikaskideekin moldatzeko. Baina gai izan nintzen». EITBn sei hilabetez praktikak egin, eta Argentinara berriro.

Baina aukera bat sortu zitzaion, BERRIAn kazetari aritzeko: «Banekien BERRIAn egin nahi nuela lan; hori zen nire ametsa». Amestu eta bete. Baina: «Ametsak lortzeak beti ekartzen ditu gauza onak eta txarrak, zeren pentsatzen baituzu: ‘Orain zein izango da hurrengo pausoa?’». Erabakitzeko du, baina argi du euskarari eskutik emanda urratuko duela bidea: «Harrigarria da. Batzuetan pentsatzen dut: ‘Euskara ezagutu barik non egongo nintzateke?’. Ez dakit. Euskara ezagutu nuenean, gauzak oso argi eduki nituen, eta erabaki dut bide horri jarraitzea».

Marie Guillon, AEK-ko irakaslea: «Euskarari esker, orain nire oinak lurrean dira»

Marie Guillon
BERRIA
 

Batera eta bestera. Gaur han eta bihar hemen. Marie Guillon (Cholet, Frantzia, 1985) «anitz» mugitu izan zen haurtzaroan bere gurasoengatik: Nantesen bizi izan zen, Marseillan (Frantzia)... eta denboraldi batean, baita Baionan ere. Handik urte batzuetara erabaki zuen Baiona izango zuela bizitoki. Eta euskara bizimodu: «Nola txikitan anitz mugitzen nintzen, ez nuen sustrairik. Euskara ikasten hasi nintzelarik, hasi nintzen sustraiak ukaiten. Eta hori izugarri polita izan da; euskarari esker, orain nire oinak lurrean dira».

Itsasuko AEK-n (Lapurdi) ekin zion euskara ikasteari, ez zalantzarik gabe, ordea: «Ez nintzen euskara ikasteko zilegi sentitzen. Euskara niretzat altxor bat bezalakoa zen, eta pentsatzen nuen ez nuela eskubiderik mintzatzeko, ez nintzelako hemengoa». Zalantzak uxatu, eta euskaltegian hasi zen. Pixkanaka, egun on esateko gauza ez izateari utzi, eta B1 maila ere lortu zuen. 

Orduan tokatu zitzaion ikasgelaren beste aldera pasatzea, irakaslearen mahaian esertzea: «Lehen nire irakasle eta orain nire lankide denak egun batean deitu zidan erranez: ‘Irakasleak behar ditugu’. Nik esan nion: ‘Ez, B1 maila badut’. Esan zidaten lagunduko zidatela». Baiezkoa ematea erabaki zuen, eta pozik dago: «Bikaina izan da. Eskolak ematen hasi nintzelarik, enetako eskertzeko modu bat izan da».  Berak egin bezala, ikasleak ere pausoak ematera animatzen ditu: «Lehen beldur nintzen, eta orain ez; hori transmititzen saiatzen naiz ikasleei: mintzatu behar da». Euskara ikasten hasi zenez gero bizitza aldatu zaiolakoan dago: «Ene bizia euskara da: euskaraz lan egiten dut, lagunak euskaldunak dira... Orain, ez dut ikusten nire bizitza euskararik gabe». 

Arantzazu Jindriska Perez Fernandez: «A eredua debekatuko nuke; akats larria izan zen, eta hala da orain ere»

Arantzazu Jindriska
BERRIA

Euskal herritarra da Arantzazu Jindriska Perez Fernandez (Barakaldo, Bizkaia, 1987), bertan hazitakoa. Baina euskara ukatu zioten haurtzaroan; A ereduko eskola batean ikasi zuen, gazteleraz, eta euskara ikasgai bat baino ez zen: «Euskaratik oso urruti sentitzen nintzen». Eta ez zuen begi onez ikusten: «Esateak pena ematen dit, baina euskara oztopo baten moduan ikusten nuen, lan bat lortzeko oztopo baten moduan».

Alabaina, orain bost-sei urte euskara ikastea erabaki zuen. Hutsetik. Ikasten hasterako, irakasle batek proba bat eginarazi zion, eta harrituta geratu zen emaitzarekin: «Esan zidanean A1ean nengoela, pentsatu nuen: ‘Nola da posible? Eskolan ikasi nuen eta’. Zer lotsa’». Bi arrazoirengatik erabaki zuen urratsa egitea. Bat: bere buruarekin «zorrak kitatzeko». Eta bi: «Nire bikotekidea oso euskalduna da, eta garai hartan neure buruari esan nion: ‘Harekin gure hizkuntzan hitz egin nahi dut, euskaraz’». Euskara ikasteko erabakiak, hizkuntza bat ez ez ezik, mundu ikuskera bat ere eman zion: «Euskara ikasten hasi nintzenean, konturatu nintzen euskara ez zela arazoa; ni nintzen arazoa».

Argi du bere kasuan non zegoen arazo horren erroa: haurtzaroan bertan, eskolan. «Nik A eredua debekatuko nuke; akats larria izan zen, eta hala da orain ere», nabarmendu du. Baina zergatik? «Zure herria, hizkuntza eta kultura oso urruti sentitzeko modu bat da». Baina harrotzeko moduko aldaketa egin du: «Bidea, nahiz eta oso luzea izan, oso polita eta hunkigarria izan da. Oraintxe bertan euskaraz hitz egiten ari naiz denbora guztian, eta edozein momentu da ona euskaraz hitz egiteko».

Lucia Perez, hezitzailea: «Eremu ez-euskaldunean, ez dugu eskubiderik euskarari lotuta»

Lucia Perez
BERRIA

Nafarroako Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago Erribera. Bertan sortu zen eta bizi da Lucia Perez (Tutera, Nafarroa, 1968), euskara ofiziala ez den lurraldean, herritarrei euskara ukatzen dieten lurraldean.

Gaztaroan, euskaldun sentitzen zen, baina ez zekien euskaraz: «16 edo 17 urterekin hasi nintzen gazte talde batean, soldadutzaren aurka borrokatzen, feminismoaren alde... Eta, giro horretan, euskararekin ere hasi nintzen».

Hogeitaka urterekin eman zuen euskara ikasteko pausoa, AEK-n: «Kuadrilla bat egin genuen ia-ia. Asko ateratzen ginen, eta beti euskaraz hitz egiten genuen, nahiz eta gaizki hitz egin; beldurrik eta lotsarik gabe egiten genuen». Hasiera «oso polita» izan zela dio, baina dena ez da baikorra izan; bidean gainditu behar izan du oztoporik: «Beti ditugu arrazoi asko haserretzeko eta borrokatzeko. Adibidez, joan nintzen AEK-ko barnetegi batera Ondarroara, eta ordaintzen zuen bakarra ni nintzen; denek zuten diru laguntzaren bat. Erriberakoek beti gure kontura ikasi izan dugu, laguntzarik gabe». Horretan Euskararen Legeak eragina duelakoan dago: «Hemen, eremu ez-euskaldunean, ez dugu ezertarako eskubiderik euskarari lotuta».

Perezek, beraz, ez zuen haurtzarotik jaso euskara, baina bere seme-alabei opa zien. Horregatik, Fontellasen dagoen Argia ikastolara eraman zituen: «Ikastolak ondo funtzionatzen zuen, eta ez genuen erabaki beharrik izan; argi eta garbi geneukan ikastola aukera izugarria zela euskaraz ikasteko».

Uxoa Elustondo, erizaina: «Euskara da nire izaeraren ezaugarririk behinena»

Uxoa Elustondo
JON URBE / FOKU
 

«Euskara nire pasioa da, nire bizi ardatza eta nire izaeraren ezaugarririk behinena. Ni ez nintzateke ni izango, euskaraz ez banintz». Etxean jaso zuen euskara Uxoa Elustondok (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1986), baina une batean konturatu zen etxean eta eskolan ikasitakoarekin herren egiten ari zela.

22 urte-edo zituela izan zen. Erizain ari zen lanean: «Sentitu nuen erizaintzan euskaraz asko hitz egiten nuela, baina idaztean gazteleraz egiten nuen erabat». Eta zalantzak sortzen zitzaizkion euskararekin: «Nire hizkuntzaren aurrean zalantza horiek edukitzean, esaten nuen: ‘Hau ez da posible’». Euskal Filologia ikastea pentsatu zuen, baina, lan egoera tarteko, C2 maila ateratzeko prestatzea erabaki zuen: «Euskararekin berriro kontaktua edukitze aldera eta neure burua janzte aldera, C2a egiten hasi nintzen. Ikaragarri gozatu nuen, ikaragarri». Hain zegoen gustura, ezen 26 urterekin Euskal Filologia egiten hasi baitzen.

Izan ere, Elustondoren nahia beti izan da euskararen erregistro guztiak menderatzea, ahalik eta euskararik osoena izatea: «Iruditzen zait gure hizkuntzak duintasuna merezi duela; hizkuntza jaso baten jabe izateak ematen dio duintasuna, dotorezia eta prestigioa hizkuntza gisa». 

Elustondok euskara du pasio, eta erizaintza ogibide. Biak uztartzen saiatzen da, eta ezinbestekotzat dauka pazienteen hizkuntza eskubideak errespetatzea: «Pertsona batek bere hizkuntzan adierazten du ondoen, eta zerbait gertatzen baldin bazaio, berak eskubide guztia dauka bere hizkuntzan adierazteko. Bere herrian dago, ez da Madrilera joan. Ezin badugu gure hizkuntzan hitz egin, non hitz egin behar dugu? ». Horretarako neurriak galdegin ditu: «Euskara hizkuntza ofiziala da; hortaz, nahitaez bermatu behar da. Mediku edo erizain gisa lan egiteko, titulazio bat behar duzu; bada, berdin hizkuntzekin: euskara ez baldin badaukazu, ezin dezakezu lanik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.