Bazekiten neandartalak bizi izan zirela Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki kobazuloan, baina, orain arte, ez zekiten oso berandu arte iraun zutela Iberiar penintsularen iparraldean, gizaki modernoek ordezkatu aurretik. Ondorio hori atera duen ikerketa bat argitaratu berri du American Journal of Biological Anthropology aldizkariak. Bordeleko Unibertsitateko (Okzitania) Diego Lopez-Onaindiak zuzendu du ikerketa egin duen zientzialari taldea. Sare sozialetan adierazi duenez, kezkaturik dago AHTren lanek kobazuloan eragin duten kalteaz. «Ez dut ulertzen nola onartu daitekeen holakorik XXI. mendean gertatzea».
Lezetxiki 1927. urtean aurkitu zuten, eta Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak ikertu zuten 1956tik 1968ra arte. Arkeologoek hagin bat topatu zuten han 1963. urtean. Lurrazpiko zer geruzatan ikusita, ondorioztatu zuten neandertal batena zela.
Lopez-Onaindiak zuzenduriko ikerketan, berriz, hagina sakon aztertu dute, eta baieztatu dute neandertal heldu batena zela, eta Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoaren arteko mugan aurkitu zituztela. Ondorioztatu dute neandertal hura duela 57.000-32.000 urte bizi izan zela. Horrek esan nahi du «Ipar Iberiar penintsulako neandertal gazteenen artean» dagoela.
Gizakiaren nondik norakoak argitzeko Lezetxikik eman duen azken informazio baliotsua da. Lehen ere, zientziarako datu garrantzitsuak eman ditu Arrasateko harpe horrek. Lehen indusketetan, Behe Paleolitoko Homo heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa topatu zuten. 2016. urtean, hezur hori zuzenean datatu zuten, eta gutxienez 164 mila urte dituela ondorioztatu zuten. Gaur egun Euskal Herrian dagoen giza aztarnarik zaharrena da.
Albiste izan da kobazuloa azken orduetan, salatu baitute AHTaren tunel batek han kalteak egin dituela. Ikerturiko aldetik gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez.
Lopez-Onaindia ikertzaileak esan du informazio gehiagoren zain dagoela, «kobazuloak zer-nolako kalteak izan dituen» jakiteko.
1/12 (EUS) Gaur Lezetxikiko (Arrasate) Neandertal hortzen inguruan egindako azken ikerketa aurkeztu ahal izateaz pozik nago @PACEA_Bordeaux@univbordeaux@MSCActions@iphes@LabCerca@upvehu@UABBarcelona@UCLanthropologyhttps://t.co/YKnZKz92Dt@archeoMarinaLR@AlvaroLezetxikipic.twitter.com/2r18kqy53D
— Diego López Onaindia (@DLopezOnaindia) February 1, 2023
Udala, azalpen eske
Arrasateko Udalak azalpenak eskatu dizkio Lezetxikin eginiko kalteen «kausen eta erantzukizunen» inguruan. Azpiegitura eraikitzen ari den enpresa Espainiako Garraio Ministerioaren menpekoa da, eta udalak jakin nahi du tunela zulatu aurretik eremu horretan dagoen ondarearen inguruko txosten teknikorik egin ote duten, eta horren kopia ote duten.
Udalak gogoratu du Lezetxiki-Leibar ingurua «arkeologiaren aldetik babestu beharreko mendi gisa sailkatuta» dagoela, eta adierazi du kezkaturik dagoela «irudiek erakutsitako kalteengatik».
Udala harriturik agertu da, AHTaren planoen arabera tunelak aztarnategitik «urrun egon beharko lukeelako, eta ez aldamenean». Horregatik, inguruko lanen plano «zehatzak» eskatu dizkiote Adifi.
Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultur ondasun izendatu zuen Lezetxikiko aztarnategia iazko ekainean.