Zientzia

Letrak ez daitezen izan anabasa

Irakurtzeko eta idazteko aparteko zailtasunak izaten dituzte dislexikoek; BCBL ikerketa zentroan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte nahasmendu horren zioak argitzeko, eta kasko bat osatu nahi dute orain, hura soinean jantzi eta letrak hobeto bereizten irakasteko dislexikoei.

BCBL ikerketa zentroan burmuinak ikertzeko erabiltzen duten gailuetako bat. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Dislexia zailtasun bat da, arazo bat: nahasmendu bat. Irakurtzen hasten direnean agertzen zaie neska-mutil askori, irakurketa jori bat erdiesteko prozesuan». Grafemen eta fonemen arteko lotura bizkorra egin behar izaten da taxuz irakurtzen ikasteko, eta horixe prozesu «zaila» izaten da dislexikoentzat: horregatik, letrak anabasa izaten dira usu haientzat. BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroko zuzendari Manuel Carreirasenak dira argibideak. Propio garunean hizkuntza garatzeko izaten diren prozesuak aztertzen dituzte zentro horretan zientzialariek, eta asteon albiste bihurtu da haien proiektuetako bat. Izan ere, jakinarazi dute Europako Ikerkuntza Kontseiluaren beka bat erdietsi dutela, dislexikoei laguntzeko tresna bat garatzeko: kasko bat da, letrak ongi eta bizkor bereizten lagundu nahi diena. Proiektuaren oinarriak jarrita daude; ofizialki, irailaren 1ean hasiko dira horretan lanean.

«Arazo oso konplexua da dislexia. Ezin da esan huts-hutsean: 'dislexikoa zara' edo 'ez zara dislexikoa'. Tartean egoera mota pila bat daude. Badira zailtasun handiak dituzten pertsonak, arinagoak dituztenak...». Ezaugarri bat errepikatzen da beti: «Bizi osorako dira arazo horiek». Nahasmendua duten pertsonen garunean zer gertatzen den ulertzea da BCBLko ikertzaileen jomugetako bat, eta egin dituzte jada hainbat aurrerapauso bide horretan. «Badakigu arazo neurologiko bat dela, eta ikusi dugu aldeak daudela garuneko oszilazioetan; gure burmuina etengabe ari da seinaleak igortzen, eta ikusi dugu oszilazio horien hainbat frekuentzia bandatan dislexikoek ez dutela gainerakoek bezala funtzionatzen. Aurkikuntza horren berri eman dugu hainbat zientzia argitalpenetan, eta, orain, oinarri hori hartuta, ikusten ari gara nola entrena daitezkeen dislexikoak, haien garuneko funtzionamendua dislexiarik ez duten pertsonen funtzionamendura hurbil dadin». Aitortzen du, ordea, oraindik lauso artean daudela nahasmenduaren inguruko hainbat jakingarri. «Aurkitu dugun hori landu daitekeen bideetako bat da». Etorkizunean izango dira, seguruenera, gehiago.

«Autokontrola» helburu

Garuneko oszilazioetan aurkitutako berezitasun horri atxikita, dislexikoak horiek «autokontrolatzera» eraman nahi dituzte garatu nahi duten kaskoarekin. «Neska-mutil horien entrenamendua bilatzen du, oszilazio horiek muga jakin batzuetan ibil daitezen beti; izan ere, oszilazio horiek, estandar diren muga horietara eramaten badituzte, irakurmenean ere hobera egingo dute», azaldu du Carreirasek.

Hasiak dira lanean: «Garuneko oszilazio horien kontrola egiten lagunduko duen algoritmoa diseinatzen ari gara: hori da lehen urratsa. Algoritmoa garatu, eta funtzionatzen duela ikusi behar dugu; aztertu beharko dugu hainbat pertsonarekin: dislexikoekin eta dislexiarik ez dutenekin». Horixe izango da proiektuaren bihotza: algoritmo hori. Gero forma emango diote gailuari: elektrodo gutxi batzuk erabili nahi dituzte, eta horiekin tresna eramangarri bat egin nahi dute, arina, batera eta bestera eramateko erraza. «Bizikletan ibiltzeko erabiltzen diren kaskoen antzeko zerbait izango da, arina». Funtzionatuko duen esperantza dute, zientziaren oinarriak ahaztu gabe: frogatu arte ezingo da ziur jakin. «Eszeptikotasuna aintzat hartu behar da beti zientzian».

Kasko hori soinean, ordenagailuan propio horretarako doitutako programa bat erabiliz, garuneko oszilazioak komeni den eremuetara eramaten saiatuko dira dislexikoak. «Bolada batean entrenatu, eta pertsona horiek gainerakoen pareko garuneko oszilazioak izan ditzaketela ikustea da helburua, hori taxuz entrenatzea, modu automatiko batean atera dakien, kaskoa soinean eraman gabe ere». Hemezortzi hilabeteren buruan martxan nahi lukete gailua BCBLko adituek.

Baikorra da zentroko burua: «Baditugu hainbat lan aurreratuak: badakigu nola aztertu seinalea, eta algoritmoa garatzen ari gara feedback hori izateko». Haur eta nerabe erabiltzaileengan pentsatzen ari dira bereziki, baina heldu dislexikoentzat ere balio dezakeela uste du Carreirasek. «Oszilazioen aldaketa hori agertzen da ume zein helduetan; beraz, helduek ere sistema hori ez erabiltzeko motiborik ez dago».

Laguntza premian

BCBLko buruak sarri aipatzen du ikerketa zentroek aritu behar dutela gizartera begira, eta «itzuli» behar diotela jasotzen duten sostengua. Alde horretatik, dislexikoentzat tresna bat sortzea helburu garrantzitsutzat du. Adimen test oro ondo gainditzen dituztela gogorarazi du, baina irakurtzen hastean moldatzen direla trakets: ezinean. «Exekuzio kaskarra dute irakurtzen hastean; ez ahozkoan, edo ez bestelako azterketetan, baina zailtasun larriak dituzte irakurtzen hasten direnean».

Sufrimendua dakar horrek sarri askotan. «Ikusten dute ikaskideak aurrera doazela, eta haien ondoan zailtasunekin ari direla». Eskolek ikasle mota horien premiak aintzat hartu beharko lituzketela uste du. «Kontuan hartu behar lukete etsaminak ahoz egiteko aukera, edo dislexikoei denbora gehiago ematekoa: laguntza behar dute, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak ezin dira hesi gaindiezin bat izan haientzat». Izan ere, aparteko nekeak izan arren, eskura baliabide egokiak jartzen bazaizkie, aurrera egiten dute; alor akademikoan ere gora eginez zenbaitetan. «Badira unibertsitatera heldu diren ikasle dislexikoak. Entrenamenduarekin hobera egin daiteke».

Irakurtzeko zailtasunak izateak dakartzan arazoez ohartarazi du. «Egun, informazioaren gizartean bizi gara, irakurtzen ez dakiena gauza askotatik kanpo geratzen da; bigarren mailako herritar bihurtzen zara ia». Irakurketara hurbiltzeko ere sarri laguntza behar dutela esan du: zaila da hizkiak anabasa diren orriaren aurrean jartzea. «Eta fobia bat gainditu behar dute gehienek horren aurrean, irakurtzen dutenean bai baitakite onak ez diren zerbaitetan aritu beharko dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.